Krisiek kapitalismoan beren egitekoa dute, hori nahikoa ezaguna da. Ez dago kapitalismorik krisirik gabe. Krisiek hainbat eginbehar dituzte. Ziklo baten amaiera markatzen dute, ekonomiaren berregituratzea hainbat zentzutan: merkatuak ordenatzeko eta garbitzeko, langileak diziplinatzeko —langabeziaren esperientziaren bitartez—, giza baliabideak berrantolatzeko, gastuak murrizteko eta abar. Krisietatik batzuk galtzaile ateratzen dira, eta beste batzuk, irabazle, eta, bide batez, estatuek ere aprobetxa dezakete beren ardurapeko arlo batzuk desegiteko. Enpresek eta estatuek beren berregituratzea egin eta gero, ziklo berri bat hasten da, hurrengo krisira arte.
Sozialistak, komunistak, langileak eta ezkertiarren erakundeak langileek produkzio baliabideak beren eskuetan izan zitzaten borrokatu ziren mende bat izan zen. Enpresa kartelak, oligarkiak, enpresen jabeak eta abarrak gehiago ez aberasteko bide bakarra hori zela ikusten zen. Eta ekoitzitakoa guztien artean banatzeko, baita gizakiaren beharraren arabera ekoizteko ere, eta ez enpresen edo enpresa jabeen milioikako diru sarrerengatik eta munduko botereagatik.
Herri batzuk helburu horretara hurbildu ziren mende bat izan zen. Iraultza baten bitartez edo II. Mundu Gerran gertatu zen botere banaketaren ondoren. Horietako bat izan zen DDR Alemaniako Errepublika Demokratikoa. Bertan, eta munduko beste herri batzuetan, saiatzen ziren merkatu kapitalistarik gabeko gizarteak eraikitzen, non funtsezko beharrak — elikadura, hezkuntza, medikuntza, etxebizitzak eta abar— bermatuta zeuden. Herri horiek guztiek arazo ugariren kontra egin behar zuten borroka —mundu kapitalistaren etengabeko eraso eta lehiaketak, barneko ustelkeria eta autokrazia, esperientzia falta eta gizakiaren gabeziak—. Halere, gizarte eredu horiek existitu ziren bitartean, hor zeuden pertsonek, eredu horretan sinistu zutenek eta horren alde lan egin zutenek esperientzia asko eta oso garrantzitsuak egin zituzten. Hezkuntza eta osasun zerbitzua ia gizarte osoan zeuden bermatuta, pobreziaren eta aberastasunaren arteko tartea askoz txikiagoa zen, eta ekoizpenak bost urterako plangintza batean aurreikusten saiatzen ziren, gizartearen beharraren arabera. Eredu kapitalista nagusi zen munduaren eraso ekonomiko eta militarraren menpe bizi ziren ekonomia horiek, baina bertako ekonomiaren plangintzan ere hainbat akats egiten zen. Ez zegoen nahikoa malgutasunik industria ekoizpenaren, nekazaritzaren eta baliabideen ekoizpenaren artean oreka aurreikusteko eta herritarren beharrak beharrezkoa zen momentuan asetzeko. Boterearen banaketa hierarkikoak erabaki okerrak zuzenketarik gabe utzi zituen askotan. Hala ere, jabetza pribatuan ez baina gizakiaren beharretan oinarritutako sistematik sortutako gabeziek ez zuten zerikusirik munduko hainbat herrik ezagutzen dituzten goseteekin eta metropolien inguruko txabola hiriekin. Are gutxiago, norberaren milioika irabazi edo galerekin. Bizi-maila xumeagoa zen, baina orekatuagoa askoz jende gehiagorentzat.
Gizarte eredu hori gaur egun ia erabat desagertu da, baina harrigarria da beste eredu batzuetan pentsatzeko gaitasuna ere. Zeren badirudi krisiaren erantzun bakarra dagoen estatusa defendatzea dela, kontsumo masiboan oinarritutako gizartea: etxebizitzaz eta beste ondasunez jabetzea, eta langileek bertan parte hartzeko botere ekonomikoa ez galtzea.
Ezkertiar erakundeek ez dute beste gizarte eredu bati buruz eztabaidatzen, ez da bestelako ekoizpen modua aurreikusten, baliabideen bestelako banaketa, industria eta nekazaritzaren oreka, gizakiaren beharretan oinarritutako ekonomia. Harrigarria da, baina enpresa munduan eztabaidatzen da gehien gizartearen bilakaeraz, ekoizpen eta lan motaz, produktuaren diseinuaz, hiriaren ereduaz. Indar ezkertiarrek bitartean nahi ez dutena adierazten dute, edo statu quo-a defendatzen dute, eredu berriak diseinatu gabe. Munduan eta historian hainbat esperientzia baliagarri egin izan dira, ikastea merezi dutenak. Gizarte sozialistetatik aparte, bestelako ereduak badaude —estatuaren esku hartze masiboa (egun Hego Amerikako herri batzuetan ikusten duguna) edo eredu deszentralizatuak— kooperatiboetatik auzolanera. Kontua da, modu batean edo bestean, emakume eta gizon langileak —eta langabeak ere kategoria horretan sartzen dira— pasibo ez geratzea, baizik eta gizartearen baliabideak beren eskuetan hartzea eta gizartearen aberastasuna guztion artean banatzea.