Eider Goenaga Lizaso
Leondik (Espainia) heldu zen joan den astean albiste lazgarria; alkohol tasa bost aldiz biderkatzen zuen auto gidari batek Villabonako txirrindulari familia bat harrapatu zuen, eta Jose Carrasco eta Nerea Agirre gurasoak momentuan hil zituen, 12 urteko semea umezurtz utzita. Gertatutakoak berriro jarri du mahai gainean txirrindularien segurtasunaren gaia.
Gipuzkoako errepideetan, 2013tik bi txirrindulari hil dira istripuz, baina zaurituak askoz gehiago dira. Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak emandako datuen arabera, aurten jada hamar zauritu larri izan dira, eta 57 zauritu arin. Iaz, urte osoan, 30 zauritu larri izan ziren, eta 112 zauritu arin. Urtez urteko konparazioan, goranzko joera bat ikusten da zauritu kopuruan.”Datuak erabat adierazgarri izan daitezen, kontuan izan behar da bizikletaren erabilerak azken urteotan izandako gorakada”, argitu du Trafiko Zuzendaritzak.
Horrez gain, txirrindulariak aurreratzerakoan utzi behar den metro eta erdiko tartea ez errespetatzeagatik, Ertzaintzak aurten, Gipuzkoan, zortzi auto gidariri jarri die salaketa. 2016an, hamazazpi salaketa jarri zituzten, eta 2017an, berriz, 11. 2015-2020 epealdirako Bide Segurtasunerako eta Mugikortasun Segururako eta Iraunkorrerako Plan Estrategikoan jasotzen ditu Trafiko Zuzendaritzak txirrindularien babeserako neurriak. Baita helburuak ere: 2020rako, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan hildakoen kopurua gehienez batekoa izatea eta larri zauritutakoak gehienez 25 izatea du jomuga. Azken hildakoa Bizkaian izan zen, 2016an, eta ordutik ez da gehiago izan; baina zauritu larrien kopurua jomugatik urrun dago oraindik: iaz, 50 izan ziren larri zaurituak, eta 269 arin zauritutakoak.
Errepidean, beldurra
Istripuan hildako bikotea ondo ezagutzen zuen Aitor Aierzak, Oriako Txirrindulari Eskolako lehendakariak. Haien semeak hiru urte daramatza taldean, eta aitak askotan laguntzen zien umeen entrenamenduetan eta lasterketetan. Aierzak bizitza osoa darama bizikletarekin errepidean; umetan Oriako taldean korritu zuen, hogeitik gora urte zuzendari gisa aritu zen, eta azken lau urteetan lehendakari karguan dago. Gertatutakoa “sekulako kolpea” izan dela esan du, eta aitortu du errepidera irteten direnean “beldurra” sentitzen dutela.
9 urte egiten dituzten urtean sar daitezke umeak taldean, eta 11 urterekin hasten dira lehiatzen. Neguan apenas ateratzen diren errepidera, baina martxoan, behin ordu aldaketa egin ondoren, errepidera irteten hasten dira. “Kadeteak [15-16 urte] eta gazteak [17-18 urte] askotan bakarrik ateratzen dira. Astean behin, entrenamendu bateratua egiten dugu, auto bat atzean jarrita; baina, adin horietan, ia egunero entrenatu behar dute, eta gero beren kontura ibiltzen dira, oso zaila baita denon ordutegiak bateratzea egunero elkarrekin aritzeko”. Bi seme ditu Aierzak; batek utzia du jada bizikleta, baina besteak jarraitzen du. “Irteten direnetik itzultzen diren arte, etxean urduri egoten gara, beldurrez. Eta guk, Tolosa inguruan, bizikletan ibiltzeko bide nahiko onak ditugu; beste txirrindulari eskola batzuek are bide okerragoetan ibili behar dute”.
Txikiagoekin bi entrenamendu saio egiten dituzte astean, eta beti joaten dira atzean auto bat dutela. “Autoari argiak jartzen dizkiogu, arriskuaz ohartarazteko. Baina, gainera, bi heldu, askotan gurasoak, haiekin joaten dira bizikletan, bat atzean eta bestea aurrean, nola ibili behar duten erakusteko. Asko tematzen gara horrekin: ilaran joateko, banaka ibili behar dutela, errepidean eskuinetik ibili behar dutela…”.
Oriako Txirrindulari Eskolan zerbaiti garrantzia ematen badiote segurtasunari eta arauen errespetuari ematen diotela nabarmendu du. “Guk babesle bat daukagu, eta ez guk eta ez gure babesleak ez diegu umeei emaitzarik eskatzen, eskatzen diegun bakarra da errepidean txukun ibiltzeko, arauak betetzeko. Lan handia egiten dugu horretan”.
Aierzak argi du normalki gidarien jokabideak eragiten dituela istripuak. “Nik urte asko daramatzat honetan, eta asko hobetu dugu txirrindulariak errespetatzeari dagokionez; baina, oraindik, ez da nahikoa. Auto gidari batzuek ez dute pazientziarik, ez gaituzte behar bezala aurreratzen”. Dena den, txirrindulariek ere ardura badutela nabarmendu du. “Ni asko haserretzen naiz, eta maiz gertatzen zait, umeei semaforo gorrian gelditu behar dutela esan, eta aldamenetik profesionalak direla uste duten zikloturistak pasatzen direnean, semaforoa errespetatu gabe. Zer ikasiko dute umeek? Zikloturistek, eta helduok oro har, eredu izan behar dugu”.
Kolpe bikoitza
Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioak adierazi duenez, gertatutakoa “kolpe bikoitza” izan da. “Batetik, zikloturismoa kolpatzen duelako, eta, bestetik, umeen kirola kolpatzen duelako”. Istripua “muturreko egoera” gisa definitu du federazioak, gidaria alkoholaren eraginpean ari zelako gidatzen. “Hala ere, egia da gidarien aldetik, oraindik, errespetuzkoak ez diren jarrerak ikusten jarraitzen dugula”.
Gipuzkoan bizikletan ibiltzeko tradizio handia dagoela-eta zenbait datu jarri ditu federazioak horren adibide. Batetik, 3.400 zikloturista federatu daude; bestetik, haur eta kimuen mailetan 260 neska-mutil aritu ziren lehiatzen iaz, aurreko urtean baino 60 gehiago; eta, azkenik, hemeretzi txirrindularitza eskola daude lurraldean. “Baina Gipuzkoa ez da oasi bat, eta oraindik badaude distantziak errespetatzen ez dituzten gidariak; hor gabezia bat badago, eta jarraitu behar da horretan lanean”. Bide heziketari garrantzi handia ematen dio federazioak, etorkizuneko gidariek errespetuz jokatzeko giltzarria delako.
Errepideetako bide bazterren ingurukoa da federazioaren eskaera nagusietako bat, eta eskaera hori Gipuzkoako Foru Aldundiarekin biltzen diren aldiro egiten dutela argitu dute. “Ezinbestekoa da bide bazterrak txukun mantentzea. Batetik, gutxieneko zabalera bat izatea, eta, bestetik, egoera onean egotea; askotan, bide bazterrak zuloz beteta egoten dira, eta horregatik irteten dira txirrindulariak bazterretik errepidera”.
Leave a Reply