Sofan etzanda, euskara bultzatzeko

Leire Narbaiza

Telebista aparatua aspalditik da egongela ia guztietako parte, ezinbestekoa esango nuke, gainera. Gurean, ni jaio eta gutxira sartu zen Helmotz markako gailua, Eibarren bertan egindakoa. Zuri-beltzeko trepeta hartan ikusi genituen luzaroan kanal bakarreko saioak. Hain zen gogorra tresna, ezen ez zen hondatzen, eta, hondatu ezean, telebista berririk ez. Beraz, ETB1 ikusten oso berandu hasi ginen, etxeko gazteenok irrikan egon arren.

Oraingo etxera bizitzera joan nintzenean, ez neukan telebistarik, eta lau urte eman nituen horrela. Erosi nuenean eta kateak sintonizatu, militantziaz-edo, ETB1 lehenengo postuan jarri nuen, orduan euskaraz ikus nezakeen telebista kate bakarra zelako. “Ikus nezakeen” esan dut, baina ez nuen ikusten. Askotan esan izan dut ETB1 ez zela niretako, saio gutxi interesatzen zitzaizkidalako, saio gutxiegi.

Beste alde batetik, esan beharra dago pasa den asteburuan Trio Medianocheren emanaldia izan zela Eibarko Untzaga plazan, San Juan jaien barruan. Honaino, dena normala, jakinekoa baita “hiri guziz eredugarrian” zaletasun handia dagoela halako musikarekin. Ondo eta egoki deritzot estilo guztietako musikak jartzeari festetako programan. Baina emanaldi honek lotuta daraman beste albisteak ernegatu nau: ETBkoak Trio Medianocherekin harremanetan jarri ziren sanjuanetako kontzertua grabatzeko proposamena egiteko. Beraz, badakizue, larunbat gau batean, Oholtzan saioan, prime time-an izango dugu emanaldi osoa! Bravo! Beste saio interesbako bat!

Hau da ETBk eskaintzen diguna euskaldunoi, euskal hiztunoi. Herrietako jaietako emanaldiak grabatu eta eman, edozein telebista lokalek egingo lukeen bezala. Penagarria, benetan! Izan ere, horrelakoez osatzen dute programazioa. Oso ohituta gaude mariatxiak ikustera, eta dantza txapelketak, jota lehiaketak, kantu afariak, kantuzale topaketak… Eta ez zait txarto begitantzen halakoak ematea; eman behar dira, baina ez beti audientzia altuenaren lekuetan, eta ez hain gordin, azalpen eta testuinguru barik, alegia. Horri guztiari betelan usain itzela dario!

Bitartean, ETB2n filmak ematen dituzte, edo eztabaida saioak. Pilotaz eta futbolez betetzen dute, ostera, asteburuko euskarazko kanalaren parrila. Horrela, euskal hiztunoi telebista euskaraz ikusteko aukera lapurtzen digute, eta erdaretakoetan zapping egitera bultzatu. Euskararen proselitismo hutsa!

Baina ezin gintezke harritu. Izan ere, Maite Iturbe EITBko zuzendari nagusiak adierazpen hauek egin zituen pasa den astean: “Telebista, agian, ez da tresnarik egokiena kultura zabaltzeko. Kultur eskaintzan sakondu ahal izateko, Internet izan daiteke bitartekorik egokiena”. Horrela doaz gauzak gure euskal erdian!

Egia da telebista kontsumoa aldatu egin dela, baina oraindik ere betiko telebista formatuak funtzionatzen du. Horregatik —eta berandu baino lehen— euskaradunok ganorazko telebista bat behar dugu, gure informazio gosea aseko duena, dibertituko gaituena, denbora-pasa emango diguna. Era berean, argota sorrarazten lagunduko diguna, esaldi eginak eta errepikakorrak bultzatuko dituelako. Gainera, euskal iruditeria zabaldu eta indartuko duena, bertako erreferenteak sortu eta bultzatuko dituena. Herria mamituko duena, berba baten esanda.

Leave a Reply

Your email address will not be published.