Aitziber Arzallus
Ostiral arratsaldea da. Taldetxo bat elkartzen ari da Donostiako Ibaeta auzoko Espiritu Santuaren parrokiaren atzealdean. 19:30 puntuan, barrura sartu dira, gela batera, eta eseri egin dira, borobilean. Hemezortzi lagun bildu dira: hamahiru emakume eta bost gizon. “Kaixo. Jaione naiz [asmatutako izenak dira denak], eta alkoholikoa naiz. Edan gabe jarraitzen dut, eta ongi nago”, esan du haietako batek. “Kaixo, Jaione”, erantzun diote, aho batez. Liburu bat hartu du esku artean, eta irakurtzen hasi da, ozen. Esker onari eta onartzeari buruzkoa da gaurko irakurgaia.
Alkoholikoak dira denak, eta Alkoholiko Anonimoen batzar itxi batean daude —kazetari bati sartzen utzi dioten lehen aldia da—. Astelehenero, asteazkenero eta ostiralero biltzen dira, 19:30etik 21:00etara. Handik kanpora, bere bizitza du bakoitzak, gainontzekoen bizitzekin inolako zerikusirik gabea. Alkohola uzteko nahiak bakarrik batzen ditu.
Jaionek irakurgaia bukatu duenean, Amaiak hartu du hitza, bere hausnarketa besteekin partekatzeko. Hain zuzen, horixe egiten dute batzarretan: aurrena, euretako batek Alkoholiko Anonimoen literaturako testu bat irakurtzen du; eta, jarraian, irakurgaiaren inguruan gogoeta plazaratzen dute partaideek, txandaka, inork inor moztu gabe eta eztabaidetan sartu gabe. Nahi dutenek hitz egiten dute, eta gainontzekoek entzun egiten dute. “Hori da batzar hauetan elkarrekin komunikatzeko daukagun modua. Irakurgaitik abiatuta, besteekin partekatzen dugu gure esperientzia, bizitzakoa eta alkoholarekin izan duguna, eta horrek laguntzen digu edan gabe jarraitzen”, azaldu du Amaiak.
40 bat urte ditu Amaiak, eta kontatu du txiki-txikitatik izan dituela arazoak bere burua, bere ingurua eta ingurukoak onartzeko, eta horrexegatik eman ziola alkoholari, ihesbide gisa. “Gazte-gaztetan hasi nintzen drogekin eta alkoholarekin jolasean. Gehienek uste dute alkoholiko batek egun guztia edaten pasatzen duela, baina hori ez da beti horrela izaten. Nik ez nuen asko edaten; arazoa zen trago bat egiten nuenean eraldatu egiten nintzela, eta edan gabe sekula egingo ez nituzkeen gauzak egiten nituela”. Hamar urte dira Alkoholiko Anonimoen batzarretan parte hartzen hasi zela, eta ordutik ez du tantarik probatu. “Alkoholarekin nuen arazoagatik etorri nintzen hona, baina orain esan dezaket edateari uztea izan zela errazena, gero egin behar izan dudala benetako lana: neure burua onartu eta maitatzen ikastea. Lehen, alkoholarekin, ihes egiten nuen egunerokotik; orain, aurre egiten diet egunero sortzen zaizkidan arazoei eta gorabeherei. Egun bakoitza erronka bat da, eta edan gabe pasatzen dudan egun bakoitza, garaipen bat”.
Aitor 11 urterekin hasi zen edaten, eta pixka bat geroago drogak hartzen. 27 urterekin kartzelan sartu zuten, eta bost bider egon da psikiatrikoan. Ohetik jaiki orduko, tragoa behar izaten zuen. “Neure burua paretik kendu nahi nuen, eta ia lortu ere egin nuen, gibeleko minbizia diagnostikatu baitzidaten. Baina beldurtu egin nintzen, eta bizi egin nahi nuela erabaki nuen. Alkoholiko Anonimoetara etortzen hasi nintzen, eta gibeleko transplantea egin zidaten”. Hamar urte dira ordutik, eta guztiz bestelako bizimodua darama gaur egun. “Sekulako bakardadea sentitzen nuen hona iritsi nintzenean. Familia eta ingurukoak nirekin nituen, baina, hala ere, oso bakarrik sentitzen nintzen; alkohola nuen lagun bakarra. Hona iritsi eta ikusi nuenean ezagutzen ez nuen jendeak zer-nolako maitasuna eman zidan eta zenbateko enpatia erakutsi zidan, gelditzea erabaki nuen, niretzat ere itxaropenik egon zitekeela pentsarazi zidatelako”.
Jaione, aldiz, ez zen gelditu lehendabizikoan. Berandu hasi zen edaten, alaba nerabea zuela. “Beti izan naiz oso emakume borrokalaria, baina alkoholarekin ezin izan nuen; gain hartu zidan, eta erabat hondoratu ninduen. Egunari ekiteko tragoa behar izaten nuen, eta behin hasitakoan ezin izaten nintzen geratu. Egunero penagarri ailegatzen nintzen etxera, eta bakar-bakarrik gelditu nintzen, alabak ere alde egin baitzidan, ezin zelako egon nire ondoan”. Bazekien alkoholarekin arazoa zuela, baina asko kostatu zitzaion alkoholikoa zela onartzea, aita ere alkoholikoa izan zuelako. Batzar batera joan zen behin, baina, hura beretzat ez zela pentsatuta, alde egin zuen, eta ez zen itzuli hamar urte geroago arte. “42 kilo pisatzen nuen bigarren aldiz etorri nintzenean. Ispilura begiratu eta nazka ematen zidan neure buruak; hutsune ikaragarria sentitzen nuen barruan. Bete-betean asmatu zuen alkoholismoa arimaren gaixotasuna zela esan zuenak”.
Hasieran, sufrimendua
Lehen urtea “oso gogorra” izan zela gogoratu du: “Edan gabe pasatzen nuen egun bakoitzeko X bat egiten nuen egutegian; niretzat garaipen handia zen 24 ordu edan gabe pasatzea”. 11 urte pasatu dira ordutik, eta beste emakume bat da gaur egun. Urteotan jaso duen laguntza eta ikasi duen guztia beste batzuei ematen saiatzen da orain, eta zoriontsu egiten du horrek. “Dena dela, erne egon behar dugu beti, alkoholikoak bizitza guztirako baikara alkoholiko. Badakit egunen batean trago bat hartuko banu ezingo niokeela edateari utzi, eta hondoa joko nukeela berriz, inguruko guztiekin. Horregatik, desoreka gaitzakeen zerbait gertatzen zaigunean, telefonoa hartu, eta Alkoholiko Anonimoetako kideren bati deitzen diogu guk. Orain, baliabide gehiago dugu trantze horietatik ateratzeko”.
Edurnek ere berandu ekin zion edateari, semeak haziak zituenean. Etxean edaten zuen, bakarrik eta ezkutuan. Ia 30 urte igaro eta gero, Alkoholiko Anonimoetara joatea erabaki zuen, eta hogei urte daramatza jada astean hirutan ia hutsik egin gabe. 83 urte ditu. Aldiz, 32 urte baino ez ditu Itziarrek, eta urte eta erdi daramatza batzarretara joaten. “Nik asteburuetan bakarrik edaten nuen, baina hasten nintzenean ezin izaten nintzen gelditu. Antsietate handiz edaten nuen, erori arte”. Orain badaki bere buruarekiko ziurgabetasunek bultzatzen zutela horretara.
Martin, berriz, lotsa galtzeko hasi zen edaten. “Neure kabuz ez nintzen gai ezer egiteko; lotsa eta beldurra ematen zidan denak. Pare bat tragorekin askoz erosoago sentitzen nintzelako hasi nintzen, baina hasitakoan ezin izaten nintzen gelditu”.
Pertsona adina istorio daude. Mendekotasunek ez dutelako ezagutzen sexurik, adinik, klase sozialik edota jatorririk.
Leave a Reply