Xabier Regil Agirre
Aurten, asteburuarekin batera dator jende askorentzat udako oporraldia. Ez dira gutxi egongo gaurko lanorduak amaitzeko irrikan, horrenbeste itxarondako oporrez gozatze aldera. Etxean geratuko dira batzuk, baina kanpora joko dute askok oporraldia igarotzera. Oporretako irteeraren parte izango dira.
Gipuzkoako errepideetan oso nabarmena izaten da irteera horren eragina: asko kanpora joango dira bertatik; beste askok, ordea, Gipuzkoa dute jomuga; eta izango da lurraldea beste norabait joateko soilik zapalduko duenik ere. Baina oporraldiaren hasierak ez du soilik errepideetan eragiten; autobus eta tren geltokietan ere nabarmena da joan-etorriaren gorakada. Aireportuetan, hegaldi kopuruan, ez da izaten aldaketa nabarmenik; Madrilerako eta Bartzelonarako hegaldiak soilik irteten dira Hondarribitik, eta horietan ez da alde handirik izaten.
Udakoa ez da izaten urteko opor irteera bakarra, irteera eta itzulera gehiago izaten baitira urtean: Eguberrietan, Aste Santuan, zubietan eta udan. Udakoetan izaten da auto mugimendurik handiena, eta asteburu honetan hasiko dena aurreko urteetakoa baino jendetsuagoa izango dela uste dute.
Errepide sareei erreparatuta, kontuan hartu beharrekoak dira Europatik penintsulara datozenak, Gipuzkoatik igarotzen baitira gehienak. Eta, uztail partean ohiko norabidea kontinentetik penintsularakoa izaten den arren, auto asko aurkako norabidean joaten dira abuztu amaieratik aurrera, berriro bizilekura bueltan, urte osorako.
Ekainaren 29an eman zitzaion hasiera udako irteerari, eta irailaren hasiera arte iraungo du. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, irailaren 3an izango dira eskuragarri behin betiko emaitzak. Horiek izan bitartean, ordea, Sonia Diaz de Corcuera Segurtasun Saileko Trafiko zuzendariak aurreikuspenen berri eman zuen udako oporretako irteeraren aurkezpeneko prentsaurrekoan. Haren esanetan, Biriatutik 1.830.000 ibilgailu igarotzea espero da, 2017an baino %2,25 gehiago.
AP-8 eta AP-1 autobideak kudeatzen ditu Bidegi Gipuzkoako Azpiegituren Agentziak, eta, haren aurreikuspenen arabera, Irungo ordainlekutik 160.400 ibilgailu inguru pasatuko dira uztailaren 27tik 29ra bitarteko asteburuan. 111.200 ibilgailu Behobiatik Donostiako noranzkoan pasatuko dira, eta 49.200 ibilgailu, Baionarako noranzkoan. Gainera, aurten uztailaren 31 asteartea izanik, joan-etorriak nahiko handiak izango dira bi egun horietan; Irungo ordainlekutik beste 88.400 ibilgailu igarotzea espero da astelehenean eta asteartean. Aurreikuspen horiekin, Irungo ordainlekuko hamahiru kabinak irekita mantenduko ditu Bidegik. Zortzi kabina Ipar Euskal Herritik datorren trafikoa kudeatzeko prestatuta egongo dira, eta gainerako bostak, Behobia aldera doazen ibilgailuentzat.
Trafiko Zuzendaritzak gorriz markatuak ditu asteburu hau eta hurrengoa, horiek izango baitira oporretako irteerako egun kritikoenak. Izan ere, oporretara doazenei oporralditik itzultzen diren beste ibilgailuak batzen zaizkie bi asteburu horietan; beraz, gurutzatu egingo dira oporretara bidean doazenak eta horiek amaituta bueltan direnak. Udako hilabeteetan ohi baino 550 ertzain gehiago ibiliko dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoako errepideetan. Gipuzkoari dagokionez, arreta berezia ipini diote Behobia-Biriatu tarteari. Diaz de Corcueraren esanetan, halaber, motorzaleei ere arreta berezia eskainiko diete udako hilabeteetan; istripua izatekotan, arrisku handiagoa duten ibilgailuak baitira, gidariek babes gutxiago dutelako.
Iaz, 317 istripu
Segurtasun Saileko datuen arabera, iaz, uztailean eta abuztuan, 317 istripu izan ziren Gipuzkoako errepideetan, eta lau pertsona hil ziren. Hiru faktore aipatzen dituzte bereziki istripu askoren eragile gisa: abiadura handiegia, alkohol eta drogen kontsumoa, eta gidariaren distrakzioak. Horiek saihesteko, aurten, beste behin ere, kontzientziazio kanpaina jarri dute martxan; uda osoan hedabideetako iragarkietan zein errepideetako paneletan jarriko dituzte kontzientziaziorako mezuak.
Oscar Nuñezek zuzeneko harremana du bidaiariekin; Irungo mugatik gertu dagoen gasolindegi bateko langilea da. Uda garaian eskaria nabarmen handitzen dela adierazi du: “Nabaritzen da mugimendua, bai; hamabostaldiak nabaritzen dira bereziki. Baina hilabete hasierako egunetan ere antzematen da mugimendua, ekainean, uztailean eta abuztuan”. Gasolindegiaren martxan erraz antzematen da uda sasoiaren eragina; hiru hilabeteetan urtean zehar baino lau langile gehiago aritzen dira lanean.
Bezeroen jatorriari dagokionez, hala adierazi du: “Bertakoek jarraitzen dute etortzen, baina atzerritar ugari ere izaten dugu bezero hilabete hauetan. Marokoar asko, frantsesak, ingelesak, belgikarrak eta portugaldarrak izaten dira normalean”. Penintsularanzko mugimendua abuztua amaitu arte nabaritzen dute gehien; ordutik aurrera, ordea, aurkako noranzkoan izaten da. Bezeroen jarrera ere txalotu du gasolindegiko langileak: “Erabiltzaileek ez dute sortzen arazorik; oporretara datorren jendea da, eta jarrera ona dute. Gainera, inguru hauetan auto ilara luzeak izaten dira sarri. Beraz, pazientzia handia duen jendearekin lan egiten dugu”.
Beste garraiobide batzuk
Oporretako irteera entzuteak autoz doazen familiak eta auto ilarak ekartzen ditu gogora. Hala ere, bidaiatzeko gehien erabiltzen den garraiobidea oraindik ere hori izan arren, goraka doa beste garraiobide batzuen erabilera ere: autobusa, trena eta hegazkina, esaterako.
Istripuen datuei erreparatuz gero, agerikoa da autoa edo motorra baino seguruagoa dela trena. Alvaro Etxaniz Renfeko prentsa arduradunak ondorengoa esan du oporretako irteeraren inguruan: “Uztailaren 28 eta 31 bitartean, lau egun horietan, 9.000 eserleku eskainiko dira Gipuzkoatik atera edo bertara iritsiko diren trenetan, eta lekuen %80 inguru beteko direla aurreikusten dugu. Beste hilabete arrunt batean baino %30 handiagoa izango da erabiltzaile kopurua, gutxi gorabehera”. Etxanizen esanetan, uda garaian sumatzen da gehien igoera: “Erabiltzaile gehiago ibiltzen da, baina igoera ez da beste lurralde batzuetan bezain nabarmena. Izan ere, beste toki batzuen aldean, urte osoan tren erabiltzaile asko izaten da Gipuzkoan; gipuzkoarren artean nahiko errotuta dago trenaren erabilera”.
Hondarribiko aireportuan ez da sumatuko horrenbesteko igoerarik, asteburu honetan espero den hegaldi kopurua beste edozein asteburutan izaten denaren antzekoa baita. Bihartik asteartera bitartean 28 hegaldi espero dira Hondarribian: Bartzelona eta Madril helmuga dutenak, eta handik Hondarribira datozenak.
Leave a Reply