Danel Agirre
Ai Weiweik slurfrfrfr ozen batekin zurrupatzen ditu fideo txinatarrak. Alboko mahaian bazkaldu du gaur ere. Slurfrfrfr-a baretu bezain pronto, patrikatik txotxa atera eta haginen arteko soberakinak birziklatzeari ekin dio, pazientzia osoz. Egunero errepikatzen duen errituala da, jai eta aste irensten du 8,90 euroko menu berbera, bion kutuna den jatetxe xumean. Ordaintzera joandakoan, irribarrea irten zaio: bazkaltiarrentzat mostradorean lagatako egunkariak bere argazkia zekarren azalean. Ez dakit Berlinen bizi denetik alemana ikasi ote duen; ezezkoan nago. “Bizirik den artista handiena”, zioen lerroburuak. Irteterakoan, inork ez dio eskatu selfie-rik. Hogei bat bider topo egingo genuen dagoeneko gure ostatu begikoan, eta lasai demonio xurgatu ahal izan ditu otorduak —slurfrfrfr— beti.
Usteko duzu hori guztia celebrity usainean dabilen kuxkuxeroa naizelako kontatu dizudala, baina bi zertzelada nabarmendu asmoz idatzi dut aurreko paragrafoa. “Bizirik den artista handiena” deitu duten horrek egunero jatetxe xume berean 8,90 euroko menua bazkaltzen duela, bata. Eta inork ez diola selfie-rik eskatzen, bestea. Lehen, bigarren edo hirugarren mailako aktore, musikari eta kirolariek Donostiara arrimatzen diren bakoitzean bizi behar dituzten markaketa gero eta itogarriagoen kontrako jokabidea, alegia.
Izan ere, berripaper hau ez den —zuzen ari zara eguneroko aukeraketa egiten, adiskide— komunikabide batzuek kazetaritza generotzat dute lehen, bigarren edo hirugarren mailako aktore, musikari eta kirolari horiek gurean egiten dituzten egonaldiak pertsekutatzea. Matt Damon, Diana Krall edo Bruce Springsteen izena baduzu, Ongi etorri, Mr. Marshall hori da Kontxan oin bat ipintzearen ordainsaria. Areago, David Bisbal edo Mario Casas bazara ere bai, hedabide horiek munta horretako artista espainiarrei segimendu kostunbrista berbera egiten dietelako kalean, azaltzea ere behar ez duten arrazoiengatik.
Jazarpenen ondorioz, euskal herritarron bertute behinolako bat —bisita guztiak, izan artista, jostun edo elektrikari, adeitasun eta diskrezio berarekin tratatzearena— galtzeko arriskuan da Hegoaldean. Miarritzetik pasatu litezke Galesko printzeak edo Madonna: ez da irudirik zabalduko, ez ditu inork molestatuko. A63 autobidea A8 errepide bihurtzen den larreetan, hospitalitate fin hori galtzen ari gara ordea. Eta —zabarkeria mediatikoaren fruitua izango da, ziur aski— kalean ere bekatu arintzat dugu edonor nekarazi behar hori.
Iloba ezin maitagarriagoa dut, baina joan den udan amorraziozko emotikono gorria bidali behar izan nion, ahoa biraodun zinta beltz batekin estalita duen horixe. Manu Ginobili NBAko jokalari ohia Zarautzen hondartza pasa egiten ari zelarik, selfie-a eskatu zion Jonek. Erdi biluzik hanka zabalka dagoena gogaitzea gaitzesgarria bada, adi orain datorrenari. Ilobak sakelakoan zeukan emaitza pare bat bider begiratu, mozolo aurpegiarekin ateratzen zenaz jabetu, eta ordubete geroago bigarrenez itzuli zen izarraren toallara, beste selfie baten bila, erreguka. Eta bere atzetik, Urola Kosta erdia, sare sozialak Ginobiliz lepo eduki nituelako 48 orduz, argazki bakoitzean mozolo aurpegiarekin alboan zuen ezaguna bakarrik aldatzen zelarik.
Adi, beraz. Zutabe hau pitokeriatzat baduzu, eta artistek —famaren ordainetan— jostunari edo elektrizistari gordetzen zaion diskreziorik ez dutela merezi sinetsita bazaude, jakin ezazu, behintzat, beraiekin ateratako selfie-tan penagarri irtengo zarela.
Leave a Reply