Unai Zubeldia
Oso arduratuta daude Zaraia mendikateko artzainak. “Larrituta gaude, okerrera egiten ari delako egoera”. Azken hiru asteotan hamabost artaldetako 70 ardi baino gehiago agertu dira hilda Debagoienean, Kurtzebarri, Degurixa eta Alabita inguruan. “Urriaren 13an hasi ziren erasoak”, jakinarazi du Iñaki Oraa Arenaza artzainak. “Eta ordutik ia egunero ari dira agertzen ardiak hilda. Aurkitu ditugunak soilik dira horiek, desagertuta egon litezkeelako beste asko”. Oraak jakinarazi duenez, inguru horretako artalde guztiak batuta, 1.500 ardi ibiltzen dira euren lurretan.
Zaraia mendikatetik iritsi da laguntza eskaera. “Baina askoz sakonagoa da arazoa”. Urrutira joan gabe, joan den urriaren 27an hainbat ardi hilda agertu ziren Gorbeialdean, txakurrengandik ihesean zihoazela elurretan ez aurrera, ez atzera gelditu ondoren. Hain zuzen ere, azken asteotako gertakariak aintzat hartuta, joan den asteartean Gipuzkoa, Araba, Bizkai eta Nafarroako 50 bat artzain elkartu ziren Eskoriatzan, egoeraren larritasuna salatu eta erakundeei esku hartzeko exijitzeko. Eskoriatzako alkateak berak baimendu egin du ihes egin duten bi txakur horiek hiltzeko uxaldia antolatzea.
Abortoekin, arazoak
Oraaren hitzetan, bere horretan larriak dira ardien heriotzak. “Baina hildako ardiak kontatzea baino are larriagoa da aborto kopurua zerrendatzea. Berrehun ardiren artean normala da aborto natural bat, bi edo dozena erdi bat izatea. Urteroko kontua izaten da hori, eta horren aurrean ezin dugu ezer egin”. Baina, artzainen esanetan, egoera asko larritzen da erasoek sortutako estres egoeraren ondorioz 40-50 abortu dauzkatenean. “Hurrengo seihilekoan 40-50 buru gutxiago izango ditugula esan nahi du horrek, eta, gure kasuan, Gabonetatik ekainera, esne asko da hori. Esne asko, eta diru galera handia”.
Horrez gain, txakurren erasoak saihestu nahian, beste hiruzpalau astez oraindik mendialdean edukitzekoak ziren ardiak beheko larreetara jaitsi behar izan dituzte artzain askok, behin-behineko neurri gisa. “Eta, ondorioz, negurako gordeta zeukaten bazka jaten ari dira orain. Horrek, noski, arazoak sor ditzake gerora, eta, negu gorrian gastuak biderkatu egingo zaizkigu, ziurrenik”.
Erabaki horrekin, gainera, ez dute lortu erasoak saihesterik. “Aurreko egunetako batean txakur horietako bat, ume egiteko dagoena, auzora jaitsi zen, eta baserriko etxeko andrea izututa egon zen egunak argitu arte, txakurrak aurre egin ziolako”. Saiatu ziren bertaratu eta txakurra harrapatzen. “Baina ihes egin zuen, eta beste eraso bat egin zuen hurrengo egunean; bi egun geroago, berriz, Aitzorrotz inguruan izututa aurkitu zuten artalde bat, eta hiru ardi hilda agertu ziren biharamunean”.
Horrelako erasoak lehenago ere jasan izan dituztela onartu du Oraak. “Baina bizpahiru eguneko kontua izaten zen, normalean. Ondoren, harrapatu egiten zituzten txakurrak edo baserrira itzultzen ziren”. Kasu honetan, ordea, luzatzen ari da ihesaldia. “Egun eta gau ari gara gure ardiak zaintzen, eta beldurtuta gaude”. Askotan, 06:30 aldera artaldea ondo dagoela baieztatzera jaikitzen dela jakinarazi du artzainak. “Baina sarritan egoten naiz 04:00etan esna, zer moduz egongo ote diren pentsatuz. Txakurrak hamar minutu nahikoa izaten ditu sarraskia eragiteko”.
Egoera salatzeaz gain, herritarrek kontzientzia har dezaten nahi dute artzainek, “mendian kalte handia eragin dezaketelako kontrola galduta dabiltzan txakurrek”. Oraak azpimarratu du txakur jabe asko “oso arduratsuak” izaten direla mendian. “Baina gehiegikeria asko ikusten da beste kasu batzuetan”. Puy Arrieta Zeanuriko artzainak salatu du txakurrek “eskubide guztiak” dauzkatela. “Gure ardiak hilda ere, jabeei ezin izaten diegu ezer esan. Baina guk ere baditugu eskubideak. Gero eta gutxiago gara, eta are gutxiago izango gara”. Legeak jarrita daudela azaldu dute artzainek. “Baina ez dakigu nork betearazi behar dituen. Hori bai, lehenbailehen neurriak hartzeko garaia da”.
Leave a Reply