Kerman Garralda Zubimendi
Uda izaten da garairik aproposena ardiei ilea mozteko. Artilez lepo daude baserrietako ganbarak. Garai batean, albiste ona zen hori; baina buruhaustea da egun. “Gaur egun, kudeaketa zaila duen hondakina da ardi latxen ustiapeneko artile gordina; gastuak bakarrik sortzen ditu”, azaldu du Yurre Peñagarikano Urkome Urola Kostako Landa Garapenerako Elkarteko kudeatzaileak.
Zabarra da ardi latxaren artilea, eta hori oztopo gaindiezina bilakatu da merkaturatzeko garaian. “Beti izan da mugatua ardi latxaren artilearen merkatua, baina, azken urteotan, erabat itxi da, material sintetiko berrien erruz. Ardi latxaren artileak ez du lekurik merkatuan, eta hondakin bihurtu da. Ongi prestatu gabe harrapatu gaitu aldaketak”, azaldu du Manex Aranburu Goimen Goierriko Landa Eremuaren Aldeko Elkarteko teknikariak. “Azken bizpahiru urteotan aldatu da egoera: artilearekin dirua egiten zuten lehen, eta hura bilduko duenik ez dago orain. Baserrietan pilatzen ari da, eta traba da hori lanerako eta ekonomia aldetik. Arazoa mahai gainean dago: artilea, orain arte, balioa zuen produktu bat zen, eta batbatean hondakin gisa tratatu behar da”. Europako Batasunak animalia jatorriko hondakin izaera eman dio aurten artileari.
“Zer egin dezakegu esku artean dugun artilearekin?”, galdetu dio Peñagarikanok bere buruari. Iaz 700 tona artile inguru jaso zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. “Eta oraindik goiz da aurtengo datuak zehatzmehatz jakiteko, baina uste dugu Gipuzkoan 200 bat tona jasoko ditugula”, gaineratu du Peñagarikanok. Aranburuk zehaztu du 60 tonaren bueltan ibiliko direla Goierrin. Hanhemenka, artilea jasotzeko guneak egokitu dituzte hiru probintzia horietan. Latxa Esnea etxeak gidatutako egitasmoa da, eta bidelagun ditu Ekolber eta Neiker enpresak, eta baita Landaola, Arabalanda eta Bizkaimendi ere. Hau da, hiru lurraldeetako landa garapenerako elkarteen federazioak.
Argazkia osatzeko, iazko esperientziari heldu dio Peñagarikanok. “Kudeatzaile baten esku gelditu zen joan den urtean jasotako artile guztia, baina hark irtenbiderik topatu ez zuenez, aurten uko egin dio bildutakoa kudeatzeari”. Ikerketara eta garapenera bideratuko dute bildutako artilea. “Orain arte landu ez ditugun aukerak baliatuko ditugu. Jakin badakigu balekoak direla ardi latxaren artilearen ezaugarriak, eta hori aprobetxatu nahi dugu”.
Kosmetika mundua izan daiteke aukeretako bat. Keratina asko du ardi latxaren artileak, eta ilea zaintzeko gero eta produktu gehiagok erabiltzen dute proteina hori. Eraikuntzarena izan daiteke beste aukeretako bat. Isolatzaile ona da artilea, baina oraindik ez daude oso aurreratuta adreiluarekin nahasteko teknikak. Baserrian bertan erabiltzea izan daiteke beste aukera bat. Ongarri moduan erabiltzeko konposta egin daiteke artilearekin, eta berotegietarako egokiak diren soka biodegradagarriak ere egin litezke.
Balio erantsia, baserrian
“Aurrena lanketa bat egin behar da artilearekin egindako produktu berriak merkatuan txertatzeko: zenbat produktu egin ditzakegu? Zeinek ekoitziko ditu? Non salduko ditugu? Zein preziotan? Nork erosiko du? Artilearen inguruko ingeniaritza lana eta enpresa bat sortu behar ditugu”, defendatu du Aranburuk.
Onartu du, hala ere, artzainek euren artileari irtenbidea “era autonomoan” ematea dela gaur egungo erronka nagusia. “Hondakinen zikloa baserrian gelditzea da oinarrizko helburua: ongarri bihurtzea eta berriz ere lurrera bueltatzea; ez dugu bildu nahi artile pila bat, ondoren fabrika batera eraman, produktu bihurtu, horiek gizarteratu, eta zabor bihurtzeko, zabortegi batean ustelduko direlako azkenean. Artilearen balio erantsia baserrian gelditzea nahi dugu”, nabarmendu du Aranburuk.
“Arazoaren irtenbidea gure esku dagoela ikusi behar du sektoreak. Artilea arazotzat har daiteke, baina, joera berrietara egokituz gero, aukera ere izan daiteke”, borobildu du Goimen elkarteko teknikariak.
Leave a Reply