Danel Agirre
Ska tronpetatsua eta zabor poltsekin jositakoak diruditen jaka eta txaleko termikoak bezainbeste gorrotatzen ditut, ia-ia, autoz egindako joan-etorri luzeak (zabor poltsekin jositakoak diruditen jaka eta txaleko termikoekin jantzita, ska tronpetatsua entzunez autoz egindako joan-etorri luzeak amestu izan ditut, eta izerdi hotzetan blai esnatu). Gauza jakina da autoan usteltzeari diodan alergia berbera partekatzen dutela nirekin haurrek ere. Ezinikusi hori, beraz, txikitatik kronifikatu zait.
Anaiek erakutsi zidaten errepideak eragiten didan asperdura ahal den heinean arintzeko sekretua: paisaiarekin lotutako jolas zentzugabeak asmatzean datza sekretuak. Mokoak ginela gurasoekin Galizian igarotako opor batzuetan jaso nuen ikasgai magistrala. Uda hartan, Coruñako Teais pintura markak eskualde osoa papereztatu zuen, DINA4 tamainako kolore horidun iragarki itsasgarriekin. Nonahi ageri ziren: nekazarien etxoletan, argindarraren zutoinetan, tunelen sarreretan…
Ez dut gogoan bietatik nork proposatu zuen denbora-pasa jeniala. Patrolaren leihoetatik ingurumariak arakatu, eta afixak besteek baino lehenago ikusitakoan, “Teais!” deiadar egin beharra zegoen, ozen. Iragarkiak bospasei zirenean (elkarrekin ipintzen zituzten, hogeiko taldeak ere baziren), garrasia luzatzea tokatzen zen, ale bakoitzeko Teais bana, trabatu gabe: “Teaisteaisteaisteaisteaisteais!”. Udako hit-a baino askoz gehiago izan zen hura gurean. Urteak pasatu genituen hiru anaiok, etxeko isiluneak “Teaisteais!” desordukoekin apurtzen.
Azken hamar egunotan, birritan jasan behar izan dut bi mila kilometroko kalbarioa autoarekin, Berlindik etxera, eta buelta. Ia beti, gidariaren alboko eserlekuan jesarrita. Ikararen ikaraz, sakelakoarekin xahutzeko karrokada bat giga erreserbatuta ekin nion joanekoari, ordenagailua ere eskura nuelarik. Ordu-betez ere ez ninduten distraitu aparatuok. Etsipenaren gordinenean, anaien irakaspenak berreskuratu, eta jolas bat asmatu nuen, autobidean albotik pasatutakoak lehengai moduan erabilita. Genero berdintasunaren inguruko ikerketa enpiriko bat balitz bezala planteatu nuen ariketa, gainera.
Bidaiari bakarra edo lagunarte heterogeneoa zuten autoak alde batera utzi, eta bikote tankeradun gizon eta emakume bat aurrealdean eseriak zituztenetan arreta osoa ipini nuen. Mutila txofer eta neska kopilotu zeramaten ibilgailuak kontatuz joan nintzen, halako batean bolantean andrea zuen automobilen batekin topo egiten nuen arte. Esperimentuarentzat emaitza zeharo desorekatua espero nuen, baina errenkada batzuk izututa laga ninduten. Alemania hegoaldean, 48 auto jarraian zenbatu nituen, gizona gidari eta emakumea begira. Gehienak Mercedes eta Audi tanketzarrak ziren. Segida matxoa bigarren eskuko Polo batek apurtu zuen. Neskato betaurrekoduna zihoan txofertzan, eta mutiko guapo askoa aldamenean. Munduko parerik maitagarriena iruditu zitzaidan pareko hori.
Ia beti kopilotuaren eserlekuan jesarrita bi bider bi mila kilometro egin berri ditudala kontatu dizut lehentxeago. Gure kasua ere esperimentuko salbuespen maitagarri horietako bat zela imajinatuko zenuen, ziur aski. Ez azkarregi poztu. Gidatzeak erlaxatu egiten du bera, eta ni, berriz, erantzukizun osoa beste norbaiti transferituta askoz lasaiago bizi den arlotea naiz. Nire jolasean ez ninduke inork sexistatzat hartuko, gehienetan alboko aulkian paisaiari begira noalako. Baina nire jolasa nik asmatutakoa da.
Leave a Reply