Beñat Alberdi
Lurrei dagokienez, Antzuola ez da Gipuzkoako herririk handiena. Biztanleak ere 2.000 pasatxo ditu, handienetatik urrun. Baina udalak pauso handia eman du herritarrek erabakietan parte har dezaten. Urtarriletik martxan dute Antzuola Eitten prozesua, Aztiker soziologia ikerguneak dinamizatuta. 2030eko herria diseinatzea da helburua. Makina bat proposamen jaso dituzte jada; triptiko batean bildu dituzte horietatik ehun, eta etxez etxe banatuko dute orain. Boto bidez, herritarrek erabakiko dute nolako Antzuola eraiki nahi duten.
Udalbatzak aho batez onartu zuen prozesua. Historia askok izaten dute hasiera bitxia, eta kasu honetan ere hasiera ez zen izan ohikoena. “Oposizioak eztabaida batean esan zigun parte hartze plan oso bat nahi zutela eurek”, azaldu du Beñardo Kortabarria Antzuolako alkateak. “Hitza hartu genien guk, eta prozesuari ekin genion”.
Oinarrira joanda, herritarren hitza alderdien gainetik jartzea litzateke prozesuaren gakoa. Egun, EH Bilduk, EAJk eta PSE-EEk osatzen dute udalbatza, eta EH Bilduk dauka gehiengoa. Hala ere, alderdiak alderdi, herritarrek proposatutakoa eta onartutakoa garatuko dute etorkizunean. Alkateak begi onez ikusten du aukera zabalak eskaintzea: “Posible da prozesutik guk berez egingo ez genukeen zerbait ateratzea, baina herriak erabakitakoa litzateke, eta bete egingo genuke”.
Halaber, Kortabarriak uste du prozesuak herritarren borondatea ezagutzeko balioko duela; neurri batean bai, behintzat. Oinarri edo ekintza zehatz batzuk definituta, ezingo da proposatu gai bererako beste egitasmorik, “ordurako herria hitz egina egongo delako”.
Lau fase ditu Antzuola Eitten parte hartze prozesuak: herriaren diagnosia egin zuten lehenengoan, erronka nagusiak zehaztu zituzten bigarrenean, helburuak gauzatzeko ekintzak hirugarrenean, eta proposamenak lehenetsiko dituzte laugarrenean. Azken fase horretan daude gaur egun. Proposamenak bilduta, herritarrek gaur arte dute aukera bozkatzeko. Antzuolarrek gertutik jarraitu ahal izan diote prozesuari. Erabaki politikoa izan zen parte hartzeko sistema martxan jartzea, eta udalbatzako kideek hasieratik argi izan dute herriak zehaztu behar dituela proiektuaren nondik norakoak. Bilera horiek guztiak Aztikerrek dinamizatu dituela argitu du Xabi Luke enpresako kideak. Talde eragilea eta jarraipen batzordea sortu zituzten herritarren parte hartzea sustatzeko eta erronka horiei heltzeko.
Prozesuaren inguruko erabakiak hartzea eta prozesua bera sustatzea izan dira talde eragilearen lanak, eta hamabost-hamasei herritarrek osatu dute egitura. Jarraipen batzordea, berriz, politikariek osatzen dute eta prozesuaren inguruan informatuta egotea izan du helburu nagusi. “Funtsezkoa izan da talde eragilearen lana. Prozesua herrira egokitzen lagundu digu eta gainerakoan inoiz iritsiko ez ginen tokietara iristen”, nabarmendu du Lukek.
Bileraz bilera eta eztabaidaz eztabaida, erronka nagusiak erabaki zituzten lehenengo; hots, diagnosiaren ondorioen berri eman zieten herritarrei, eta hutsune nagusiak identifikatu zituzten jarraian. Bost ildotan banatu zituzten landu beharreko gaiak: ekonomia eta ingurumenaren jasangarritasuna, pertsonaren garapena, bizikidetza, zerbitzu sozialak eta herriaren kudeaketa.
Aukerak lehenetsi behar
Lan horiek eginda, helburuak eta helburu horiek gauzatzeko ekintzak zehaztea izan zen hurrengo pausoa. Bi bilera egin zituzten alor bakoitzean, proposamenak jaso, aztertu eta batzeko. Azken pausora iritsita, aukerak lehenestea dagokie orain. Ehun ideiak atalka banatuta, parte hartzaile bakoitzak bost proposamen aukeratu behar ditu ildo bakoitzetik; 25 guztira. Aztikerrek batuko ditu emaitzak, eta, aztertutakoan, orduan zehaztuko dute herriak zein lan ezarriko dizkion udalari.
“Badakigu parte hartze prozesu luzeek beren kostua izaten dutela”, aitortu du Lukek. “Gihar hori ezin da mantendu denboran”. Horregatik, saio gehiago egitea baino nahiago izan dute beste bide batzuk bultzatzea. “Eztabaidak bukatuta daude, gainera. Herriaren iritzia jaso behar dugu; zenbat eta gehiagok parte hartu, orduan eta hobeto”. Prozesu horretan, triptikoa etxez etxe banatzea erabaki dute, eta herritarrek webgunean ere bozka dezakete nahi izanez gero.
Antzuolarren iritziak jasota, emaitzak jarraipen batzordera iritsiko dira, eta herritarrek nahi dutena nola bideratuko duten aztertuko dute bertan. “Proiektuari abizena jarriko diogu; prezioa, alegia. Erabaki egin beharko dugu zeri heltzeko gaitasuna daukagun eta zein lehenetsi”. Herriari ahotsa emateak herritarrek nolako Antzuola nahi duten ikusteko balio izan die agintariei, eta halaxe igartzen da proposatutako ekintzetan. “Nekazaritza bultzatu nahi dute herritarrek, eta bidegorriak sustatzeko hainbat proposamen ere jaso ditugu. Industria herria izan arren, ingurumena zaindu nahi dugula nabaritzen da proposamen horietan”.
Leave a Reply