Unai Zubeldia
Bere horretan jarraitzen du buruko gaixotasunen estigmak”. Mikel Tellaetxe 2013tik da Arrasateko Aita Menni ospitaleko zuzendaria, eta eguneroko errealitate izaten du buruko osasuna ardatz duen zentroa. “Jardun hori normala da guretzat, baina desberdina den hori baztertu nahiak edo familian urritasunen bat duen senideren bat izateak sortzen duen lotsa dago estigma horren atzean. Bai, oraindik ere bai”. Angelo Hercules Menni Benito Menni apaiz italiarraren eskutik, 1898ko ekainaren 1ean zabaldu zituen ateak Aita Menni zentroak —Santa Ageda osasun etxea izenez ezaguna zen garai batean—, Gesalibar auzoan, eta 120 urte bete berri ditu, beraz. “Garai hartan ekin zioten lanari jarraipena ematen ari gara gu”. Aita Menniko arduradunek emandako datuen arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, gaur egun, herritarren %6-8k daukate buruko gaixotasunen bat.
Egun, Arrasateko ospitaleaz gain, Aita Mennik buruko gaixotasunei aurre egiteko 25 egoitza eta eguneko zentro dauzka Bizkaian eta Gipuzkoan, eta mundu osoko 26 herrialdetan lan egiten du. “Asian, Afrikan eta Hego Amerikan dauzkagu jarrita indarrak”, zehaztu du Tellaetxek berak. Zuzendariaren hitzetan, “garaian garaiko egoeretara eta pertsona bakoitzaren beharretara egokitzea” izan da taldearen lorpenik handiena. “Izan ere, ez du arreta berbera eskatzen eskizofrenia daukan pertsona batek, dementzia daukan adineko batek edo urritasunen bat daukan pertsona batek. Tratamenduak ahalik eta zehatzenak eta pertsonalizatuenak izan daitezen saiatzen gara beti”. Duela 25 urte, behar horiei erantzuteko erronkari helduta sortu zuten, esaterako, garuneko kalteei erantzuteko unitatea.
Urte askoan “ghetto” bihurtzeko arriskua izan dute Aita Menniren gisako zentroek. “Kasu gehienetan atzera bueltarik gabea izaten zelako gaixoaren ingresoa”. Baina, urteen poderioz, aldatu egin da errealitate hori. “1980ko urteetatik aurrera aldaketa bat gauzatu zen gizartean, eta pixkanaka indartzen hasi zen gaixoek horrelako zentroetan itxita egon behar ez zuten ustea; ahal zen neurrian, gizarteratzea zen eta da helburua”.
Osakidetza orduan hasi zen buruko gaixotasunak artatzeko zentroak sortzen, errehabilitazio psikosozialeko zentroen aldeko apustua egin zuten aldundiek, adinekoen eguneko zentroak irekitzen hasi ziren gero… “Adinekoek ahalik eta denbora gehien familiaren ondoan irautea da bitarteko horien helburuetako bat, eta, buruko gaixotasunen bat daukatenen kasuan, ahal den neurrian, komunitatera itzultzea”. Irune Galarraga Aita Menni ospitaleko erizain zuzendariak zehaztu duenez, Osakidetzak, egun, kontzertatuta dauzka epe ertaineko eta epe luzeko egonaldiak, “San Juan de Diosekin [Donostian eta Arrasaten dauzkate ospitaleak], Usurbilgo sendategiarekin eta gurekin, Aita Mennirekin”.
Aita Mennik Arrasaten dauka, egun, egoitza nagusia, baina Eskoriatzakoa izan zen Benito Menniren lehen apustua. 1872 eta 1876 artean lehertu zen Bigarren Karlistaldia Hego Euskal Herrian, eta, orduko egoera larriaren jakitun, 1973an Gurutze Gorri sortu berrian boluntario gisa sartzeko eskatu zuen Aita Mennik. Urte haietan ezagutu zuen italiarrak Debagoiena, Arrasate eta Eskoriatza ingurua, bereziki, eta horren ondorioz gauzatu zituen bere bi proiektu nagusiak. 1875eko azaroaren 28an inauguratu zuen Arrosario Santuaren Ospitalea, Eskoriatzan, gaur egun Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Zientzien Fakultatea dagoen lekuan, gerraren ondorioz behar handiena zeukatenei laguntzeko helburuarekin. “Baina hainbat arrazoi tarteko, itxi egin behar izan zuen bi urteren buruan”, zehaztu du zuzendariak.
Garai hartan, bainuetxe lekua zen Arrasate-Eskoriatza ingurua, eta jende asko joaten zen bertara atseden hartzera, Antonio Canovas del Castillo Espainiako gobernuburua tartean. 1897ko abuztuaren 8an, Santa Agedako bainuetxean zela, Michele Angiolillo anarkista italiarrak tiroz hil zuen Canovas del Castillo, eta bainuetxeak berehala galdu zuen ordura arte zeukan izen ona. Etorkizunik ez zeukala ikusita, lur haiek salgai jarri zituzten Ramon, Sabina eta Carlos Mendiak, bainuetxearen orduko jabeek, eta aukera horri heldu zion Benito Mennik. “Bi elkarte sortu zituen berehala: Jesusen Bihotz Sakratuaren Ahizpa Ospitalarioen Kongregazioa, eta San Joan Jainkoaren Anaien Ordena. Garai hartan generoaren arabera banatzen zituzten egoitzak”, azaldu du Tellaetxek.
Familiaren garrantzia
Gainerako ospitaleetan bezala, gaixoak artatzen dituzte Aita Mennin ere. “Baina oso kontuan hartu behar izaten da gaixoaren inguruko errealitate edo komunitate guztia”, azaldu du Galarragak. “Guk beti esaten dugu hemen daudenak ez direla gaixoak, gaixorik dauden pertsonak baizik. Edozein gaixotasun eduki dezakegu guk ere, eta buruko gaixotasunak dauzkate hemengoek, besterik ez”. Aita Menniko langileek “gero eta argiago” daukate gaixo dauden horien familiek zenbateko garrantzia daukaten.
Tellaetxek garai bateko errealitatera jo du egungoaz jabetzeko. Duela urte batzuk, “eroetxe” deitzen zitzaien buruko osasuna tratatzeko ospitaleei. “Eta herriguneetatik kanpo egoten ziren, normalean”. Lehen urte haietan, “gizarteak baztertutako emakumeak” izaten ziren gehienak. “Pentsa, neskatoen pabiloia deitzen zitzaion eraikinetako bati”. 80 urte dauzka gaur egun. “Baztertutako neskatoak sartzen zituzten bertan, buruko gaixotasun oso larriak zeuzkatenak edo adimen urritasunen bat zeukatenak; marjinazioan bizi ziren, erabat baztertuta”. Galarragak horregatik eman dio hainbesteko garrantzia familiaren babesari. “Hiri txiki bat da hau”.
Eta, hiri guztietan bezala, ordaindutako lanak ere egiten dituzte bertan bizi direnetako askok. “Gazteenen gaitasunak kontuan hartuta, gizarteratzeko zenbateko aukera dagoen aztertzen dugu, eta hainbat tailer antolatzen ditugu, eurak treba daitezen. Egindako lanaren araberako onurak jasotzen dituzte gero, kafetegian, dendan… baliatzeko”. Gureak enpresarekin elkarlanean aritzen da Aita Menni. “Eta, momentu jakin batzuetan, babestutako tailer horietara ere joaten dira lanera. Guretzat Realaren harrobiko jokalari bat lehen taldera iristearen parekoa da zentro honetan dagoen gaixo batek Gureak-en lantegiren batera jauzia egin ahal izatea”.
Gaixoei behar bezalako arreta eskaintzeaz gain, lana sustatzea ere badelako Arrasateko zentroaren erronka. “Buruko gaixotasunekin desegituratu egiten dira ohiturak, portaerak… eta sendagaiekin, diziplinarekin eta jarduerekin lan egiten dugu guk. Normaltasunetik, pertsona horien egiturak hutsetik sortu behar izaten dira berriz ere”. Alde horretatik, gero eta boluntario eta elkarte gehiago ari dira elkarlanean Aita Mennirekin.
120 urte atzera eginda, garai hartan “120 bat moja, auto gidari bat eta mantentze lanak egiten zituen gizonezko bat” aritzen ziren lanean Arrasateko zentroan, buruko gaixotasunen bat zeukaten gaixoak artatzeko Gipuzkoan zegoen erietxe bakarrean. Gaur egun, berriz, hamar moja daude zentroan, 900 langile inguru aritzen dira lanean, eta, zerbitzu guztiak kontuan hartuta, 1.200 bat gaixo artatzen dituzte egunero —430-435 ohe dauzkate Aita Mennin—. “Ia ehun boluntarioren laguntza ere izaten dugu hainbat programa gauzatzeko”.
Gizartearekin, aldatzen
Gizartea “egunero” ari da aldatzen, eta neurri berean aldatzen dira herritarren beharrak ere. “Adibide gisa, duela lau urte ez zegoen buruko gaixotasuna daukaten eta espetxeetan dauden pertsonei arreta emateko auzitegi psikiatrikoko unitaterik, eta duela hamabi urte sortu zuten jokabidearen nahasmendua dakarren adimen urritasunerako unitatea”. Tellaetxek onartu du eguneroko lanean ez dela erraza aldaketez jabetzea. “Baina atzera begira jarritakoan jabetzen gara zenbat pauso ematen ari garen”.
Buruko gaixotasunen errealitatea “gero eta gehiago gizarteratzen” ari dela uste du Galarragak. “Nolabait esatearren, arazo hori ezkutuagoan zegoen lehen, eta gizarteak normalagotzat hartzen du gaur egun”. Eta, hain zuzen ere, erizain zuzendariaren ustez hori izan da aurrerapausorik garrantzitsuenetakoa, “1983an harresiak hautsi eta gizarteratzen hastea”. Denboraren poderioz, arazoaren neurria gutxitzen ez, aldatzen ari dela uste du Tellaetxek. “Lehen, Downen sindromea zeukatenak ez ziren iristen 40-45 urtera, baina gaur egun, 45-50 urteren langa igarota, ikusi dugu pertsona horiek gaixorik ez dagoenak 70 urte bete ondoren izan dezakeen dementzia berbera izan dezaketela. Errealitate berri horrekin topo egin dugu”.
“Pertsonen jokabidearen arazoetan espezializatuta”, osasun sistema osatzen duen katearen “katebegi bat gehiago” da Aita Mennirena, eta Tellaetxek eta Galarragak oso argi daukate “une oro gizartearen beharrei erantzutea” dela etorkizunerako erronka. “Lehen, hiru auto istripu izaten ziren iktus bakoitzeko, eta, orain, hiru iktus izaten dira auto istripu bakoitzeko. Zorionez, gero eta seguruagoak dira errepideak, baina iktus kopurua ugaritzen ari da bizitza sedentarioaren eraginez. Sortzen ari diren behar horiei erantzun behar diegu guk”.
Erronka horri helduta, Aita Mennin eraberritze lanak egingo dituzte laster, eta indartu egin nahiko lukete eskolekin egiten ari diren lana. “Neska-mutikoei errealitate hau azaltzen jarraitu behar dugu, gauza arrotza ez, gertukoa dela erakusteko”.
Leave a Reply