Unai Zubeldia
Ezustekoa izan da, baina ez miraria. Goi mailako kirolean ez dago miraririk, urte askoan gogotik egindako lana baizik”. Mikel Unanue eta Oihane Otaegi donostiarrak pozez zoratzen daude, oraindik, bi aste atzera Kelownan, Kanadan, Curlingeko Munduko Txapelketa Mistoan lortu zuten zilarrezko dominarekin —Leire Otaegi eta Sergio Vezekin osatu zuten taldea—. “Badakigu emaitza onen bat lortzean komunikabide guztiak deika hasten direla bat-batean”. Eta hala gertatu da elkarrizketan bertan ere, telefono dei bati erantzun behar izan diolako Otaegik. “Ez da seinale txarra”, ondorioztatu dute biek.
Baina errealitate horretatik urrun ibili behar izaten dute gehienean. “Pentsa, entrenatzeko pistarik ere ez daukagu oraindik”. Jacan (Espainia) egoera zailduta, Suitza bihurtu da euren bigarren etxea. “Azken batean, herrialde hori daukagulako gertuen”. Baina ez Unanuek eta ez Otaegik, bietako inork ez du curlinga bizibide. “Lanean ari gara, eta ahal dugun moduan moldatzen gara ostegunetan bidaiak egiteko, edo ostiralean lan egin ondoren, arratsaldean hegazkina hartzeko”. Otaegik gogoratu duenez, urte asko daramatzate ia egun bakar bat ere euren aisiarako gorde ezinik. “Denbora, dirua, jaiegunak, ahalegina… Gauza asko daude gure lorpenen atzean”.
Bitxikeria gisa, euren kasa hartu ohi dituzte beti hegaldiak. “Eta txapelketetako finalak igande arratsaldeetan izaten direnez eta orain arte ondo arituta ere finaletan sartzeko itxaropenik izaten ez genuenez, lehenagorako hartzen genituen itzulerako hegaldiak”. Azken aldian, ordea, azken orduan hiru aldiz aldatu behar izan dituzte hegaldi horiek. “Gure maila asko igo delako”. Alde horretatik, hegaldien kontua ere “tentu handiagoz” aztertzen hasi beharko dutela azpimarratu dute biek, barrez.
“Curlingean hasi ginenean, 2008an, hiru urte baino gehiago igaro genituen partida bakar bat ere irabazi gabe”. Unanuek eta Otaegik garaipenean ere gogoan daukate iragan gogor hura. “Oso zaila izan zen hasiera”, aitortu du Unanuek. “Eta askotan galdetzen genion geure buruari ea jarraitzea merezi zuen”. Baina bideak erakutsi die baietz, zuzena izan zela apustua. Urrutira joan gabe, Unanuek berak —Vez, Antonio de Mollinedo eta Eduardo de Paz Txuri-Berriko taldekideekin batera— bigarren postua lortu zuen joan den asteburuan Bielen (Suitza) jokatu zuten Tissot Touring Trophy lehiaketan. “Maila bikaineko txapelketa izan da, eta oso pozik gaude lortutako emaitzarekin. Alde horretatik, oso itxaropentsu gaude Europako Txapelketarako”.
Gaurtik igandera Unanue Bernan ariko da lehian, Suitzan, Bern Inter txapelketan; guztiak Suitzara bertara joango dira hurrengo astean, entrenatzera; eta, ondoren, azaroaren 15etik 24ra jokatuko dute Europako Txapelketa, Tallinen, Estonian. “A mailara igotzea da gure helburua”, azaldu du Unanuek, “Europako talderik onenen artera jauzia egitea”. Eta “bigarren mailari eustea” da Otaegi ahizpen erronka.
Benetako apustua falta
Emaitza zoragarriak lortzen ari badira ere, “entrenatzaile eta azpiegitura falta larria” daukate Txuri-Berri taldeko ordezkariek. Tarteka, Txuri Urdin izotz jauregian egiten dituzte entrenamenduak. “Baina pista hori ez dago behar bezala egokituta curlingean aritzeko, eta izotza oso baldintza kaskarrean egoten da askotan”. Txuri-Berriko kideak aspalditik ari dira pista eske. “Baina ez dute mugimendurik egiten”. Gaur-gaurkoz, 11 fitxa bakarrik daude Gipuzkoa osoan. “Donostiakoa da talde bakarra. Baina ziur gaude Gipuzkoan benetako apustua eginez gero 09:00etatik 22:00etara jendez lepo egongo litzatekeela curling pista”. Otaegik mahai gainean jarri du proposamena: “Emakumeen kirola indartu nahi dutela diote, eta nekez egongo da curlinga baino kirol parekideagorik. Eskola kirola, emakumeena, kirol egokitua… esparru asko har ditzake curlingak. Kirol honen alde benetako apustua egitea falta da”. Unanuek kritikatu du “betiko kirolei begira” jarraitzen duela Gipuzkoak.
Entrenamenduei dagokienez, taldeko kide bakoitzak beretik eskaintzen du saio horien kalitatea hobetzeko. Gorputz Hezkuntzako ikasketak eginda dauzkate Otaegi ahizpek. “Eta eurak arduratzen dira arlo fisikoaz”. Baliabidez urri, bideoak ikusiz, bidaietan kontaktuak eginez, ingurukoengandik ikasiz, ikastaroak eginez, atzerriko entrenatzaileren batengana joanez eta beste herrialderen batean asteburuko edo astebeteko egonaldiak eginez… Horrela ari dira pausoak ematen. “Alde horretatik, Michael Harris kanadarra ezagutzeko aukera izan genuen gure lehenengo Europako Txapelketan”, zehaztu du Unanuek. “Munduko entrenatzailerik onenetakoa da, Olinpiar Jokoetan zilarrezko domina irabazitakoa, eta Kanada eta Eskoziako selekzioen entrenatzailea. Horrela ari gara gure maila hobetzen”.
Horrez gain, Munduko Curling Federazioak ikastaroak antolatzen ditu urtero. “Eta, gure ikasketei esker, ikastaro horietara joateko aukera izan dugu Leirek eta biok”, zehaztu du Oihane Otaegik. “Jakintza hori guztia barneratuta, ondoren geure artean egiten ditugu zuzenketak; geure artekoa izaten da feedback lan hori”. Asteburuetan bakarrik egin ahal izaten dituzte pistako entrenamenduak. “Eta, horren ondorioz, entrenamendu ordu gutxi pilatu ahal izaten dugu astero”, zehaztu du Otaegik.
Bidaiak, entrenatzeko
Unanuek gaineratu du lehiaketetara joateko bidaiak baliatzen dituztela gainerako selekzioekin daukaten galera hori murrizteko. “Horregatik saiatzen gara ostegunetan joaten, entrenamendu ordu asko pilatzeko”. Bospasei orduko entrenamenduak egiten dituzte goi mailako jokalariek. “Pare bat ordu goizez, pistan, eta bizpahiru ordu arratsaldez, pistatik kanpo. Guk, bidaietan, hamalau-hamasei orduz entrenatzen dugu pistan. Kalitateari dagokionez, ez da egokiena, baina horrela saiatzen gara aldeak murrizten”. Etxean daudenetan, berriz, arlo fisikoa lantzen dute astelehenetik ostegunera.
Arazoak arazo, euren taldea “maila onekoa” dela azpimarratu du Unanuek. “Fisikoki oso talde indartsua da gurea, eta hala azpimarratzen digute denek; estrategia arloan ere onak gara; eta teknikoki ez gara onenak, baina, saiatu eta saiatu, hobetzen ari gara pixkanaka”.
Arlo ekonomikoari helduta, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Donostiako Udalaren laguntza “txiki bat” jasotzen du Txuri-Berrik. “Eta babesle pribatu batzuk ere badauzkagu. Baina hau guztia egin ahal izateko zenbat diru gastatzen dugun esanez gero, familiako kideren batek guri hitz egiteari utziko lioke, ziurrenik”.
Leave a Reply