Unai Zubeldia
Geldirik daude lanak. “Eta horrela ezinezkoa da epeak betetzea”. 2015etik ari da obratan Adif, Renferen azpiegiturez arduratzen den enpresa, Irun eta Astigarraga artean abiadura handira egokituko den trenbide zabalera ezartzeko; baina, joan den martxotik, ez aurrera ez atzera daude lan horiek. Adifek Coprosa enpresari esleitu zizkion zati horretako lanak, 2019rako amaitzeko helburuarekin —Coprosaren esku gelditu ziren Irungo tren geltokian egin beharreko lanak ere—, baina, “likidezia arazoak tarteko”, hartzekodunen konkurtsora zihoala jakinarazi zuen Coprosak joan den otsailean.
Berehalakoa izan zen ondorioa: 2015 eta 2017 artean, 37 langile kontratatu zituen egoitza nagusia Oviedon (Espainia) daukan enpresak —lanak amaitu arteko kontratua egin zien langile gehienei—, eta kaleratu egin zituen guztiak. Langile horietako bat da Jose Joakin Etxaniz Toke azkoitiarra. 51 urte betetzear dela, egoera zailean gelditu da Etxaniz. Langabezian zegoen 2017ko urtarrilaren 2an ere, Coprosak kontratua egin zionean. “Baina, urtebeteko gorabehera hori salbu, 23 urte neramatzan obran lanean, topografo gisa”. Egoera nola konponduko den zain dago orain.
Eta ez dirudi irtenbidea samurra izango denik, labirintoan trabatuta baitaude Adif eta Coprosa, eta, ondorioz, baita kaleratutako langileak ere —Coprosak ez du adierazpenik egin nahi izan, eta Adifek Hitza-ri adierazi dio hartzekodunen konkurtsoa amaitutakoan hartuko duela erabakia—. 2018an lehertu da egoera, baina, Igor San Jose ELAko Gipuzkoako Eraikuntzako arduradunaren ustez, “herren” sortu zen proiektua. “Hasiera batean, 33 milioi euro inguruan lizitatu zituzten lanak, baina 20 milioi eurora jaitsi zuten gero kontratua, %40 gutxiago. Eurek ere bazekiten aurrekontu horrekin ezinezkoa zela lan horiek egitea, baina, tira…”. ELAko ordezkariak ezin du ulertu %40ko murrizketa onartu ondoren enpresa horrek berak proiektua kritikatu izana. “Ez da serioa. Bazekiten non sartzera zihoazen”. San Josek salatu du Coprosako ordezkariek eurek bilera batean onartu zutela “ia 18 milioi euro gehiagoko kostua” izango zutela lanek. “Eta guk ez dakigu 18, 12 edo zenbat gehiago izango diren, baina gertuagotik zaindu beharko lirateke kontu horiek. Kontrol zorrotzagoa behar da”. ELAko ordezkariak argi dauka Coprosa bezain errudun dela Adif. “Proiektua 20 milioi eurotan esleitzeagatik”. Eta langileak kaleratzeko arrazoiak mahai gainean “eta idatziz” jartzeko eskatu du. “Inork ez digu azaldu ezer”.
“Gau eta egun” lanean
Etxanizek azaldu duenez, “pare bat ingeniari eta topografo bat” hasi ziren lanean Irun eta Astigarraga arteko trenbide sarean, 2015ean. “Aurrekontua hainbeste estututa, lanak nola egingo zituzten aztertzen aritu ziren lehen bi urteetan”. 2017ko urtarrilaren 2an kontratatu zituzten Etxaniz eta beste hiru langile. “Tuneleko lanak hasi gabe zeuden artean”.
Gaintxurizketako tunela. Hain zuzen ere, horixe da Irun eta Astigarraga arteko lanen gune estrategikoetako bat, ingeniaritza lan sakona eskatzen duelako zati horrek. “Behin ikerketa lanak amaituta, Coprosak 2017ko ekainean kontratatu zituen langile gehienak, tuneleko lanak egiteko”. San Josek azaldu bezala, berezia da gune horretan egin beharreko lana, ez direlako ari trenbidea ezerezetik sortzen, aurretik dagoena egokitzen baizik. “Tuneleko lanen eraginez, hainbat tren bertan behera utzi zituzten hasieratik, bi norabide ez baizik bakarra dagoelako gune horretan, eta trabak eta atzerapenak sortzen ari da errealitate hori”. Lanak geldirik dauden bitartean, luzatu egingo da herritarrak jasaten ari diren kaltea.
Langile gehienak “gau eta egun” aritu dira lanean. “Gelditu ere egin gabe”. Baina Etxaniz, topografo laguntzaile gisa, berehala jabetu zen ezinezkoa zela zehaztuta zeuzkaten epeak gauzatzea. “Tunelean sei bat metro aurreratu beharra geneuzkan egunero euren epeak betetzeko, baina metro bat, metro eta erdi aurreratzen genuen gehienez. Ezinezkoa zen gehiago aurreratzea”.
Barruko lanak egiteko, makina edo robot berezi bat sartu zuten tunelean, “munduan bakarra edo bakarretakoa”, San Josek zehaztu duenez. Coprosak makina tunel erdian “nahita” utzi duen susmoa daukate bai Etxanizek eta baita San Josek ere. “Izan ere, enpresarena da makina, eta negoziazioan presioa egiteko beste bide bat da hori, bi hilabete beharko liratekeelako makina kanpora ateratzeko; bi hilabete eta diru asko”. Ateratzeko “berandu”, aurrera egiteko “dirurik ez”, denbora aurrera… “Eta jende asko deseroso. Lanekin aurrera egin nahiko du Adifek, errentagarritasuna eta diru gehiago nahiko ditu Coprosak… Eta, bitartean, langileak kalean. Langileak eta herritarrak erabiltzen ari dira, euren negozioak egiteko”.
ELAko ordezkariak adierazi duenez, Adifek berak makina erosteko asmoa izan dezakeen zurrumurruak zabaldu dira azken asteotan, “ondoren lanak beste enpresa bati esleitzeko; baina auskalo nola bukatuko den auzi hau”. Kaleratzeak “bidegabeak” direla iritzita —”lanak ez direlako amaitu, eta lanean aritu direlako orain gutxi arte”—, salaketa jarrita daukate langileek. “Baina luze joko du bide horrek”, azaldu du San Josek. “Ez ziren azaldu adostasuna lortzeko bilerara [Coprosa eta Adif], eta aurrera egin dugu epaiketarekin. Hori bai, auskalo noizko zehaztuko diguten eguna”.
Lanean aritu ziren bitartean hilabetero soldata jaso zutela argitu du azkoitiarrak. “Baina batzuk kanpotik etortzen ziren lanera, eta horietako batzuei ez zizkieten ordaintzen ez dietak, ez igandeetan lan egindako orduak, ez gauetakoak… Gastua besterik ez zeukaten, eta ez dauka zentzurik horrela lan egiteak”.
Precora agertu ere ez
Etxanizek ez daki Coprosari esleipena kendu eta beste enpresaren bati emanez gero erabaki horrek Irungo geltokiko lanei ere eragingo liekeen edo ez. “Baina argi daukat, beste enpresa bat sartuz gero, Coprosarentzat lanean ari ginen langileok kontratatu beharko gintuzketela, langile horiek dakigulako ondoen zer eta nola egin behar den”.
Alde horretatik, langileek hainbat kontzentrazio egin izan dituzte Gaintxurizketa gainean, soluzio eske. “Bai Coprosa eta bai Adif Precora ere deitu genituen bi aldiz, baina inor ez zen azaldu”, salatu du San Josek. Eusko Jaurlaritzaren bitartekaritza organoa da Preco. Pauso bat gehiago emanda, AHTa bera kritikatu du ELAko ordezkariak. “Euren negozioa gauzatzea, abiadura handiko trena eraikitzea, interes hori bakarrik daukate, eta, egungo tren sozialaren eskaeraren ondoan, beste muturrean dago proiektu hori”.
Leave a Reply