2.800 metroko erronka

Getaria-Zarautz

Getaria

Igande honetan jokatuko da, 42. aldiz, Getaria-Zarautz igeriketa zeharkaldia. Parte hartzaileak igande eguerdian abiatuko dira Getariako portutik, eta Zarauzko hondartzan izango dute helmuga. Orotara, 2,8 kilometroko bidea egin beharko dute, igerian. Zarautz Balea igeri kirol elkarteak antolatzen du.

Aurten, guztira 1.400 partaide izango dira lehian, inoiz baino parte hartzaile gehiago. Horregatik, eta elkarri oztoporik egin ez diezaioten, bost txandatan banatuta aterako dira igerilariak. Aurreko urteetan bakoitzak egindako denbora hartuko dute kontuan txandak antolatzeko orduan. Talde bakoitzak kolore jakin bateko txanoa izango du, eta bost minutuko tartearekin abiatuko dira. Ezindu fisikoek ere parte hartu ahal izango dute, eta haiek beste kolore bateko txanoa eramango dute.

Proban nagusi izaten direnek ez dute dirurik jasoko. Lehen hiru sailkatuei, dena den, garaikurra emango diete. Egongo da, ordea, diru ekarpena izango duen sari bat, sari berri bat. Hala, orain arteko denbora onena gainditzen duenari 300 euro emango dizkiote. Gizonezkoen kategorian, 32 minutu eta 5 segundotan dago marka hori, eta Gorka Ripak egin zuen, 2006. urtean. Emakumezkoena, berriz, 35 minutu eta 37 segundotan dago, eta Ainhoa Oñatibiak egin zuen, 2006. urtean hark ere.

Helduentzako lehiaketaz gain, gaztetxoentzako zeharkaldia prestatu dute aurten ere. Orotara, ehun haur inguruk parte hartuko dute, eta 800 metroko ibilbidea egin beharko dute. 11:00etan irtengo dira haiek, Zarauzko portutik. Helduen kasuan bezala, gaztetxoek ere Munoa plazan izango dute helmuga.