Hondarribia
Atzo gauetik blues doinuak dira nagusi Hondarribiko kaleetan. Izan ere, atzo hasi eta igandera bitartean, Hondarribia Blues Festival 2012 jaialdia ospatzen ari dira, zazpigarrenez. Aurten, orotara, doako 18 kontzerturekin osatu dute egitaraua, eta horretarako lau agertoki jarri dituzte. Agertoki nagusia, Bentan; Calsberg agertokia, Apezpiku plazan; Gazteena, Gipuzkoa plazan; eta Coca Colaren oholtza, San Pedro kalean.
Besteak beste, gaur egungo blues izar handienetariko bat izango da agertokian; Robert Cray (gaur, 00:00etan, Bentan). Nabarmentzekoa da bihar 22:30ean, Bentan Tail Dragger, Zora Young eta Eddie Shawk eskainiko duten kontzertua ere.
Horiez gain, asteburuan, Hondarribiko agertokietan izango dira, besteak beste, Fede Aguado eta Osi Martinez, Virginia Labuar, Txus Blues eta Jose Bluefingers. Baita White Towels Blues eta Belceblues Gipuzkoako taldeak ere.
Kontzertu pedagogikoak ere eskainiko dituzte. Horietan lehena Belceblues taldeak emango du, Gazte Taldeen agertokian, bihar, 18:00etan. Eta, igandean, 11:30ean, Bentan, Chicago Blues Band taldeak, bigarrena. Gastronomiarekin loturiko hainbat ekitaldi ere izango dira; herri paella jatea eta barbakoa, kasu.
Aurten elkartasunari loturiko berritasun bat ere badakar Hondarribiko Blues Jaialdiak: Blues For Children ekimena. Aurten hasi eta hurrengo urteetan, haurrei laguntzen dien erakunderen batentzat diru ekarpenak lortzea da xedea. Aurten, Save the Children gobernuz kanpoko erakundearekin izenpetu dute lankidetza ituna. Bereziki jaialdi honetarako sorturiko elkartasunezko txapa erosita egin ahal izango da ekarpen hori.
Jaialdiari buruzko informazio guztia ikusgai dago http://www. blueshondarribia.com/eu webgunean.