Gipuzkoan 11 ume aritu dira Haurrak Mugimenduan programan

Gizentasunaren aurka egiteko, umea bere osotasunean hartzea. Horixe da Haurrak Mugimenduan egitasmoaren ideia nagusia, eta dagoeneko, Gipuzkoan 11 haurrek eta haien familiek parte hartu dute. Gizentzeko joera duten umeei zuzenduta dago. “Haurra bere osotasunean, arlo fisiko eta emozionala kontutan hartzen duelako gustatu zitzaigun. Emozioena arlo berri eta nabarmena da”, azaldu du Amaia Peralesek. Garbiñe Aizpururekin batera gidatu du programa Gipuzkoan; biak dira dietista-nutrizionistak.

Hiru ardatz ditu egitasmoak: elikadura, ariketa fisikoa eta emozioak. Arlo emozionala lantzea “beharrezkoa” da, Aizpururen arabera: “Bereziki haurrengan, funtsezko faktore bat da, haien beldur, haserre, frustrazio, tristura edo aspertzeari aurre egiterakoan jana ez erabiltzeko. Lana taldean egiten denez, arazo berdinak dituzten beste batzuekin egoteak hain ezberdinak ez izaten laguntzen die haurrei, eta beren burua gehiago maitatzen. Azken helburua da haur osasuntsuagoak, aktiboagoak eta zoriontsuagoak lortzea”.

Gipuzkoara aurten iritsi da Haurrak Mugimenduak egitasmoa. Donostia Ospitalean jarri dute, eta Kutxaren diru laguntza jaso du. Koordinatzaileak pozik daude orain arteko emaitze- kin: “Lehen emaitzek adierazten dute %78ek jaitsi egin dutela beren GMI Gorputz Masaren Indizea. 11 haurrak euren pisu egokira gerturatzen ari dira. Beraz, guztiak bide onetik doaz”. Peralesek gaineratu duenez, programan parte hartu dutenek “hobeto jaten ikasi dute, mota guztietako janak probatzen, gustuko duten ariketa fisiko gehiago egiten, besteekin komunikatzen, asertiboak izaten, beren sentimenduak hobeto adierazten, eta, halaber, beren autoestimua indartu dute”.

Programak, izatez, Katalunian du jatorria, Bartzelonako Vall d’Hebron ospitalean. Hango dietistek, psikologoek eta Pediatria Saileko endokrinologoek sortu zuten —Nens en Moviment izena jarri zioten—. Perales eta Aizpuru han trebatu ziren. Iaz Gasteizko Txagorritxu ospitalean jarri zuten martxan, EHUko Nutrizio Sailarekin eta Gasteizko Udalaren Nutrizio Behatokiarekin elkarlanean. “Emaitzak oso itxaropentsuak eta positiboak izan ziren; horregatik, esperientzia Gipuzkoara ekartzeko ilusioz geunden”, esan du Aizpuruk. Aurten Donostia Ospitalean egin dute, eta programaren eraginkortasunaz mintzo dira: “Ziur gaude premiazkoa dela haurren gehiegizko pisuan esku hartzea. Programa honek merezi du, funtzionatzen du, eraginkorra da”.

Izan ere, haurren gizentasuna arazoa da egungo gizartean. “Gehiegizko pisua gero eta hedatuago dago haurtzaroan, eta osasun publikoko arazo garrantzitsu bihurtu da”, dio Peralesek. Programaren bidez, ordea, ohitura eta bizimodu aldaketak bultzatu dituzte. “Familiei gakoak ematen zaizkie etorkizun osasuntsu bat eta pisu egokiko haurrak lortzeko. Familia osoari eragiten dio, beraz”, adierazi du Peralesek. “Oso argi dugu hezkuntza dela haurren obesitatean arrakastara eramango gaituen gakoa”, gaineratu du. Xedea da familiak ohitura osasuntsuagoen bidean jartzea eta haurraren gaitasuna handitzea, bere gorputza zaintzeko eta osasuna kudeatzeko arduran. “Helburua ez da hiru hilabetean pisua galtzea, baizik pisu egonkorrarekin hazten jarraitzea. Horrela, GMIa jaitsiko litzateke. Motelagoa da, baina askoz ere seguruagoa eta iraunkorragoa”, dio Peralesek.

Proiektuko kideekin harremanetan jartzeko:

nemgipuzkoa@gmail.com