Bosgarrena, zuloduna eta Clooney

Edukiontzia da bosgarrena; gurpilduna eta auzoan edukitzekoa. Tapatxo bat du, giltzarekin, eta hura baino lehenago kaleetan jarri zituzten berdearen, urdinaren, horiaren eta betikoaren ondoren etorri izanak eman zion izena. Gipuzkoako herri batzuetako kaleetan topa daiteke.

Zuloduna ere edukiontzia da, baina askoz txikiagoa. Ez du gurpilik: helduleku txiki bat baino ez, eta zulo batzuk, airearentzat. Hori ere ez da herri guztietan topatzen, baina dauden herrietan asko egoten dira, etxe bakoitzeko bat, metalezko zutabeetan zintzilik, portaletik gertu, edo herritarren etxean.

Clooney George da, zineko izar handia. Hori zailago da topatzen Gipuzkoako herri bateko kaleetan, baina hark egindako filmak bai, horiek ugari ikusten dira bertako etxeetan. Baita hark egindako iragarkiak ere. Horietako batean, Mr. Descaffeinato dugu.

Ezin esan, ordea, azken hilabete eta urteetan, Gipuzkoan bereziki, edukiontzien gaia deskafeinatua edo arindua dagoenik. Kontrakoa gehiago: pisuzko gaia bihurtuz joan da gero eta gehiago, aktualitatean eta eztabaidatan toki zentrala hartzeraino une askotan. Eta ez da batere ohikoa edukiontzien edo zaborraren gaia aktualitatearen edo eztabaida politikoen gai nagusi izatea inon, zabor-biltzaileen greba luzeren bat edo antzeko arazo larriren bat tartean ez bada behintzat. Gipuzkoan, ordea, zelai politikoaren erdi inguruan dabil aspaldian gaia; ezker abertzaleak atez atekoa bihurtu du bere ikur berrietako bat eta EAJ, PSE eta PPk oso gai gutxitan lortzen duten adostasuna agertu dute ikur horren eta dakarren planteamendu-aldaketa sakonaren aurka, Alduntzin Ingurumen diputatua kargutik kentzera iristeraino.

Hamaikatxo kontu daude eztabaidagai hondakinen gaian, eta gainera, eztabaida eta lehia politikoaren erdigunean egotea tokatu zaionetik, gaiari buruzko aspektu edo eztabaida teknikoak eta filosofikoak bigarren edo hirugarren mailan egotera pasa dira. Bada, ordea, puntu bat, nire ustez oinarri-oinarrizkoa dena, eta gure egungo bizi estiloarekin oso gaizki ezkontzen dena. Pello Zubiriari entzun nion behin, Euskadi Irratian egiten zituen kolaborazio horietako batean. Oker ez banago, kutsatzeko eskubidea deitu zion, eta gaiari oinarritik heltzeko aukera ematen du eztabaida puntu horretan kokatzeak. Libre behar du? Norberak askatasuna izan behar du erabakitzeko gehiago edo gutxiago kutsatuko duen? Askatasuna izan behar dugu birziklatu nahi dugun erabakitzeko?

Gurea bezalako gizarte batean, non era guztietako kontsumoak sustatzea eta erakartzea lehen mailako gaia den, non era bateko edo besteko kontsumoak gure identitatearen osaketan bertan ere leku garrantzitsu bat betetzen duen, gutako bakoitza sortzen dugun kutsaduraren eta hondakinen arduradun egitea ez da azaleko aldaketa txiki bat. Libreki eta ugari kontsumitzea gauza desiragarri moduan saldu edo bultzatzen den gizarte batean, gero ez da erraza jendeak gogo onez onartzea kontsumo desiratu horretatik sortzen zaizkion hondakinak bere erantzukizuna direnik. Eta are gutxiago, behartuta egongo denik sortzen dituen hondakin horiek modu jakin batean tratatzera.

Bat-batean, eztabaida horretan geundela iritsi da George hoteleko sarrerara. Maletak igo dizkiote hoteleko gelara Descaffeinato jaunari. Bat ireki du, eta maleta erdia kartoizko kutxatxoz betea dago. Eta haien barruan, kapsulak. Kapsula haietan, kafea. Kafe berria, gaur egungo kafea. Garai batekoa baino hogei aldiz aluminio eta kartoi gehiagoan bildua, eta erabili ondoren plastikoa, kafea eta aluminioa bereizi ezinda uzten dituen sistema batean bildua, baina… polita, ederra.

Bitartean, Ruth eta Maider nahastuta dabiltza dendaz denda. Kuadrillako lagun bati opari berezi bat egin nahi eta asmatu ezinda… Eten bat egin dute taberna batean, ideiak freskatzeko. Descaffeinato jauna agertu da pantailan bere iragarkietako batean, eta Ruth-i begiak argitu zaizkio: “Badakit! Zergatik ez kapsuletako kafea egiten duen makina horietako bat?”.