Gernika bonbardatu zuten egun berean jaioa da, handik ez oso urruti, Itziar Sagarzazu (Getxo, Bizkaia, 1937). “Ni jaio nintzenean, gure amari beso batean haur jaioberria jarri zioten eta bestean berokia, eta esan zioten sirena entzuten zuenean bazekiela zer egin behar zuen. Hurrengo egunean kalean ginen ama eta biok”. Hasiera ezin gogorragoa izan arren, urte gozoak iritsi zitzaizkion gaztaroan. Gerra garaian ihesi ibili ondoren, Zestoara itzulia zen Sagarzazuren familia. 1961. urtea zen, eta Loiola irrati jaio berrirako esatari bila zebiltzan. Horren berri izan zuenean, hantxe aurkeztu zen Sagarzazu, Azpeitiko Loiola auzora, proba egitera. Ez zioten berehalakoan deitu, baina azkenean haren aukera iritsi zen: “Proba egin nuenean, esan zidaten oso ondo egin nuela eta deituko zidatela, baina urtebete inguru pasatua zen eta ez nuen uste aukerarik izan nezakeenik”. Urteak igaro diren arren, ondo gogoan du 1962an irratira sartu zenean zer esan zioten: “‘Hona etorritako onena zara!’, esan zidan aita Bergarak, irratiko arduradunak. Eta horrekin gelditu nintzen ni”. 24 urte zituen, eta denera 31 urtez aritu zen euskal etxeetara istorioak, berriak, aholkuak eta beste hamaika kontu helarazten. Sagarzazuren lankide izan ziren hasiera hartan Luis Cerrado Mayor, Karmelo Otaegi, Joxe Mari Iriondo eta Maritxu Martinez.
Gustuko ofizioa zuen hura: “Irratizalea izan nintzen beti; txikitan beti ibiltzen nintzen kantuan, antzerkiak egiten…”. Eta oroitzapen onak ditu irratiko lanari dagokionez. Joxe Miel Barandiaran elkarrizketatu zuenekoa du gogoan, esaterako: “Ordurako 85 urte zituen, baina oso ondo hitz egin zuen, burua oso argi zuen eta oso gustura egin nuen elkarrizketa hura”. Hamaika jaialditan ere aritzen ziren esatari lanetan, eta jendearekin sortzen zen harremana eta giroa gogoko zituen: “Karmelo Otaegik eta biok senar-emazteena egiten genuen irratsaio batean, eta jendeak oso gustuko zuen. Kalean ere jarduten zidaten pertsonaia haien harira”, dio irribarretsu, oroimenean atzera egiten duen bitartean.
Zentsurari izkin eginez
Gustuko tokian aldaparik ez dagoela esan ohi da, baina aldapak egon, egoten dira sarri. 1962a zen Sagarzazu irratira iritsi zenean, eta Francoren diktadurapean bizi ziren. Adierazpen askatasunik ez zegoen eta, beraz, inprobisazioekin kontuz ibili behar izaten zuten, bai Loiola irratian behintzat: “Aurrez idatzitakoa irakurri behar izaten genuen, eta gero paper haiek guzti-guztiak, esandako guzti-guztia, jarritako musika guzti-guztia, Donostiara bidaltzen zen, Gobernu Zibilera. Inprobisazioarekin oso kontuz ibili behar izaten zen”. Agintariek urtebetez isilduta utzi zuten irratia, 1965ean, eta bonba bat ere jarri zion Los Guerrilleros de Cristo Rey taldeak: “Antena bota zuten eta mutututa gelditu ginen. Baina herriak oso ondo erantzun zuen, eta berriro altxatu genuen. Bazkide pila bat egin genuen”.
Debekuak debeku eta jazarpenak jazarpen, Sagarzazu eta haren lankideak “aurrera egiten” saiatzen ziren: “Euskaraz arrosarioa eta baserritarren programa egiten genituela esaten genuen, baina gero, eskutitz bat euskaraz iristen bazitzaigun, euskaraz erantzuten genuen. Pixkanaka-pixkanaka sartzen-sartzen joan ginen euskara; giro hura ez zen batere ona euskararentzat. Jendeak nahi zuen, ordea”.
Loiola irratiak entzule asko zituen garai hartan, eta iritsi ere, urrunera iristen zen: “Logroñon baziren salestarrak gure irratia entzuten zutenak, eta kamioilariek ere esaten zuten behin Burgosko bidea hartuta etxean gatxaudek!’ esaten zutela, Loiola entzuten zelako”. Euskaraz jarduten zuten irrati gehiago baziren; Segura eta Arrate, esaterako. Baina “arrazoiren batengatik” Loiola irratiak indar handiagoa hartu zuela uste du Sagarzazuk.
Zuzeneko irratsaioak egiten zituzten gehienbat, euskaraz nahiz gaztelaniaz. Sagarzazuk askotariko gaiak jorratu zituen: entzuleek bidalitako mezuak zeuzkan ardaztzat saioak; baserriko gaiak eta emakumeentzako aholkuak, besteak beste. Azken gai horri buruzko xehetasunak azaldu ditu: “Sukaldaritzari buruz aritzen nintzen, baita independentziari buruz ere. Orduan emakume gutxik egiten zuen lan etxetik kanpora, eta guk esaten genuen kanpoan ere enplegatuz gero beste independentzia bat eskuratzen zela, orduan gizonak asko agintzen zuelako”. Haren kasuan ere, irratian, gizonek gehiago irabazte zuten, eta gerora ere bai. “Altxatu ginen pixka bat, baina… halaxe ziren kontuak”.
31 urtean irratigintza asko aldatu zela dio: “Moda bezala dela uste dut; aldatzen joaten da. Baina zu gogoratzen zinen 8 urterekin zer entzuten zenuen, eta probatu egiten zenuen, ea gustatzen al zitzaion jendeari. Profesional onak entzutea ere garrantzitsua izaten zen ikasteko”. Sagarzazuk istorioen narratzaileak izaten zituen gustuko: “Hitz egiteko era zoragarria izaten zuten batzuek. Euskaraz, esaterako, Basarri [Iñaki Eizmendi]. Atxukarrok ere [Inazio Mari] hitz-jario eta euskara ederra zituen”.
1993an hitz egin zuen azkenengoz irratiz Sagarzazuk: “Irratia ez zegoen egoera onean, eta hiru proposamen egin zizkidaten. Onena hartu nuen; alde egitea”. Pena handiarekin utzi bazuen ere, alde ona aurkitu zion Sagarzazuk: “Irratia uzteak pena eman zidan, baina ez zen txarrerako izan, nire ama orduantxe hasi zelako jaisten, eta nire amak orduantxe behar zuen laguntza. Oso ondo etorri zen aldaketa, beraz”. Irrati-entzule finagoa izateko aukera ere eman zion irratitik urruntzeak: “Askotan lanak egun osoa hartzen zigun, eta ordutik aurrera aukera izan nuen irratia gehiago eta irrati kate gehiago entzuteko”.