Leire Narbaiza
Uda honetan nobedadea izan da Arraten, moja komunitate bat bertan jarri delako bizitzen antzinako ostatuan, gero Krabelin jatetxe-hotela izan zen horretan, iritsi eta ezkerretan dagoen horretan. Ez dakit noiztik, baina mende erdi baten, gutxienez, egon dira leku horretan ostalaritza negozioak, gorabehera handiekin. Kontua da elizbarrutiarena dela jabetza, eta horregatik lortu dutela lekaimeek espazio hori.
Klausurako mojak ei dira, baina Arratera joan garen guztiok ikusi ditugu gozo-gauzak saltzen, selfieak egiten festetan, herri kirolak ikusten… Klausura berezia, horratio!
Gazteak dira, batez beste 34 urte dituzte Jesusen Bihotzaren Karmelita Samariar horiek, …eta kitto aldizkariko artikuluan azaldutakoaren arabera. Antza denez, javierada batera joan ziren euretako batzuk, Munillaren ondoan suertatu, apezpikuari erdi txantxetan etxe bat eskatu, eta hurrengo egunean Arratekoa eskaini zien gipuzkoarrak! Sinestezina Elizaren presa kasu honetan. Beste edozein gaitan luzamenduan ibiltzen da, baina oraingoan argiaren abiaduran.
Munillaren alaba horiek euren ordena berria ekarri dute herri historikoki laiko batera, Elizaren pisua —inguruko herriekin alderatuta— askoz txikiagoa duenera. Gainera, Eibarren, desagertuta zeuden moja ordena bi, eta bakarra geratzen zen. Gipuzkoako gotzainak, ostera, lortu du abitu eta burukodun moja gaztez betetzea erlijiosoa ez zen eraikina. Gol bat eskuadratik.
Irailaren zortzian izaten dira Arrateko jaiak, eta argazki berezi askoren protagonista izan ziren abitudun horiek, bitxia zelako euren presentzia. Egun berean, Gipuzkoako beste puntan, emakume (eta gizon) ausart askok plastiko beltzez inguratuta aurre egin zieten oihu, irain eta zaratei herriko jaietan parte hartzeagatik. Urteetan izandako alarde parekidearen kontrako eraso bortitzena izan omen da aurtengoa. Aurrera egin beharrean, atzera Hondarribian ere.
Gipuzkoako mutur bietan fundamentalismoaren aurpegi bi ikusi ditugu, eta ez da kasualitatea bietan emakumeak izatea atzerakadak aurrera egiteko erabiltzen duen parapetoa. Arraten, komentu bihurtu dute ostalaritza gune bat, emakume erlijiosoei eskaini kristautasuna indartzeko herrian, lekaime horiek eredu izan daitezen, ea neskarik erakartzen duten gozotasun, dibertimendu eta sinpatiaren bidez. Hondarribian, era zakarragoan jardun dute integristek, eta kasu honetan ere emakumeak jarri dituzte lehenengo lerroan.
Arrateko mojek nahi dutelako janzten dute burukoa, emakume musulmanen moduan. Eta Hondarribikoek ere gura dutelako ezkutatzen dute euren burua plastiko beltzen ostean. Baina musulmanei egozten diegu islamizazioa, integrismoa eta engainatuta daudela. Mojena eta plastikodunena hautu pertsonala da, baina. Zelan aldatzen diren gauzak segun eta nork egiten dituen!
Inori ez diot ukatuko moja izateko elekzioa, ezta hijab-a janztekoa ere. Alarde parekidearen kontra egotea ere zilegi izan liteke, plastiko beltza soinean eroatea lez. Irainak eta jazarpena, ostera, ez dira bidezkoak. Janzkera hautu horiek ez naute larregi kezkatzen. Arduratzen nau, benetan, emakumeak ariete gisa erabiltzeak, andrazko horien (eta guztion) askatasuna aitzakiatzat hartzeak integrismoa berriro ezartzeko, denboran atzera egiteko.
Inboluzioa Gipuzkoan, puntarik punta.
Leave a Reply