“Ez gara desagertuko, baina zerbitzuak murriztu behar izatea da gure kezka”

Agipad drogen abusuaren ikerketarako eta prebentziorako Gipuzkoako elkarteko zuzendaria da Felix Sarasua (Donostia, 1961). 2011. urtean elkarteak egindako lana bildu dute txosten batean, eta hainbat datu “deigarri” argitaratu dituzten arren, datu horiek testuinguruan kokatzeko beharra ikusten du; besteak beste, alkoholarekin zerikusia duten laguntza eskaerak %22 igo dira, baina zerbitzua berria izateari egotzi dio arrazoia. Krisiaren eragina handia izaten ari dela dio Sarasuak, eta hainbat zerbitzutan murrizketak egoteak kezkatzen du.

Zein alorretan jarduten da Agipad?

Agipaden lan eremua Gipuzkoa da, eta bi alorretan egiten dugu lan: prebentzioan eta tratamenduan. Bien artean gure zerbitzuek 10.700 onuradun izan zituzten 2011n. Onuradun diogu, prebentzio alorrean direlako gehienak, zehazki 8.300. Gainontzekoak laguntza alorrekoak dira. Horren barruan, bi terapia zentro ditugu, Haurtxoa eta Haize-Gain. Martuteneko espetxean ere lan egiten dugu; eta, azkenik, egoitzan bertan ematen dugun zerbitzua dago. Azkeneko hori, mendekotasuna tratatzeko beren bizitzan etena egiteko beharra ez duten pertsonentzat. Mendekotasunak dituzten amak beraien seme-alabekin egoteko zentroa da Haurtxoa, eta Haize-Gain bestelako pazienteentzako da.

2011ko txostena aurkeztu duzue duela gutxi. Nolakoak dira zuen erabiltzaileak?

Guk tratatzen ditugun pertsonen ikuspuntutik hitz egiten dugu. Tratamendu bila datorren pertsonei buruz ari gara. %81 gizonezkoak dira, eta, mendekotasunaz gain, hari lotutako psikiatria patologiaren bat edo beste daukate, ia kasu guztietan. Beraz, kasu korapilatsuak dira. Hori dela eta, guk osasun pribatuko eta publikoko langileekin koordinatuta egiten dugu lan. Bestalde, soslai horren barruan, hau da, gizonezkoa eta oinarrizko ikasketaduna, 30 urte baino zaharragoak dira gehienak, eta hamar urte baino gehiago daramate drogak hartzen. Horien droga nagusia, askotariko kontsumoaren barruan, kokaina da, alkohola eta kalamuarekin, ordena horretan. Egoitzako zerbitzuan detektatu duguna zera da: jende heldua dela, eta %39 emakumeak direla. Horietatik %62ak seme-alabak dituzte. Alkoholarekin laguntza behar dutenen eskaerak %22 igo dira. Baina, kontua da gu gehiago arduratu garela horretaz; gure alkohol zerbitzuak lau urte besterik ez ditu. Hala ere, urte batetik bestera alkoholarekin zerikusia duten eskaerak igo egin dira.

Krisiak zerikusirik badu horrekin?

Ez, inondik inora, ez.

Harremanik ez dago drogen erabileraren eta krisiaren artean?

Bai, badago. Bitarteko gutxien duten pertsonak ahultasun egoera latzagoan jartzen ditu. Horrek substantzien erabilera ekar lezake. Bestalde, dagoeneko drogak erabiltzen dituztenen artean, substantzien aldaketa gerta daiteke. Drogen kalitatean ere izan dezake eragina, prezioa jaisteko kalitatea jaisten delako. Esaterako, Valentziako unibertsitate baten ikerketa batean diotenez, kokainaren %15a besterik ez da kokaina, gainontzekoa gehigarriak dira.

Prebentzioaren alorrean zerbait nabaritu duzue?

Zaila da erakundeek prebentzio kanpainei eustea. Batetik, krisiarekin jendeak ez du droga arazo nagusitzat jotzen, eta bestetik dirurik ez dago. Gainera, droga arazoa den pertzepzioa ez badago, krisiak dena jaten duelako, bada, erakundeek diru gutxiago jartzen dute horrelakoetarako.

Txostenak biltzen dituen beste datuen artean alkoholarekin loturiko bideko delituen igoera dago.

Hor ere ñabardura bat egin behar da. Guk hogei urte daramatzagu espetxean lanean, eta hor bai nabaritu dela alkoholemia eta bide segurtasunaren inguruko delituen igoera; 2010ean %0,65 ziren, eta 2011n, %7,5. Ez dago arrazoi jakinik. Baina, droga mendekotasunen seigarren planak alkohol analisi gehiago jartzea ezarri zuen.

Zer da une honetan Agipad gehien kezkatzen duena?

Gehien kezkatzen gaituena gure lana orain arte bezala egiten jarraitzeko aukera izatea da. Agipad 1980ko hamarkadaren hasieran jaio zen, eta garrantzitsua da. 30 urte eman ditugu, zarata handirik egin gabe, lan garrantzitsua egiten. Orain kezkatzen gaituena dirua da. Oraingo egoera oso korapilatsua da denentzat. Gauzatzen ditugun programa gehienek finantzabide publikoa dute; baina gure finantzabide pribatuak ere baditugu: gure kideen ekarpenak eta gure prebentzio materialaren salmenta. Lagunekin baratzean materiala toki askotan saltzen dugu, Murtziako Udalari, Kantabrian, eta abarretan. Baina, liburuen salmenta jaitsi da, erakundeen ekarpena murriztu da, baita eskolek eta udalek eskatutako hitzaldiak ere. Beraz, gure diru sarrerak murrizten ari dira, eta borroka latza da. Hala ere, gure jendea oso militantea da, alor honetan lan egiten duen jendea oso militantea da. Esaterako, gurekin lanean aritzen den jendeak luzaroan egiten du lan elkartean. Horri esker, leunagoa da arazoa. Desagertu ez gara desagertuko, baina, zerbitzuak murriztu behar izatea da gure kezka. Espetxeko programa, adibidez, kolokan dago. Hala eta guztiz ere, gure babesleak direnei, alegia, Eusko Jaurlaritzari, Gipuzkoako Aldundiari, Donostiako eta Oiartzungo udalei eta Kutxari eskerrak eman nahi dizkiegu, murrizketak murrizketa, gure lanarekin aurrera jarraitzen laguntzen digutelako.