Itzea Urkizu
Saiatzeak beti izaten du arrisku bat, ekindako bidea bihurgunez betetzeko aukera. Aspaldiko irakasgaia da, ordea, oinez ikasteko ezinbestekoa dela erortzea, eta horixe gertatu zaie Tolosako Gazte Asanbladako kideei: joan den uztailean hartutako kolpetik altxatuta, abenduak gerizpea eskaini zion haien proiektuari. Oasia laburra izan da, ordea, eta asteazken goizaldean hustu zuen Ertzaintzak gaztetxe berria.
Lantegi zahar bat okupatu zuten, Izaskunerako igoeran, eta duela egun gutxi arte, legeak ezar ziezazkien trabak ahaztuta, aurrera begira zeuden kideak, atsotitzen esanak berak irauliz: Ezpalatik sortu nahi zuten herriko alternatiben enborra.
Zuhaitzaren lehen hazia non erein zuten ikusteko, 2014ko udazkenera egin behar da atzera: “Hutsune bat ikusten genuen Tolosan, eta bagenuen zerbaiten falta, gauza berriak egiteko jakin-mina”, diote Gazte Asanbladako kideek.
Tantaka-tantaka, zenbait egitasmo prestatu zituzten festa eta aldarrikapena uztartuz, baina beren jomugek beti oztopo batekin topo egiten zutela diote: “Gehienetan, horma bat jotzen genuen, eta horma hori toki falta zen. Azken finean, bilera gelaz betetako eraikin batean geunden, baliabide eskasekin, eta jendearentzat ez da erakargarria horra joatea. Okupazioaren ideiarekin bueltaka aritu ginen denbora batez, eta aukera horri eutsi genion azkenean”.
Esan eta egin. Joan den uztail amaieran, Tolosako Larramendi auzoko fabrika zahar bat hartu zuten Tolosako Gazte Asanbladako kideek, “hutsik zegoen eraikin bati erabilera sozial bat emateko”. Okupazioaren berri eman eta ordu gutxira, ordea, alde egin behar izan zuten handik, kaleratze agindu bat zela medio.
Lehen saiakera hark huts eginda, gazteak segituan hasi ziren beren asmoei hegalak emango zizkien beste zenbait aukera aztertzen: “Egia esan, lekua aukeratzeak denbora kendu zigun, baina ez zen bereziki zaila izan. Gure proiektuak ezaugarri jakin batzuk eskatzen ditu, eta Tolosan gune bat baino gehiago genituen aukeren artean. Gainera, sartu aurretik ez da sekula jakiten barrukoa nola egongo den, gune ona edo txarra den… Beraz, hasieran, bat edo beste aukeratu behar da, ez dago besterik”.
Baina abenduan, atea zabaldu eta lantegia ikusita, gazteek argi ikusi zuten eredu berrien fabrika perfektua izan zitekeela hura.
Tresna, ez helburua
“Gure helburua ez da gaztetxe bat”. Hala baieztatu dute Tolosako Gazte Asanbladako kideek, eta proiektu osoago baten bila dabiltzala nabarmendu. Izan ere, “Tolosako gazteek elkar ezagutzea, Tolosan aisialdi ereduak sortuz joatea eta gazteen arteko mugimendua sortzea” dituzte herriko “hutsune” hori betetzeko mami. Eta mami horrek bozgorailu bat behar duen heinean, gaztetxe bat, ideien faktoria bat, aterpe bat ezinbesteko dutela diote: “Gure aisialdiaren kontrola eta burujabetza guk geuk hartu nahi dugu. Antola ditzagun gure festak, gure ikastaroak eta gure hitzaldiak”.
Hamarkada bat hutsik zeraman lantegia okupatu, eta, artean izenik ere ez zuela, aisialdi hori egitasmoz betetzea izan zen Tolosako Gazte Asanbladaren lehen lana. Abenduko oporraldia baliatu zuten egitarau sendo bat osatzeko, eta, bide horretan, oso gustura azaldu dira ekitaldiek izan duten harrerarekin. Dokumentalak, hitzaldiak, kontzertuak eta ikastaroak eskaini dizkiete herritarrei, eta heldu zein gazte elkartu dira Ezpalaren aterpean.
Hain zuzen ere, Gazte Asanbladak aldaketarako esku artean duen proposamenaren zati bat da belaunaldi arteko sareak sendotzea ere: “Jakituria partekatzeko gune bat ere nahi dugu, eta herri osoari zabaldu nahi dizkiogu ateak. Herri handietan, beharbada, bakoitza bere zirkuluan mugitzen da beti, eta guk belaunaldiek elkar elikatzea nahi dugu”.
Proposamen berriak eta belaunaldi trukea uztartze horretan, herriko gainerako eragileak ere ezinbesteko bilaka daitezke, eta, Gazte Asanbladaren bide orrian, bada elkarlanari bideraturiko puntu bat ere. Hiru asteotan, herritar askok galdetu die beste gaztetxe bat zergatik okupatu duten, Bonberenea bezalako gune bat izanda: “Guk erabat babesten dugu Bonberenearen proiektua, eta haien eskaintza kontsumitzen dugu. Baina gure proiektua desberdina da, eta, horregatik, eremu propioa behar duela uste dugu. Bi egitasmoek ezaugarri asko dituzte elkarrekin, autogestioaren eta okupazioaren bueltako proiektuak direlako. Beraz, haiekin eta beste eragileekin elkarlanean aritzea aurreikusten dugu, horretarako behar adina indar eta egonkortasun eskuratzen dugunean, noski”.
Legearen soka gainean
“Okupazioaren bidea hartu genuen unetik bertatik, okupazio hori zilegi ikusi izan dugu”. Izaskungo aldapako lantegi zaharrak, ordea, badu jabe bat, eta gazteak kaleratze arriskuaren jakitun zeuden, gaztetxea hustu bezperan: “Arriskua badago, baina, ia ziurtasun osoz, badakigu ez gaituztela di-da batean kaleratuko. Dena den, gu lanean ari gara; ez dugu beldurrik, eta gertatu behar duena gertatuko da”.
Eta halaxe izan zen. Asteazken goizaldean, 04:30 aldera, Ertzaintza bertaratu zen Ezpala gaztetxe ingurura, eta, bi orduren bueltan, eraikina husten hasi ziren. Tolosako Gazte Asanbladak salatu duenez, “agindurik gabe” gauzatu zuten kaleratzea, eta ertzainei eta udaltzainei agindu ofiziala eskatuagatik, ez zieten erakutsi: “Gu ere baimenik eskatu gabe sartu ginela esaten ziguten”.
Egunotako prestaturiko eraberritze lanak utzi, eta Ezpala hustu izana salatzeko lan egingo dute orain. Bihar, esaterako, manifestazioa egingo dute, 17:00etatik aurrera, Triangulo plazatik abiatuta.
Leave a Reply