Iberiar penintsulatik Europarako bidean egotea eta portuko merkataritza handia izatea; horratx XIX. mendeko Donostiaren zoria eta golgota. Aurki beteko dira bi mende tropa ingeles eta portugesek hiria erre zutela, Napoleon garaitzeko bidean; “tragedia bat”, Alvaro Aragon (Oiartzun, 1969) historialariaren hitzetan. EHUko irakaslea eta Gipuzkoako historialarien elkarteko zuzendaria da Aragon: “Lehenengo aldia izan zen gerra baten ondorioz Donostia erre zutena, eta, gainera, bertako biztanleak bortxatu zituzten, etxeak galdu zituzten…”.
1813ko uda zen. Espainiako Independentzia Gerra amaitzera zihoan; Napoleonen tropak Iberiar penintsulatik aterarazteko lanetan ari ziren Espainiako eta Portugalgo erresumak, Ingalaterrako armadaren laguntzaz. Frantsesek hemeretzi urte lehenago ere hartu zuten Donostia, Konbentzioko Gerran, hiriak 1794an kapitulatu zuenean, hain justu. “Frantsesak heldu zirenean, Donostia errenditu egin zen”, azaldu du Aragonek; “Batzuen ustetan, horrek eragina izango zuen 1813an gertatu zenekoan”. Konbentzioko Gerra 1795ean amaitu zen arren, badira 1813ko sutea espainiarren mendekua izan zela defendatzen duten hipotesiak.
1813an Napoleonen tropak ziren espainiarrek euren mugetatik kanporatu nahi zituztenak. Apurka atzera egiten ari ziren, Aragonen hitzetan: “Pixkanaka, inguratuta zeuden. Egun horietan izan zen azken bataila, San Martzialen (Irun). Hor irabazi egin zuten Espainiako erregeen tropek eta haien aliatuek, eta frantsesak penintsulatik kanporatu zituzten”.
Napoleonentzat, ordea, garrantzi berezia zeukan Donostia kontrolpean edukitzeak; ez soilik bere eskumeneko azken hiri nagusietako bat zelako, baizik eta penintsularako sarbidea bertatik igarotzen zelako. “Noizbait indarrak berreskuratuko bazituzten, biderik errazena hura zen. Garai hartako errege bidea gaur egungo N-1 errepidetik zihoan; Madril-Irun bidea horren gainean egina dago”, azaldu du Aragonek.
Gaur egun Parte Zaharra dena zen orduan hirigunea, portutik hasi eta Salamanka pasealekura arte; hor zegoen Bretxako harresia. “Orain dela urte batzuk egindako indusketetan azaldu ziren harresi horiek, baina, tamalez, orduko udalak ez zuen baloratu, eta deuseztatu egin zituzten; gaur egun aparkalekuan gelditzen da horma txiki bat lekuko moduan, baina tira”, deitoratu du Aragonek.
1.500 familia inguru bizi ziren esparru horretan; Iñaki Egañak berriki argitaratutako Donostia 1813: Quiénes, cómo y por qué provocaron la mayor tragedia en la historia de la ciudad liburuan aipatzen duenez, 5.488 pertsona. “Frantsesak zeudela eta ingelesak etorriko zirela ikusita, batzuek alde egin zuten, baina gehientsuenak bertan gelditu ziren”, azaldu du Aragonek. Herritarren aldetik, denetariko jarrerak zeuden gerrako bandoekiko: “Bazeuden frantsestu batzuk, sistema liberal bat ezarri nahi zutenak; beste alde batetik, bazeuden Espainiako erregearen aldekoak zirenak”. Eta tartean, inoren alde egin gabe ere bateko zein besteko okupazioa jasan zutenak: “Frantziako gudarostea ailegatu zenean, jende xehea harrapatuta gelditu zen gerra osorako. Horiek ziren, hain zuzen ere, erasoak jaso zituztenak; dirudunek aspaldi egin zuten alde”.
Portua zela medio, merkataritzarako hiri garrantzitsua zen Donostia garai hartan; Baionarekin harreman handia zeukan. “Portu horretatik ateratzen zen Europa aldera, adibidez, Ameriketatik Espainiara heldutako zilar gehiena”, gogorarazi du Aragonek. Erasoa gertatzeko faktore nagusia horixe izan zelakoan dago historialaria.
Ingelesak eta portugaldarrak Donostiara sartzen saiatuko zirela ikusita, hiria indartzen saiatu zen Napoleon: tropa gehiago bidali zituen, eta kanoi gehiago jarri zituen harresietan. Murruak, ordea, ez zituen indartu, eta hortik etorriko zitzaion kaltea: abuztuaren 31n Wellington jeneral ingelesak setioa jarri zion Donostiari, eta 10.000 soldadu sartu ziren hirira. “Gutxien babestuta zegoen lekutik sartu ziren: Bretxatik”, azaldu du Aragonek. “Erdi Aroko harresia zen; ez zeukan sistema berririk, eta hortik sartu ziren”.
10.000 soldadu erasoan eta ia 5.500 herritar harrapatuta; Donostiarrek apenas izan zuten defendatzeko aukerarik. Hiria ez ezik, herritarrak ere suntsitzeko asmoz sartu ziren tropa ingeles eta portugaldarrak, Aragonen arabera: “Donostiako sutea ez zen bakarrik sutea izan: lapurretak, bortxaketak eta indarkeria ere izan zen. Eraso horiek oso psikologikoak dira. Eta badirudi aurrez pentsatua izan zela, edo behintzat agintariek ez zutela ezer egin hori eragozteko edo geldiarazteko”. Ordura arte eraso militarretan zibilak errespetatu ohi zirela azaldu du Historia irakasleak: “XIX. mendera arte mantendu zuten gerra galantea esaten dena. Erasoa gertatu zenean, kolpe handia izan zen; suposatzen zen jende xehea gerratik kanpo zegoela”.
Interpretazioen dantza
Donostiako sutea ez da historiara isilpean igaro den gertakaria. Aitzitik, irakurketa ugari egin dira orduz geroztik; sarritan elkarri kontra eginez, gainera. Erasoa nork agindu zuen oraindik eztabaidagai da. “Historian, askotan, ideologia sartzen da, tamalez”, adierazi du Aragonek. “Sutea gertatu zenean, Donostiako Udaleko partaideak Zubietan bildu ziren, eta han idatzi zuten manifestu bat, errua ingelesei eta portugaldarrei leporatuz; Wellingtonek hori jaso zuenean ezetz esan zuen, horiek zurrumurruak zirela. Denborarekin, ingelesek sutea frantsesei leporatu zieten; frantsesek esan zuten ezetz, eta bertako biztanleek ere esan zuten frantsesak zeudenean ez zela suterik egon”.
Orotariko irakurketak daude, eta alde batetik zein bestetik erabili dute gertakaria. Sutea espainiar tropen mendekua izan zela dioen hipotesia ere badago, Castaños jeneralak aginduta, donostiarrek bere garaian frantsesak erresistentziarik gabe hartu zituztelako: “Horren froga bakarra da gertakari haren ondoren donostiarren artean egindako inkesta bat. 79 testigantza bildu zituzten, eta hiru edo lau pertsonak aipatu zuten soldadu portugaldar eta ingelesei entzun zietela Castañosek agindu ziela Donostia erretzea eta bertako guztiak akabatzea. Baina zeharkako froga bat da, eta ez dago besterik”. Aragonentzat, hori ez da nahikoa hipotesi historiko baterako: “Esango nuke Castañosek ez zeukala inongo erantzukizunik; Donostiara sartu zirenak portugaldarrak eta ingelesak ziren. Espainiarrak San Martzialen zeuden; eta Castañosek tropa espainiarretan agintzen zuen, besteetan ez zeukan aginpiderik”.
Hori baino gehiago, Donostiako merkataritza suntsitzeko asmoa ikusten dio historialariak suteari: “Badakigu sutea Soto izeneko familia baten etxean sortu zela, eta horrekin batera su eman zietela Donostiako merkatarien etxeei. Horrek adierazten du aurrez pentsatua izan zela, bazekitela nora zihoazen”.
Gertatu zenaz asko idatzi da; oraindik eztabaidagai diren galderak erantzunik gabe geldituko direlakoan dago Aragon. “Egin ditzakegu interpretazioak, baina froga zehatzik ez dugu inoiz izango, dokumentazioak ez duelako horretarako ematen”. Baina horiek ere usteetan oinarritutako irakurketak liratekeela nabarmendu du: “Nik interpretazio manikeista horiek gaitzetsiko nituzke. Historian ez daude onak edo txarrak; gauzak gertatzen dira gertatzen direlako, eta arrazoiak bilatu behar dira”.