Aitziber Arzallus
Hiriburutza proiektuak ezagutu duen hirugarren alkatea da Eneko Goia jeltzalea (Donostia, 1971). Iazko ekainaren 13an izendatu zuten alkate, eta, horrenbestez, baita Donostia 2016 Fundazioaren patronatuko presidente ere.
Iritsi da 2016a. Dena prest kultur hiriburutzari ekiteko?
Bai. Nik uste gauza nagusiak behintzat prest ditugula. Dena den, ez dugu ahaztu behar 2016. urteak 366 egun dituela. Gauza bat urtearen hasiera da, eta horretarako dena prest dago, baina programa gauzatzeko urte guztian egin beharko dugu lan.
Nolako urtea izango da?
Urte garrantzitsua izango da Donostiarentzat. Urte oso bizia, gauza askorekin, programazio oso zabalarekin. Esperientzia paregabea donostiarrontzat eta ezagutu nahi gaituen ororentzat.
Zein dira orain erronka nagusiak? Proiektua finantzatzeari buruzkoak agian?
Erronka nagusia proiektua egia bihurtzea da, praktikara eramatea, eta hiria horretarako prest izatea. Finantzaketari dagokionez, gehientsuena ziurtatuta dago, oraindik zenbait babesle pribatu lortzen saiatuko garen arren.
Inaugurazio indartsua prestatu duzue. Zergatik? Horren garrantzitsua al da lehen irudi hori?
Lehen irudiak asko baldintzatu dezake urte osoa. Indartsu hasteak, kanpora begira izan dezakeen eraginaz gain, hiritarrak inplikatzeko ere balio dezake. Hiritarrekin konektatzeko modu bat da, ilusioa sortzeko modu bat.
Ika-mika politikoengatik, estualdi dezente izan ditu proiektuak. Inoiz izan da bertan behera gelditzeko benetako arriskuan?
Ez dakit hainbesterainoko arriskurik izan dugun, baina egia da momentu oso delikatuak pasatu ditugula. Zalantzarik gabe, delikatuena 2014ko apirilean izan genuen, aurreko zuzendariak kargua utzi zuenean. Momentu hartan, Donostia 2016ko bulegoko zenbait langilek aurrerapausoa eman zuten, eta horri esker egin ahal izan zen aurrera.
Oztopoak oztopo, aurrera ateratzeko gai izan zarete. Zer iritzi duzu orain arteko lanaz?
Lan gogorra izan da, proiektua oso konplexua baita. Balioak lantzen dituenez, zaila da emaitzak ikustea. Baina hor dago Donostiak duen proiektuaren edertasuna.
Zer izan da zailena?
Batetik bestera mugitu behar izatea eta jendearekin egotea. Batetik bestera mugitzeak denbora asko eskatzen du, baina behar-beharrezkoa zen proiektua Europan eta beste hiri batzuetan ezagutzera ematea. Bestalde, jende eta eragile askok ekarpenak egin nahi izan dituzte, eta guztiekin egoteak lan handia eskatu du.
Herritar askori dezente kostatu zaio hiriburutza zer den ulertzea. Zergatik gertatu da hori?
Balioak lantzea zailagoa delako azpiegiturak eraikitzea baino. Kultur etxe, antzoki edo museo bat eraikitzea zer den segituan ulertu daiteke, baina nola landu daiteke bizikidetza? Edo, hobeto esanda, nola erabil dezakegu kultura elkarrekin bizitzen ikasteko? Horretan, prozesuek garrantzi handiagoa dute emaitzek baino, baina emaitzak errazago ikusten dira prozesuak baino.
Gaur, donostiarrek ba al dakite zer den Donostia 2016?
Oraindik komunikatzeko lan asko geratzen da, baina programako gauza jakinek bide horretan laguntzen dute. Adibidez, hasierako ekitaldiak jadanik ezagunak dira, eta hor hasten da proiektua lurreratzen. Edozein moduz, donostiarrek ulertu dute Donostia 2016 hiriarentzat erakusleiho bat dela, beste gauza askoren artean.
Herritarren parte hartzea bultzatu duzue hasieratik. Pozik izandako erantzunarekin?
Bai, herritarrek gogoa dute. Nik askotan esaten dut donostiarrok daukagun harrotasun puntuak asko laguntzen duela horretan. Ez dugu aukera hau pasatzen utzi nahi, eta, jakina, gure hiria merezi duen lekuan utzi nahi dugu. Hori oso indar boteretsua da.
Han eta hemen izan zarete egitasmoa aurkezten. Zer-nolako harrera egin dizuete?
Bikaina. Hiriak berak eta hiriak dituen indarguneek asko laguntzen dute, Donostia benetan erakargarria delako. Horretaz gain, proiektuaren edukiak izugarrizko egunerokotasuna dauka, batez ere Europan. Bizi garen egoera zaila ikusita, bizikidetzarako tresna gisa kultura eskaintzeak indar handia dauka. Proiektua prestatu zenean, gurean genuen gatazkari erantzuna emateko modu gisa prestatu zen, baina, orain, munduak duen gatazkari erantzun bat emateko esperientzia bilakatu zaigu.
Kritikoenek diote kultura aitzakia dela, eta Donostiara inbertsioak erakartzea helburua.
Ez nator bat balorazio horiekin. Ez dut uste kultura eta inbertsioak erakartzea gauza kontrajarriak direnik. Kultura hiriburu izateak gauza asko ekarri ditzake Donostiarentzat: sortzaileei aukerak eskaintzea eta egiten dakiguna eta garena ezagutzera ematea, besteak beste. Hiri guztiarentzat izango den aberastasuna, azken finean.
Bisitari kopurua zenbat handitzea espero duzue?
Donostiak turismoan gorakako joera izan du azken urteotan, eta aurten ere horrela izango dela dirudi. Ez bakarrik kultura hiriburua izango garelako, bestela ere bai. Kultura hiriburu izateak lagundu dezake, ordea, bisitari mota jakin bat erakartzen: kultura bilatzen duen bisitaria, aisia bilatzen duena baino gehiago. Eta hori oso interesgarria da hiriarentzat. Edozein moduz, gure hiriak turismoaren hazkunderako aukera mugatua du, eta kontuz ibili beharra daukagu, oreka galdu gabe.
Proiektuak zer utziko dio hiriari?
Espero dut elkarrekin bizitzen ikasteko, gauzak egiteko modu berriak topatzeko eta gure hiriak eta gure herriak munduan duten irudia hobetzeko balio dezala.
Leave a Reply