Joana Garmendia: “Ironia beti erabiltzen dugu atximur txiki bat egiteko”

Joana Garmendia: “Ironia beti erabiltzen dugu atximur txiki bat egiteko”

Eider Goenaga Lizaso

Beste askok bezala, filosofiako doktoretza egiten hasi zenean zehaztu behar izan zuen ikerketa gaia Joana Garmendiak (Anoeta, 1978). Hizkuntzaren filosofia beti gustuko izan duela dio, eta horregatik erabaki zuela ironiaren azterketa egitea. Hainbat teoria daude ironiari buruz, baina tesian bere teoria propioa garatu zuen Garmendiak. Haren arabera, zerbait negatiboa esateko eta kritika egiteko erabiltzen da beti ironia.

Cambridgeko Unibertsitatearen eskariz ironiari buruz egindako liburua aurkeztu berri duzu. Nola iritsi zitzaizun enkargu hori?

Key Topics in Semantics and Pragmatics izeneko saila du Cambridgeko Unibertsitateak, eta liburu bakoitzean gai bat aztertzen da pragmatikaren ikuspegitik. Duela lau urte eskatu zidaten ironiari buruzkoa egiteko. Nire izena proposatu zien norbaitek, eta sorpresa handia izan zen niretzat. Ikerketa mailan, doktoretzarekin hastera doan jendeari zuzendutako lan bat da. Nahiko liburu teknikoa da, baina adibide eta ariketa pila bat ditu. Ironiari buruz pragmatikan egin diren lan gehienak biltzen saiatu naiz, dauden teoria ezberdinak jasotzen.

Ironiari buruz egin zenuen tesia; haren jarraipena da hau?

Ironia esplikatzeko teoria baten proposamena izan zen nire tesia, asif theory deiturikoa. Hamar urte geroago, nik jarraitzen dut teoria hura defenditzen eta fintzen, baina ironiari buruzko teoria guztiak jaso ditut liburuan.

Zergatik ironia?

Betidanik izan dut gogoko hizkuntzaren filosofia, eta gai bat hautatu behar nuen doktoretzan. Pragmatikan oso inportantea da ironia; fenomeno berezia da, eta lan asko egiten da horri buruz. Baina, oraindik, asko dago argitzeko, etagai mamitsua iruditu zitzaigun nire zuzendari Kepa Kortari eta bioi. Buru-belarri lanean ari naiz ordutik.

Zergatik du halako garrantzia?

Hitzak, arauak, gramatika eta beste aztertzen dituzte hizkuntzalariek, eta pragmatikak ekintza bezala aztertzen du hizketa. Hitz egiten dugunean, normalean, esan nahi duguna ez dugu beti literalki adierazten. Adibidez, umeak oheratzean, ez dugu esaten “ohera joan behar duzu”; “berandu da”, “bihar ikastolara joan behar duzu” eta halakoak esaten zaizkie, eta ulertzen dute ohera joan behar dutela. Hori aztertzen du pragmatikak, eta adibide muturrekoenetako bat da ironia. Pragmatikaren teoria handi guztiek aztertu dute ironia.

Eta zer dio asif theory-k?

Ironian, ez dugu esaten esaten ari garela dirudien hori, esango bagenu bezala egiten dugu —hortik dator as-if teoria—, baina zerbait oso diferentea komunikatzen dugu. Nire teorian badago puntu berezi bat, beste teorietatik ezberdintzen duena, eta da, nire ustez, ironiak beti zerbait negatiboa komunikatzen duela. Ia inor ez dago konforme; beste teoria gehienek diote zerbait positiboa ere komunika daitekeela, baina nik uste dut ironia beti erabiltzen dugula atximur txiki bat egiteko, kritika bat egiteko.

Ezkorra da ironia?

Ezkorra ez dakit, baina bai kritikoa. Egia da zerbait positiboa ere adieraz dezakeela, grazia eta umorea adibidez, baina beti du zerbait kritikotik.

Konturatu gabe ere erabiltzen dugu ironia?

Bai, askotan. Badaude pertsona oso ironikoak, eta badaude ironia ulertzea kostatzen zaienak ere; baina, gehiago edo gutxiago, guztion bizitzaren parte da. Nork ez du esan inoiz “ederra eguraldia!”, euria ari duenean?

Pertsonak noiz hasten dira ironia erabiltzen?

Umeek 5-6 urte arte ez dute erabiltzen ironia. Aurretik ez dira gai ironia ulertzeko. Azterketa pila bat egin dira, umeekin eta autismo maila altua dutenekin. Umeei, adibidez, jartzen diete zerbait egia dena, zerbait gezurra dena, zerbait metaforikoa dena eta zerbait ironikoa, eta ironia da gehien kostatzen zaiena, beranduena harrapatzen dutena.

Ironia ulertzeko komeni da testuinguru sozial edo kultural komun bat egotea?

Laguntzen du. Ironia batzuk edonon ulertzen dira; eguraldiari buruzko hori berdin ulertzen da Txinan, Australian edo Euskal Herrian. Baina egia da ironiak asko tiratzen duela ezagutza partekatua deitzen diogunetik; elkarri buruz dakiguna, elkarrengandik espero duguna… Esan gabe esateko modu bat denez, zenbat eta gehiago partekatu, orduan eta errazago erabiltzen da.

Ironia ulertzeko nahikoa dira hitzak edo lagundu egin behar zaie hitzei?

Ez da beharrezkoa, baina lagundu egiten zaie normalean. Tonua aldatzen dugu askotan, edo antzeztu, markatu… arrastoak deitzen diegu; gaizki-ulertuak saihesteko, markatu egiten dugulako ironia dela. Eta normala da; izan ere, ironiarekin kritikatzen ari gara, eta, gainera, zeharka ari gara kritikatzen… Ironia erabiltzeak badu gaizki ulertua izateko arriskua.

Oso ironiko izateak zerbait esan nahi du pertsona horri buruz?

Aristotelesek umore finarekin lotzen zuen ironia. Gure artean ere ez dago gaizki ikusia. Ironikoa dela esaten zaio ironia erabiltzen duen pertsonari; baina metaforak erabiltzen dituen bati ez zaio metaforikoa dela esaten, edo literalki hitz egiten duenari ez zaio literala dela esaten. Beraz, ematen du ironia bai hartzen dela pertsona horren izaera definitzen duen elementu edo balio gisa.

Ironia uler daiteke era batera baino gehiagotara?

Ironia erabiltzen duenak, arrastoen bidez, bideratu egiten du komunikazioa esan nahi duen horretara, eta, berez, ezin da beste gauza bat interpretatu; bestela, tranpa egiten ari zara.

Leave a Reply

Your email address will not be published.