Espainiak 1998ko Munduko Kopan partida bat 2-3 galdu eta gero norbaitek herriko plazan afixa erraldoia paratu zuela gogoan dut. Eskerrik asko, Nigeria zioen, borreroari gorazarre eginez. Andoni Zubizarreta independentista sutsua dela argi geratu zen Naoned-en jokatutako neurketan; bere atera zihoazenak gelditu ez, eta kanporako norabidea zuten baloiak ere barrura sartu zituen. Askok hartu genien halako begikotasun bat nigeriar haiei: golak dantza ikusgarriekin ospatzen zituzten, eta jokalarien izenei euskaldun traza hartzen genien, hainbeste k-rekin. Uda garaian Amokachi animatzeak bazeukan halako grazia berezia, “en Euskal Herria también amamos katxi” ozen oihukatuz.
Garai gozoak ziren haiek lurralde periferikoetan. EAJk, modu harrigarrian, Javier Clemente espioia Espainiako aulkitxoan urte luzez mantentzea lortu zuen, eta dena zen desgrazia La Roja inork deitzen ez zion talde harentzat. Tiki-taka delakoa asmatzeke zegoen, eta furia española-ren bolada zen. Oso selekzio matxoa zen hura, baina beti negar batean bukatzen zuena. Bazuen bere grazia.
Oraingo txantxa hau berriz gehiegi luzatzen ari da. Espainiak lehenengo Eurokopa irabazi zuenean, halako jakin-min bat nuen, herrietan-eta batere ospatuko ote zen jakiteko. Finalaren hurrengo egunean Andoaingo plazan bi haur elastiko gorri distiratsuarekin jolasean ikusi nituen, eta ederki asko iruditu zitzaidan, normalizazioaren izenean. Munduko Kopa irabazitakoan, berriz, garrasi eta petardo festa izan genuen gure kalean. “Madrildik etorritako udatiarrak”, pentsatu nuen orduan, inuzente. Aurten ere itzuli dira etxafuegoak, noski. Eta jada konturatu naiz pizten dituztenak ez direla oso urrunekoak.
Frantziaren aurka Eurokopan jokatutako final-laurdena zapatuko txikiteoko orduan egokitu zen. Halako bi aurkari biltzen dituen partida batean euskaldun jatorrok epaileak irabaztea nahi izaten dugu, baina hori ez da sekula gertatzen. Hirugarren tabernara iristerako Xabi Alonsok gol ederra sartu zuen. Nik kroketa muturra eta kaña nituen esku bakoitzean, eta ezin izan nuen txalorik egin. Telebistatik hurbilago zegoen morroi batek, ordea, ez zuen bere barrenaren bulkada gelditzerik izan, eta esku-zarta pare bat ihesi zitzaion. Salegi lepo beteta zegoen, baina segituan bere inguruan halako segurtasunezko perimetro bat ireki zen. Azkar konturatu zen hura, baina ez zuen urduritasunik azaldu, plazagizon. “Hi, Tolosakoa duk, joder!”, aldarri egin eta partidari so jarraitu zuen.