Itsaso izango da 89.a

Itsaso izango da 89.a

Eider Goenaga

Frankismo garaian, 1965eko martxoaren 2an, behartuta batu ziren Ezkio eta Itsaso herriak. Antzeko biztanleria zuten, mugakide ziren, errekak bakarrik bereizten zituen haien lur eta baserriak, eta arazo ekonomikoak zituzten bi udalek. Orduko agintariek erabaki eta inposatu zuten bat egitea. Eta ordutik eskutik eutsita egin dute bidea: beldurragatik, txintik esan gabe, hasieran; eta inertziagatik-edo, protestarik egin gabe, ondoren. “Baina eskaera beti hor egon da. Olatu baten moduan islatzen dut nik bi herriak bereizteko eskaeraren indarra; batzuetan indartsuago eta bestetan ahulago, hor egon da beti”, azaldu dio Hitza-ri Garikoitz Aiesta Ezkio-Itsasoko alkateak (Donostia, 1979). Aiesta 2011tik da zinegotzi Ezkio-Itsason, eta 2012an izendatu zuten alkate.

Aiestaren hitzetan, “tabu” moduko bat izan da Ezkio eta Itsasoren arteko banaketa. Baina 2011n tabu hori haustea erabaki zuen udalak. Itsasoarrek desanexioa eskatzen zuten, eta horri bide egitea pentsatu zuten, prozesu bat hastea, herritarrek hala nahi balute, bakoitzak bere bidea egin zezan. Bost urte geroago, desanexioa ia egina dago. Ezkio eta Itsaso banandu egingo dira, edo zehatzago, Itsaso desanexionatu egingo da. Gipuzkoako 89. udala izango da —berez, Igeldori dagokio zenbaki hori, baina haren desanexioari buruzko erabakia etenda dago, EAEko Auzitegi Nagusiak erabaki bitartean—.

Azken urratsak

Udalaren aldetik estipulazio txostena onartzea —bi herriak nola eta zein baldintzatan banatuko diren zehazten duen dokumentu adostua— eta osoko biluran berrestea bakarrik falta dela azaldu du Aiestak. “Zenbait asteko kontua izango delakoan nago, ia itxita baitaukagu guztia. Beraz, otsailerako, edo beranduenez martxorako, egina egongo da”. Gero, Gipuzkoako Foru Aldundira bidaliko dute desanexio espedientea, eta hark banaketa onartzen duen dekretua kaleratzen duenean, Ezkiok bere bideari jarraituko dio, eta Itsasok bakarkako ibilbidea abiatu beharko du.

“Gipuzkoako Foru Aldundiarekin hasiera-hasieratik izan dugu kontaktua; beti izan dute gure mugimenduen berri, eta adostasuna badago”. Hain zuzen ere, Imanol Lasa foru aldundiko bozeramaileak iragarri zuen hasi berria den urte honetan Gipuzkoak herri bat gehiago izango duela, 2016. urtean Ezkio eta Itsaso banandu egingo direla.

Eskaeraren jatorria

Bi herriak batu zirenetik, udaletxea eta udal zerbitzuak zentralizatzea izan zen Ezkio-Itsasok hartutako bidea. Bi herrien erdigunea bilatu behar zuten, eta lehen erabakia udaletxea Santa Lutzi-Anduagan (Ezkio) jartzea izan zen. Egun ere horrela jarraitzen du. Zerbitzu guztiak bertan daude: udaletxea eta udal zerbitzu guztiak, mediku etxea, haur eskola eta eskola txikia. Eta herriko industria ere bertan kokatu da. “1965etik gaur arte horrela funtzionatu dugu; zerbitzu gehienak Santa Lutzin zentralizatuta”.

Baina erabaki horrek eragina izan zuen bi herrien bilakaeran. Garai batean biztanlez pareko ziren arren —300 biztanle inguru baikotzean—, gaur egun kopuruak asko aldatu dira: 460 inguru dira Ezkion, eta 160 bat Itsason. Zentroa Santa Lutzin jartzeak auzo horren bilakaera eragin du urteekin, eta bertan bizi dira Ezkioko herritar gehienak. Garai batean herriguneak zirenek, Ezkioko eta Itsasoko kaskoek, berriz, biztanleak galdu dituzte. “Garai bateko herrien errealitatea erabat irauli da”.

Bidean galtzaile sentitu dira itsasoarrak. Aiestaren arabera, zerbitzuak Santa Lutzin kokatzeak Itsasori “kalte” egin diola eta “urrundu” egin duela argudiatzen dute itsasoarrek, eta, aldi berean, inbertsioak nagusiki Ezkion egin direla, eta Itsason ez dela ia inbertsiorik egin. Aiestak ulertzen du itsasoarren kexa, “egia baita inbertsioa Ezkion egin dela, zentroa Santa Lutzin kokatzearen ondorioz”.

Itsasoarren ondoeza eta atsekabea ezagutzen zuten 2011n udaletxera iritsitako korporazioko kideek, eta zerbait egitea erabaki zuten. “Ordu arte udaletxean ia tabu izandako gai hori mahai gainean jartzeko unea zela erabaki genuen, unea zela gaiari behar bezala heltzeko”.

Korporazioko kideak ez ziren printzipioz banatzearen aldekoak, baina herrian eskaera bazegola eta, ondorioz, bidea ireki behar zitzaiola pentsatzen zuten. Parte-hartze prozesua martxan jarri, herritarren eskaerak entzun, bi herrietako ordezkariek osatutako batzordea eratu, abokatu eta aholkulari juridikoekin desanexiorako bideak aztertu, herri bakoitzaren mugak, zerbitzuak, eskubideak eta betebeharrak zehaztu… Luzea izan da ordutik egindako bidea. “Eta orain dena oso erraza eta polita izan dela dirudien arren, hasieran izan ziren tentsioak. Sukalde lan handia egin dugu honaino heltzeko, asko hitz egin dugu, asko eztabaidatu, harremanak landu batzuekin eta besteekin, gure arteko ezberdintasunak berdintzen saiatu… Lan asko dago atzetik. Lan asko, eta borondate politikoa”.

Udal korporazioaren jarrera kanpoan gelditzea izan da, hasieratik. “Argi utzi genuen udal ordezkariak bilera eta batzordeetan egongo ginela, baina guk ez genuela parte hartze aktiborik izango, ez genuela erabakietan parte hartuko. Herritarrek erabakitzea nahi genuen, gure iritziekin prozesua baldintzatu gabe”.

Mugarriak

Bidean hainbat mugarri izan direla azaldu dio Hitza-ri alkateak. Batetik, Gipuzkoan banandu eta desanexionatu diren herriak, edo desanexionatzekotan daudenak bisitatu zituzten. Hala, 1991 arte Iruerrieta osatzen zuten Baliarrain, Orendain eta Ikaztegieta bisitatu eta haien kasua aztertu zuten; eta gauza bera Gaztelu-Leaburu-Txarama eta Itsasondo-Aramarekin ere. Igeldoko kasua ere aztertu zuten. “Haietan zein bide jarraitu zen ikusi nahi genuen, gurean nola egin erabakitzeko”.

Arlo juridikoan, abokatu bat hartu zuten Ezkio-Itsasoren kasua aztertzeko, eta hark egin zuen lehen txosten juridikoa. “2003ko arau forala aztertu zuen, non 2.500 biztanleko muga jartzen den herri bat independizatzeko, eta, noski, Ezkio-Itsasok ez du betetzen baldintza hori. Baina arau horren aplikazioan salbuetsita daude frankismo garaian herri borondatea kontuan hartu gabe elkartu ziren herriak. Eta, gaur egun, Gipuzkoan bi herri daude egoera horretan; Ezkio-Itsaso, batetik, eta Bidania-Goiatz, bestetik”.

Hirugarren mugarria “segragazio txostena” eskatzea izan zen. Siadecok egin zuen bideragarritasun ekonomikoaren azterketa. “Enpresa horrek egin zuena izan zen udalaren datu ekonomikoak eta udalaren funtzionamendua aztertu eta proposamen bat egin bi herriek bereizita funtzionatzeko”. Ez zen bete beharreko txosten bat, baina negoziazioan dagoen estipulazio txostenaren oinarria Siadecoren azterketa hori da.

Itsasoko herritarren borondatea errespetatzea izan da prozesuaren ardatza, eta borondate hori itsasoarren artean egindako sinadura bilketa bidez neurtu zuten, 2015eko urtarrilean. 18 urtetik gorako 102 itsasoarrek egin zuten desanexioari bidea irekitzearen aldeko galdea —68 herritarren babesa behar zuten prozesua abiatzeko—. Ezkiotarrei ez zaie galderarik egin; parte-hartze prozesuan izan dute iritzia emateko aukera. “Ezkio-Itsasotik ateratzea eskatzen duena Itsaso denez, Itsason bakarrik egin da galdeketa. Abokatuak argi esan zigun hori, desanexio prozesuetan desanexionatu nahi duen herriari egiten zaio galdera; bestela, banaketa izango litzateke, eta gure kasuan desanexioa da”.

Uda parterako espero du Aiestak desanexio hori gauzatzea, nahiz eta hori foru aldundiaren esku dagoen. Behin banaketa gauzatuta, Ezkioko udalean dauden Itsasoko bi ordezkariek udala utzi eta hauteskunde zerrendan dauden Ezkioko bi ordezkariak sartuko dira udalbatzara. Itsason, berriz, batzorde kudeatzaile bat eratuko dute, hurrengo udal hauteskundeak bitartean.

Leave a Reply

Your email address will not be published.