“Ikuskizunaren zati gisa hartu nuen entretenitzea”

Estitxu Sudupe (Urretxu, 1974) UGA taldeko abeslaria izan zen bere bizitzaren aro batean. Izen bila ari ziren, eta lehenengo diskoaren tituluan aurkitu zuten: Udako gauaren ametsa (Run Down, 1999), hitz bakoitzaren lehenengo hizkia elkartuta. UGA izena hartu zuen taldeak, baina praktikan, baita Sudupek berak ere. Taldeak dance musika zabaldu zuen Euskal Herrian 1999. eta 2002. urteen bitartean. Egun, Sudupe Donostiako Kursaaleko operazio burua da. Ez da oholtza gainera igotzen, baina atzealdetik bistatzen du agertokia.

Urretxu-Zumarragako Sekundino Esnaola musika eskolan hasi zen musika lantzen. Urretxuko Iparragirre Balerdi musika tailerrean zeharkako txirula jotzen ikasi zuen. Ondoren, Goiargi abesbatzako Kimets koru gaztean abestu zuen. Enpresa ikasketak egitera joan zenean, Donostiako Orfeoian kantatzen hasi zen, eta antzerki talde batean ere aritu zen; “beti gustatu izan zait antzerki giroa”, dio.

Donostian zegoela proba bat egitea eskaini zioten; “abeslari baten bila ari ziren”. Proba egin, eta UGA taldea sortu zen denbora gutxian. Wazen eta Hemendik At taldeekin batera, dance musika euskarara ekarri zuen. “Euskal Herrian gorakada izan zuen musika honek. Egia esan, gure hiru diskoek arrakasta dezente izan zuten. ETBn jarraipen handia egin ziguten. Baziren, garai hartan, guretzat oso egokiak ziren telebista programak. Sorginen Laratza saioan askotan izan ginen”. Miss Gipuzkoa eta Miss Euskadi txapelketetako jaietan behin baino gehiagotan kantatu zuen. Aurkezle lanak ere egin zituen: “Lau programa egin nituen; musikaren munduarekin lotutako saio solteak izan ziren”.

Udako gauak herriz herri

Abeslari zeneko oroitzapen asko gordetzen ditu Estitxu Sudupek. “Urretxun eman nuen kontzertua berezi-berezia izan zen niretzat. Erronka zen nire herrian kantatzea. ‘Nortzuk etorriko dira?’, galdetzen nion neure buruari. Jarraitzaileak, jakin-mina dutenak, handik igarotzen direnak…”. Urretxuko plaza bete zuen UGAk, baina euri zaparrada ederra bota zuen. Ez zuten kontzertua bertan behera utzi. “Txapela eranzten dut hiru ilara osatu zituzten neska gazte batzuen aurrean. Amaierara arte eutsi zioten, mela-mela eginda bukatu zuten arren. Ez ditut neska haiek ahazten”.

Udako beste gau bateko pasadizoa gogoan du: Beasaingo kiroldegian eman zuen bere lehenengo kontzertukoa. Gau hartan, beste talde baten ondoren eta Alaskaren aurretik kantatu zuen. “Ez genuen han bertan entsegurik egiteko aukerarik izan. Kontzertua hasi, eta mikrofonoa ez zebilen. Gau hartan audioa ere ez zebilen. Abeslariarentzat, abesten ari den bitartean, oso garrantzitsua da musika entzutea. Ez nengoen ziur afinatzen ari nintzen edo ez, entzuten zenik ere ez nekien. Entzuleek ez zela entzuten oihuka adierazi zidaten”. UGAk, arazo teknikoak konpondu bitartean, lehenengo abestiaren erdian, kontzertua geratu zuen: “Horietatik ikasten da”.

Oroitzapen gehiago kabitzen da Suduperen garai hartako motxilan. Errezilen emandako uda gaueko kontzertu batean ere plaza lepo zegoen. “Kontzertua motzegia izan zela gogoan dut. Gero, aldagelarik ez zegoenez, tabernako komunera joan nintzen arropak aldatzera. Mutil gazte batzuk komuneko atea zakar jotzen hasi ziren, eta deseroso sentitu nintzen. Komunetik atera gabe, neska ahotsak entzun nituen mutilei errieta egiten. Irten nintzenean eskerrak eman nizkien neskei”.

2002. urtean UGAk egin zuen Urretxu-Zumarragako Ikastolak antolatutako Kilometroak festaren abestia. “Ikastolatik deitu zidaten, eta baiezkoa eman nien. Kilometroak ospatu zen egunean, Santa Barbara baselizarako bidean nire kantua entzuteak emozioz bete ninduen”. Abestiak oihartzun handia izan zuen. Hurrengo urteko Kilometroak jaiaren kantua atera zeneko egunean “iraungi” zen UGAk Gipuzkoako ikastolen festarako sortutako abestia.

Urte hartan utzi zuen UGA taldea Estitxu Sudupek, “gozatzeari uztearekin batera”. UGA izan zen bitartean, zuzenekoetan kantatzeaz gain, “master of ceremony bilakatu nintzen, hau da, entzulea entretenitzea eta animatzea ikuskizunaren zati gisa hartu nituen”. Egun, entzulearekin sortzen den harreman horren falta da gehien sumatzen duena. UGAk kantatzen zuen musika sortu ere egin zuen. Carl Waterman eta Julius MC taldeko musikariekin batera, hiru diskoetako abestien hitzak eta melodiak egin zituen.

UGA izateari utzi aurretik hasi zen lan bila. Bilaketa hartan, Kursaaleko aukera atera zen. “Perfektua zen, agertokiaren beste aldean musika zein ikasketak uztartzen zituelako”. 2003. urtetik ari da Kursaaleko lantaldean, hasieran teknikari eta orain produkzio taldeko buru gisa. Handik pasatzen diren artistekin ez dauka harreman zuzenik. Hala ere, Kursaaletik igarotako artista bat edo beste ezagutu du: “Fama handiko artistak ingurukoek jainkotzen dituzte, aurrez aurre dituzunean norbera bezalakoak dira, hezur-haragizkoak. Woody Allen adibide bat da”.

Telebistan sartu-irtenak egiteko antzokietako oin-argien atzealde horretatik ateratzen da tarteka. Duela hiru bat hilabete, Kantuan saioan agertu zen, ETB-1en. Julian Iantzik aurkeztutako programara joan zen musika aditu gisa. Aurretik, 2009. urtean Bi Gira saioan, ETB-1en hura ere, aritu zen. Oihan Vega, Fran Lasuen eta Estitxu Pinatxorekin batera, epaile lanak egin zituen hiru hilabetez. “Programaren amaierako jaian haurdun nengoela konturatu nintzen, eta gero jakin nuen bikiak zirela. Orduan beste aro bat hasi zen nire bizitzan”.