“Egiarekin joaten ginen beti toki guztietara”

Kolore guztietako mikrofonoen aurrean adierazpenak egiten gogoratzen dute askok Esteban Olaizola (Hondarribia, 1941). Kazetariak Bruselan, Madrilen, Gasteizen eta Euskal Herriko edozein arrantza portutan biltzen zituen Olaizolak, berrien bilatzaileek ongi asko zekitelako hondarribiarraren ahotik beti aterako zutela tituluren bat. Gipuzkoako Arrantzaleen Kofradien Federazioko presidente izan zen sektore horren garairik latzenetan, bi txandatan. Orduan, arrantzaleen eskubideen aldeko defentsa sutsua egin zuen bulegoetatik, baina langileetatik hurbil. 1986an hartu zuen lehorrerako bidea, eta Hondarribiko kofradian hasi zen lanean. Urte hartatik 2004ra arte, hainbat kargu izan zituen; tartean bitan izan zen Gipuzkoako Arrantzaleen Kofradien Federazioko presidente.

Erretiratuta dago egun. Bi gauza egiten dituela azaldu du: “Bizilagunaren nekazaritza etxeko negozioan laguntzen dut. Bertako baratzean eta larreak mozten laguntzen diot. Kafeak atera behar direnean ere hor izaten naiz. Gainera, ontzi txiki bat dut, eta ahal dudanean txipiroietara joaten naiz”. Hortaz, itsasoarekiko lotura ez du hautsi Olaizolak, zaila baita hainbeste defendatu duen ofizioa goizetik gauera uztea. “Gainera, bi seme arrantzaleak dira, itsasoan ditut. Haiei laguntzen ere saiatzen naiz”, adierazi du. Hortaz, aisiarako tarte handirik ez duela dio, baina egiten duenarekin pozik dago, gustura.

Kazetarien mikrofono horien aurrean, maiz, haserre aurpegia agertzen zuen hondarribiarrak. Beti zuen esku artean gatazkaren bat; sare pelagikoak zirela, bolantak, kuotak, portuen blokeoak… Baina hark eta haren ondoan izan zirenek egindako lanarengatik ez balitz, arrantzaren sektorea, egun ezagutzen dugun bezala, ez zen beharbada existituko.

Lana eta borroka

Arrantzaleen eskubideen aldeko jardunean lanaren eta borrokaren aldeko hautua egin zuen Olaizolak. Edonon, edonoiz, edonoren aurrean, hark ordezkatzen zuen sektorea, eta, zergatik ez, bizitzeko era bat defendatu zuen. Gauzak aurrez aurre esaten zituenetakoa zen Olaizola: “Egiarekin joaten ginen beti toki guztietara”. Eta berdin zitzaion Europako Batasuneko, Espainiako Gobernuko edo Eusko Jaurlaritzako ordezkariak izan aurrean: “Egiarekin joanez gero, zilegi delako edozein planteamendu defendatzea. Errespetuz egiten ziguten harrera”.

“Itsasoan gertatzen ari zenaz konturatu ginen lehenak hondarribiarrak izan ginen. Hendaia ondoan dugu, eta ikusi genuen zer-nolako sarraskiak egiten zituzten arrantza egiteko sare pelagikoak erabiltzen zituztenek”; hortaz ohartuta, eginkizun bat jarri zion bere buruari Olaizolak: itsasoarekiko errespetuzko arrantza sustatu eta bultzatzea. Izan ere, Ipar Euskal Herriko ontzi bakoitzean bost bat lagunek lan egiten zuten orduan, eta, Olaizolaren arabera, horietako baten lan bakarra zen sare pelagikoetan kateatuta zeuden eta saltzeko baliagarriak ez zitzaizkien arrainak berriz ere itsasora botatzea, hilda. “Horrek min handia egiten zidan”. Hala, hasieran, Lapurdiko ontziak legatzetara joaten zirela zehaztu du hondarribiarrak, “baina legatza bukatu zenean, beste espezie batzuen bila joaten hasi ziren; antxoa bila, esaterako. Orduan sinatu zuten Arcachongo akordioa —Frantziako Estatuko ontziei antxoa gehiago harrapatzeko bidea eman zien hitzarmen horrek; ordura arte, %10eko kuota zuten—. Sare pelagikoak oso kaltegarriak dira itsasoarentzat: edozer harrapatzen dute, eta ez dira selektiboak. Gero bolantak agertu ziren… Horien guztien kontra lan eta borroka asko egin genuen. 2000. urtean lortu genuen bolantak debekatzea”.

Gatazka horien oroitzapen txarrak eta onak ditu. Txarrak, ikusten zuelako itsasoko arrain erreserbak bukatzen ari zirela, arrantza tresna desegokiak erabiltzeagatik; onak, Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleen arteko batasuna zegoelako, elkarlanean ibili zirelako. Jo behar zituzten ate guztiak jo zituzten, eta bide horretan Antton Garairekin —Bizkaiko Kofradien Federazioko presidentea— eta Juan Mari Urbietarekin —Gipuzkoako Baxura Kofradien Federazioko lehendakaria— egindako lana du bereziki gogoan. “Niretzat oso aberatsa izan zen hor jardutea. Jende askorekin izan nuen harremana”.

Gogoratu du nola 1985ean, Espainiako Estatua Europako Batasunean oraindik ez zegoenean, Bruselara joan ziren azaltzera Hego Euskal Herriko ontziek nola arrantza egiten zuten: “Bideo bat egin genuen, eta Europako Parlamentuan azaldu genuen. Adibidez, legatza nola arrantzatzen genuen azaldu genien ikus-entzunezko harekin, nola modu tradizionala erabiltzen genuen harrapaketak egiteko, itsasoarentzat kaltegarria ez zen modu bat. Txomin Artolaren kantuekin osatu genuen bideoa. Amuarekin hartzen genituen legatzak, eta ondoren kanaberarekin jasotzen genituen. Hori azaldu nahi genien. Bruselan egon ginen lehen aldia izan zen hura”.

Bulegoan baino lehen, itsasoan

Gorbatadunen munduan sartu baino lehen, arrantzale izan zen Olaizola. Gaztea zenean, ohikoa zen Hondarribian 14-15 urterekin arrantzan hastea. “Gure aitak ontzi bat zuen, Rio Bidasoa. Aitona ere arrantzale izandakoa zen. Tradizioa…”. Soldaduska garaian, aitak beste ontzi bat erosi zuen, Mari Paz, eta bertan jardun zuen, anaia batekin. Aita erretiratu ondoren, anaiarekin beste ontzi bat erosi zuen, Beti Mesias, eta bertan patroi lanetan ibili zen Olaizola 30 urtez, 1986ra arte. Urte hartan hartu zuen lehorrerako bidea.

Egungo arrantzaren egoera itsasoaren gaitasunaren araberakoa da, Olaizolaren ustez. Lehen, kupoen gaia ez zitzaion oso ondo iruditzen, baina egun uste du horrekin arazoak saihestuko direla. “Pelagikoetara itzultzea hondamendia litzateke. Pixkanaka, arrantza eremuak indartzen ari dira. Helburua da bermatzea luzera begira aukera izango dela arrantza egiteko”.

Oraindik, hala ere, arrain kalak indartu behar direla uste du, baina ziur dago sektoreak etorkizuna izango duela errespetuz egindako arrantzarekin: “Duela urte batzuk, lehengaiaren bila inolako ardurarik gabe joaten ginen itsasora. Ahal zen guztia harrapatzen zen. Orain ez da horrela. Antxoaren geldialdiak erakutsi digu errespetuz egin behar dela arrantza. Horrek ahalbidetuko du arrantzaren etorkizuna”.