Bigarren etxearen zerga igo ahal izango dute udalek

Bigarren etxebizitzen kasuan, Gipuzkoako udalek OHZ ondasun higiezinen gaineko zerga %150eraino igo ahal izango dute aurrerantzean. Hala erabaki dute asteon Gipuzkoako Batzar Nagusiek, Bilduren eta PSE-EEren aldeko botoekin. Udalek ohiko bizilekua ez diren etxebizitzei aplikatu ahal izango diete igoera hori.

Etxebizitzak hutsik ez edukitzea. Horixe da, Bilduren eta PSE-EEren arabera, igoera horri bidea irekitzearen helburua. Azaldu dute etxebizitza hutsen arazoa ez dela erabaki horrekin soilik konponduko baina lagungarri izan daitekeela. “Gehiago dutenek gehiago ordaintzea”. Bilduko batzarkideen arabera, hori izan da neurriaren jatorria.

EAJk eta PPk, berriz, proposamenaren aurkako botoa eman dute. Haien iritziz, dirua biltzea beste helbururik ez dute ondasun higiezinen gaineko zerga igota. Areago, etxebizitza hutsen arazoa konpontzeko ez dela baliagarria izango nabarmendu dute bi alderdi horietako ordezkariek.

Jarduera ekonomikoen zerga

Batzar Nagusiek ekonomiaren esparruan beste aldaketa bat egitea ere onartu zuten bilera berean. Orain arte ez bezala, milioi bat eurotik gorako jarduera ekonomikoa duten enpresek jarduera ekonomikoaren gaineko zerga aitorpena egin beharko dute. Lehen bi milioi eurora artekoak salbuetsita zeuden zerga aitorpen horretatik. Berriz ere, EAJ eta PP bat etorri ziren erabakiaren aurka egiteko orduan. EAJren arabera, erdiko klasea “pobretu” egingo da neurri horiekin, eta enpresa txiki eta ertainei kalte egingo die neurriak.