Danel Agirre
Zuri ez zaizu gertatuko, akaso, baina guri ez zaizkigu paradoxak eta kontraesanak kabitu ere egiten etxean. Trapua pasatzea gorrotatu arren, esaterako, garbitasunaren fanatikoak gara, eta sarriegi pilatu ohi zaigun zikinkeriak zeharo adoregabetzen gaitu. Blokeo egoeran gaude aspaldi. Erantzule nagusiak? Nire nagikeria bokaziozkoa eta kutsakorra, eta sekula sinetsi ez ditudan eta fartsa batean bizitzen jarraitzea ahalbidetzen didaten bost pezetako printzipio absurdoak.
Berdintasunezko harremanen %92tan gertatu ohi den moduan, behetik parekatu gara biok. Nire pasibotasuna imitatzen bukatu du berak, ni bere ganorarekin lotsatu eta suspertu ordez. Jendeak hortik darabiltzan estandarren arabera, ez gabiltza hain gaizki ere: egongelaren txukuntasuna goretsi ohi dute bisitek, urrutira joan gabe. Guri horrek ez digu piperrik balio, ordea, eta txakurra daukagunetik are gutxiago. Hautsak jango gaituen susmoarekin bizi gara. Dudan jarrera ikusita, eta ika-mikarako gogorik gabe, proposamen bat egin zidan lehengoan.
Garbitzailea etor dadin nahi nuke, ekin zion, astean behin edo. Gure diru-sarrerak apal antzekoak dira, baina zorrik ere ez dugu, arrazoitu zidan, eta sekula inora joaten ez garenez, alokairuaz gain apartatu ahal genuke hilero beste pixka bat. Arrazoi zuen. Egiari zor, ez litzateke halako esfortzua ere, austeritatearen txipa jarrita daramagu biok. Protestantismoan hezitakoa da bera, euskal prentsan zaildutakoa ni.
Zein eragozpen ipiniko nion ederki zekien aldez aurretik, originaltasuna —ere— ez dago nire bertuteen artean. Guk egin nahi ez dugun zerbaitetarako guk jaso nahi ez genukeen lansaria eskaintzea immorala da, ekin nion mitinari. Baina zain neukan bera, eta komuneko azulejuekin batera gure kontzientziari distira ateratzeko irtenbidea pentsatua zuen. Hirian sektore horretan ohikoa dena baino gehiago ordain dezakegu, orduko 16 edo 18 euro beharrean, 25, adibidez, hausnartu zuen. Leiho guztiz opakoak izateko pare bat aste baino falta ez zaigula jabetu, sukaldeko espezia potoak apalera itsatsita geratu direla gogoratu, eta baietz erantzuteko irrikaz izan nintzen. Baina egoaren trikimailu anker horietako bat dela medio, duin plantak egiten bukatu nuen.
Garbitzea inori gustatzen zaionik ez dut sinesten, ekin nion, ahots ez oso sendoz. Eta nire pentsamoldearen funts nagusia da soilik dirua eskuratzeagatik ez lukeela inork jarduera ezatseginetan aritu behar. Garbiketak, definizioz, auzolanean egitekoak dira. Beste guztia norberaren botereaz abusatzea da, azpitik dagoenaren etsipena baten kakak garbitzeko baliatzea. Tira, badakit bulegoetan eta parkean ere garbitzaileak aritzen direla, baina etxerako bat kontratatzerik ez nioke neure buruari onartu nahi. Norbaiti gure denbora berea baino baliotsuagoa dela esatea litzateke. Bizitza hobe doakigulako, bi ordu zineman pasatzea merezi dugula uste izatea; pertsona horrek gure sukaldean belauniko pasatuko dituelako libratu dizkigun bi ordu horiexek, hain justu.
Ezagutzen dudanetik lehenbizikoz, benetako nazka aurpegiarekin begiratu zidan, eta oraingoz ez dit gaia berriz aipatu. Susmatzen ez duena da teoria purtzil horiek guztiak irensteko desiratzen nagoela. Ze, bitartean, nire erruagatik etxeak zerri jarraitzen du, noski. Gure gusturako, behintzat.
Leave a Reply