Leire Narbaiza
Aurreko astean irudi lazgarri batzuek bete zituzten komunikabideak eta sare sozialak. Milaka pago lurrera botata ikusten ziren fotografietan, eta beste asko, kaltetuta. Araban izan zen, Entzia mendikatean, pasa den asteko asteazkenean tornado batek eraginda. Hamaika kilometro inguruko perimetroa ei du hondamendiaren zonaldeak, eta 72 hektareatik gora daude hondatuta. Ikaragarria!
Izugarria bezain bitxia zaigu tornado batek eragin duela kalte itzel hori. Izan ere, haize-zurrunbilo bortitz horiek Ameriketako Estatu Batuetako Ordoki Handiekin lotzen ditugu, ez Europarekin eta, are gutxiago, Euskal Herriarekin. Baina egon badaude, edo kasu honetan egokiago, ibili badabiltza. Horren lekuko traganarru eta tragarroia hitzak. Wikipediaren arabera, haize-zurrunbilo indartsuak dira, azpian itsasotik jasotako ur-tantaz edo lurretik jasotako hauts, harea edo zaborrez osaturiko anabasa bat edukitzen dute, gainera. Traganarru, beraz, berba ederra izateaz gain, arriskutsua ere bada.
Tristuraz bete gaitu tornadoak egindako triskantzak, bat-bateko fenomeno meteorologiko batek eragin duelako, beharbada. Denbora laburrean hondamendi handia sortu du pagadi eder batean. Larria da, baina ez gara kontziente egunero eragiten ditugula txikizioak, oharkabean.
Brastakoan iritsi zaigu uda, eta kantsatuegi gaude hain luzaroan jantzitako arroparekin. Gainera, merkealdia da, eta hain gutxi saldu dutenez, dendetan prezio ezin hobeak daude. Hara joan gara, ustez behar dugun kamiseta erostera. Baina hain merke topatu dugu soinekoa non erosi egin dugun, behar ez izan arren. Segituan jarri diogu aitzakia geure buruari: familiako urteko bazkarira joateko ezin ederrago egongo gara. Sartu gara zurrunbiloan, jan gaitu traganarruak.
Txapliguak jaurti dituzte erakunde ekologistek Espainiako estatuko supermerkatuetan plastikozko poltsak kobratuko direlako. Baina fruta erosteko orduan, plastiko maskaleko poltsetan sartzea beste erremediorik ez dugu; hori bai, dohainik. Kobratuko dizkigute batzuk; ontziratzeko erabiltzen duten plastikoa, ordea, tonaka xahutuko dute. Zirimola etengabea, beraz, tragarroi bihurtu da, eta atzera ere xurgatu gaitu.
Iaz suteek goitik behera kiskali zuten Portugal. Hildako eta zauritu ugari izan zen. Eragile asko izan ziren errudunak, baina sua zabaltzearen faktore garrantzitsuena eukaliptoa izan ei zen, zuhaitz pirofitoa, sua maite duena, alegia. Erre egiten zaizkio adarrak, baina sustraiak bizirik mantentzen ditu, gero ingurua kolonizatzeko. Gainera, Australiako arbola honek ur guztia kontsumitu eta lurra azidotzen omen du. Orain, Gipuzkoan gure pinuak dirurik eman ez, eta gaixotasun bat duenez, bada, eukaliptoa sartzeko programa egin dute. Ederki! Epe laburreko etekinen sorgin-haizeak irentsi gaitu, eta klima-aldaketaren zikloia hauspotuko dugu.
Europako Batasunak argitaratu berri du Europako AHT sarea garestia, mantsoa eta ez-eraginkorra dela, eta berriro ere planteatu beharko litzatekeela osorik. EAEn, ostera, obrek aurrera jarraitzen dute, milioika euro alferrik xahutu arren. Negoziokeriak eta modernokeriak burmuina hurrupatu digute, eta hemen gabiltza haize-erauntsian ziba baten moduan bueltaka, buru barik.
Geldi dezagun haize-bolada zoro eta zentzubako hau, kontsumismo eta diru-gosearen traganarruak jan ez gaitzan.
Leave a Reply