Elgoibarren frontoi berria nahi dute, eta, aldarrikapena herritarren gogoan fresko mantentzeko, pilota txapelketak antolatzen ari dira. 10 Bai plataforma ari da eskatzen frontoi berria, hamar koadrokoa eta estalia. Orain bi urte sortu zen plataforma, eta ordutik urtero pilota txapelketak antolatu izan ditu. Lehiaketetako bat joan den ostiralean bukatu zuten, eta oraintxe hasi dute bestea.
Eskuz binakako pilota txapelketaren txanda izan zen aurrena. Gizonezkoak aritu dira lehian, eta ostiralean jokatu zuten finala, herriko plazako frontoian. Finala astebete lehenago jokatu behar zuten, igandean, eta partida hasi ere egin zuten. Markagailua martxan jarri orduko, euria hasi zuen, ordea, eta atzeratu egin behar izan zuten. 10 Bai zioten elastikoekin jokatu zuten parte hartzaileek. Hala ari dira hasi berri den pala txapelketako neskak ere. Lau t’erdiko txapelketa ere prestatu dute, irailaren lehenengo astean abiatzeko.
Aldarrikapenak aldarrikapen, plataformako kideek badakite egoera ekonomikoagatik gaur-gaurkoz zaila dela frontoi berri bat egitea. Hala azaldu dio Jon Gerrikabeitiak Gipuzkoako Hitza-ri: “Badakigu gaur egun ez dela lehentasuna, baina ez dugu herritarrek beharra ahazterik nahi. Eta, gainera, pilota bultzatzeko modu bat ere bada hau”.
Plataformak erdigunean kokatutako frontoia nahi du, “jendea bertaratzera animatzeko eta kirola ikusgarri egiteko”. Pilota txapelketa ofizialak jokatzeko baldintzak beteko dituena izatea ere eskatzen du. Haien esanetan, frontoiari “erabilera asko” eman dakioke: “Ez dugu nahi frontoia pilotan jokatzeko bakarrik. Bertso txapelketak, antzerkiak… bertan egin litezke, gaur egungo antzokian 400 pertsona inguru sartzen direlako, ez gehiago”.
Udala ere frontoi berriaren alde
Kirol arloko azpiegituren beharra orokorragoa dela azpimarratu du Udal Kirol Patronatuko zuzendari Ramon Mujikak. Kiroldegia “txiki” gelditu dela azaldu dio Gipuzkoako Hitza-ri: “Elgoibartarren %40 kiroldegiko bazkide dira, eta igerilekuak lau kale bakarrik ditu, esaterako”. Hogei taldek baino gehiagok erabiltzen dituzte kiroldegiko kantxa “eta hau txiki gelditu da entrenamendu eta partida guztiak bertan egin ahal izateko. Horregatik Ikastolara eta Herri Eskolara joan behar izaten dute talde batzuk” adierazi du: “Haiek ere azpiegiturak handitzeko zain daude”. Dena dela, frontoiaren beharra udalak ere ikusten duela gaineratu.
Horregatik, bi aukera aztertu ditu Elgoibarko Udalak: gaur egungo kiroldegia berritzea edo beste kiroldegi bat egitea. Kiroldegia berritzearen eta beste bat egitearen arteko aldea “txikia” da “alde ekonomikotik begiratuta”. Gainera, oraingoa berritzea erabakiko balitz, herritarrek zerbitzu hori galduko lukete bi urtez, berrikuntzak egiten diren bitartean. “Hainbat bilera egin ditugu erabiltzaileekin, kirol elkarteekin, ikastetxeekin… Kiroldegi berria egitea egokiago ikusi da”.
Elgoibarko kirol azpiegiturak bi gunetan daude banatuta. Kiroldegia dago alde batetik, eta futbol zelaia, aire zabaleko igerilekuak eta hainbat kirol egiteko gelak bestetik. Azken gune hori herriko kanpoaldean dago, Mintxetan. Kiroldegi berria egingo balute, han egingo lukete, “dena gune bakar batean elkartuz”. Oraindik ez dute erabaki bat hartu, eta, gainera, ez dakite proiektua zehaztuta egon arren hura noiz gauzatu ahalko luketen, diru falta baitago momentu honetan: “Egungo krisiarekin, nork eman dezake data bat?”. Frontoiari dagokionez, kiroldegi berriaren proiektuak frontoia barruan hartzen duela azaldu du Mujikak. 10 Bai plataformaren eskaera gehiegizkoa iruditu zaio, ordea: “Frontoia erdigunean nahi dute, Mintxeta mendian omen dagoelako. Bada, elgoibartarrak mendira asko joango dira orduan, han baitaude futbol zelaia, kanpoko igerilekua eta beste hainbat kiroletako zerbitzuak”. Bi aldeak bildu izan dira: “Erdigunean frontoia non kokatuko luketen ere galdetu genien, baina erantzunik ez dugu jaso oraindik”. Ikuspuntu desberdinak izan arren, badirudi lehenago edo geroago frontoi berria izango duela Elgoibarrek.