Eider Goenaga Lizaso
Lehenik eta behin argazkiak ikusi zituzten gelan, zortzi argazki. Horietako bakoitzak zer iradokitzen zien aztertu zuten Elgoibarko ikastolako DBH4ko ikasleek. “Irudimena erabiltzeko eskatu genien”, azaldu du Pello Sarasuak, Intered gobernuz kanpoko erakundeko ordezkariak. Giza Eskubideen gaia ari dira lantzen, eta horrekin lotuta egin zuten argazkien ariketa.
Aurreko ariketa berriz egin zuten gero, argazki bakoitzari izena eta azalpen bat jarrita: Tarana Karim emakume musulmana; German Urteaga mutil transgeneroa; kristalezko hezurren gaitzaren ondorioz gurpil aulkian dabilen Juncal Cepeda; Katya Reimberg, ikasketak eduki arren urte askoan etxeko langile gisa aritu behar izan duen etorkina; Aintzane Muguruza, autismoa duen mutiko baten ama; Isabel Jimenez emakume ijitoa; Medoune Seye, Arrasaten bizi den gizon senegaldarra; eta Ines Miguelañez, seme homosexual baten ama eta LGTBI+ kolektiboaren eskubideen aldeko ekintzailea. Informazio osagarri horrekin, bakoitzaren egoera nolakoa den “gutxi gorabehera” asmatu zutela diote Maddi Zabala, Nora Idueta, Jadeiy Hafad eta Maren Gorosabel ikasleek.
German Urteaga eta Tarana Karimekin egon dira ordu eta erdiz, eta bertatik bertara entzun dituzte haien istorioak, haien bizipenak. “Konturatu gara haien errealitatea guk deskribatutakoa baino are gogorragoa dela”, dio Hafadek. “Gainera, haiek aurrean dituzunean, eurek bizitakoa euren ahotik entzuten duzunean, beste era batera ikusten dituzu gauzak, haien tokian jartzen zara”, gehitu du Gorosabelek. “Enpatia” aipatu du Iduetak. Lekukotzak entzun ostean, Zabala ziur da “beste era batera” jokatuko dutela aurrerantzean.
Hain zuzen ere, hori zen helburua. “Giza eskubideen aldeko konpromisoa duten gazteak behar ditugu. Izan ere, maiz nazioartera begiratzen dugun arren, gure lurraldean ere badago diskriminazioa, eta gure helburua da eskolatik horri begirada bat ematea”. Maribel Bakero Gipuzkoako Giza Eskubideen zuzendariak Aniztasunean Eraikiz programari buruz esandako hitzak dira. Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren 70. urteurrenaren aitzakian eta Eusko Jaurlaritzaren Eskerrik asko, giza eskubideak kanpainaren barruan jarri da martxan egitasmoa, eta hilabete honetan hasi dira eskolaz eskola aurkezpenekin. Intered taldearena izan zen zenbait lekukotza gelara eramatearen ideia, eta haiek prestatu dute eskoletan lantzen ari diren materiala ere.
Gazteak “ahalduntzeaz” hitz egin du Bakerok, eta lau pauso zehaztu ditu “behatzaile pasibo” izateari utzi eta errealitate horren aurrean “aktibo” izateko bidean: “Giza eskubideak ezagutu, giza eskubideak barneratu, urraketak eta diskriminazioa identifikatzen jakin, eta konpromisoa hartu horri aurre egiteko”.
Ikasturte honetan hamar ikastetxek eta 350 ikasle inguruk parte hartuko dute Aniztasunean Eraikiz egitasmoan: Donostiako Arantzazuko Ama, Orioko Zaragueta eta Alegiako Aralar ikastetxeak, sare publikotik; Irungo El Pilar, Oñatiko Elkar Hezi eta Urnietako salestarrak, Kristau Eskolatik; eta Ikastolen Elkartetik, Azpeitiko Ikasberri, Legazpiko Haztegi, eta Elgoibarko eta Anoetako ikastolak. “Saiatu gara lurralde osoa hartzen, tamaina ezberdineko ikastetxeetara joaten, eta hiru sareak kontuan hartzen”.
Lotura: diskriminazioa
Karimek eta Urteagak aurrez ere ezagutzen dute elkar. Oso bizipen ezberdinak dituzte, baina badago lotura haien artean: diskriminazioa pairatzen dute direna izateagatik. Ikasleen aurrean jarri dira, eta denak isildu dira haiei entzuteko. Karim izan da lehena.
Azerbaijandarra da, Euskal Herrira duela hamazazpi urte etorritakoa. Musulmana izan arren, 2012ra arte ez zuen zapirik eraman; orain sei urte erabaki zuen zapia janztea. Etorkina izateak lana bilatzea eta tokikoekin harremantzea zaildu zion, eta zapia janzteak are zailagoa egin zion bizimodua. “Zapia janztearen ondorio guztiak ez dira txarrak, baina ondorio batzuk zailak, gogorrak eta mingarriak izan dira”, azaldu die ikasleei.
Eskaera bat egin die ikasleei: jatorriari, etniari, erlijioari begiratu gabe, saiatu besteak ezagutzen, besteen errealitateari buruz informazioa izaten. “Elkar ezagutuz eta bestea errespetatuz etorriko da aldaketa. Ez duzu zertan bestearena gustuko izan; ez zuk nirea, eta ezta nik zurea ere. Baina ezagutza behar da elkarbizitza lortzeko: jakin behar duzu, adibidez, nik zergatik janzten dudan zapia, zergatik naizen horrelakoa, eta nik ere ezagutu behar ditut hemengo ohiturak”.
Zapia jantzi eta begiratu txarrak jasotzen hastea dena bat izan zela dio Karimek. “Zerbait egitea erabaki nuen orduan, eta nire gisako emakume musulmanekin lanean hasi nintzen, sufritzen dituzten diskriminazioak jasotzen; ondoren, horiek azaleratu eta salatzeko”. Euskara hutsean kontatu du dena Karimek, Euskal Herrira iritsi eta berehala hasi baitzen euskara ikasten. “Euskarak aukera eman dit lehen iritsiko ez nintzen tokietara iristeko, nire iritzia elkarbanatzeko, gure errealitatea ezagutarazteko. Honen gisako guneak sortzea inportantea da besteen errealitatea ezagutzeko”.
Urteagak urtebete inguru darama halako guneetan bere bizipenak azaltzen. Duela urte eta erdi aldatu zuen jaiotzean jarritako izena, eta pare bat urte dira transgenero kontzeptua lehen aldiz entzun zuenetik. “21 urtean ez naiz izan nire generoaren kontziente, ez nekielako posible zenik ere”.
23 urte besterik ez du, baina bertsolaria izateak ematen dion patxadarekin hasi da ikasleei hitz egiten: “Jaiotzean bere genitaletan oinarrituta gizarteak emakume gisa identifikatu zuen pertsona bat naiz; baina ni ez naiz emakume gisa identifikatzen —beraz, ez naiz emakumea—, gizon gisa baizik —beraz, gizona naiz—. Mutil transexualaren antzekoa litzateke nire kasua, baina nik ez dut genitalekin disforiarik. Ni mutil aluduna naiz, eta gustura nago aluarekin”.
Genero identifikazio oker horrek nahasmendu ugari eragin dizkio Urteagari. “Adibidez, oso-oso ezerosoa izan zen bularrak hazten hasi zitzaizkidan garaia. Ordu arte gustura nengoen nire gorputzarekin, alua izateak ez dit inoiz arazorik eragin, baina neure burua ezin nuen irudikatu bularrekin”. Bularrak kentzeko mastektomia egina du egun.
11 urte zituela konturatu zen neskak gustatzen zitzaizkiola, baina ez zuen aitortu 18 urte arte. Tartean, 15 urte zituela, galdera garrantzitsua egin zion bere buruari. “Mutila naiz? Transexuala naiz? Garai hartan mutila izateko ezagutzen nuen modu bakarra transexualarena zen; baina ni gustura nengoen nire genitalekin, ez nuen operatu nahi. Nire ondorioa izan zen ez nintzela mutila”. Gainetik pisu bat kendu zuela dio, garai hartan ez zuelako bere burua gai ikusten mutil izateak eragingo zion presioari aurre egiteko.
21 urte zituenean zehaztu zuen bere generoa, Finlandian bizi zen lagun batek transgenero kontzeptua aipatu zionean. “Jaio nintzenean genero aukera guztiak jarri izan balizkidate, eta ez balidate esan ‘hemendik joan behar duzu zure genitalak hauek direlako’, nik badakit zer bide aukeratuko nuen. Egun horretan buruak klik egin zidan, eta dena super garbi ikusi nuen”.
Bera nola sentitzen den betidanik jakin izan duela dio Urteagak; “baina, mutila izateko, aluarekin disforia eduki behar nuela pentsatzen nuen”. Ezjakintasun horrek hainbat sufrimendu eragin dio Urteagari, eta bere testigantzarekin halako egoeran dauden gazteei lagundu nahi diela esan die aurrean dituen ikasleei. “Beraz, eskatuko nizueke, inguruan egoera horretan norbait baldin badago, babesa emateko. Gizartean transfobia oso heavya da, diskriminazioa izugarria da, eta gertukoen babesa, oso garrantzitsua”.
Lege onarpenik ez izatea jarri du transfobia horren adibide. Sexu eta izen aldaketa ukatu berri diote Urteagari. “Behartzen zaituzte trastorno bat daukazula dioen txosten psikiatriko bat aurkeztera, eta bi urtez hormonatzera… Baina nik zergatik hormonatu behar dut? Zeinek erabaki behar du nire gorputzari buruz?”. Kirol psikologiako masterra egiten ari da Urteaga, eta neska izenez matrikulatu behar izan du. “Azalpenak emanez hasi behar izan dut ikasturtea. Behartuta nago esplikazioak ematera. Eta nik ez daukat arazorik nire kasua azaltzeko; baina nik nahi dudalako, nik nahi dudan tokian, nik nahi dudanean eta nik nahi dudanarekin”. Halaxe egin du Elgoibarko ikastolan, ahoan bilorik gabe azaldu du bere egoera, eta galdetzera gonbidatu ditu parean dituen ikasleak. “Beti ongi etorriak dira errespetuz eta interesez egiten diren galderak”.
Eztabaida, gelan
Galderen txandan, ordea, zalantza guztiak argituta gelditu direla diote ikasleek. “Ez dira ausartzen, baina galdera interesgarriak sortu ziren gelan. Eztabaida interesgarria egin genuen. Aniztasunean Eraikiz programak aukera eman digu ikasleekin lanketa oso aberatsa egiteko”, azaldu du Kristina Bernal irakasleak.
Ez da lehenengo urtea gelan giza eskubideak lantzen dituztena, baina, Ainhoa Usobiaga irakasleak dioenez, aurten gertuagotik erreparatu diete urraketei. “Iaz ere jorratu genituen giza eskubideak; baina, iaz, ikasleak beti atzerrira joaten ziren urraketen adibide bila”. Zuzeneko testigantzen indarra goraipatu dute irakasle biek.
Leave a Reply