Xabier Mendiaraz: “Estresak aldaketak sortzen ditu bizkarrezurrean”

Xabier Mendiaraz: “Estresak aldaketak sortzen ditu bizkarrezurrean”

Eider Goenaga Lizaso

Fisioterapeuta eta kiropraktikoa da Xabier Mendiaraz (Donostia, 1984); Donostian du kontsulta, baina hilaren 20an, 18:00etan, Deban izango da Bizkarrezurrean bilatu gaixotasunaren kausa hitzaldia ematen.

Fisioterapeuta eta kiropraktikoa zara; zerk ezberdintzen ditu bi arloak?

Erabat ezberdinak dira fisioterapia eta kiropraktika, baina osagarriak. Garunak gorputzaren funtzionamendu guztia kontrolatu eta konpontzen duela, hori da kiropraktikaren abiapuntua. Bizkarrezurretik igarotzen diren nerbioek egiten dute bien arteko konexioa, eta, ondorioz, ornoek nerbioa zanpatzen dute bizkarrezurrean mugimenduren bat badago, eta komunikazio mozketa gertatzen da. Kiropraktikak interferentziak detektatu eta zuzendu egin behar ditu, ornoen egokitzapena egin. Fisioterapiak, modu sinplean hitz eginda, giharrak eta artikulazioak lantzen ditu; ez dago nerbio sistemari lotuta.

Bizkarrezurrean bilatu gaixotasunaren kausa hitzaldia emango duzu Deban. Zein gaitz dira horiek?

Interferentziak bizkarrezurraren zein zatitan gertatzen diren, arazo batzuk edo besteak agertuko dira.

Zein dira ohikoenak?

Zerbikaletatik igarotzen dira sorbaldako giharretara joaten diren nerbioak, baina baita gure besoak kontrolatzen dituzten nerbio guztiak eta burura joaten diren batzuk ere. Beraz, arazoa zerbikaletan baldin badago, eskuak lokartu daitezke, buruko minak eta migrainak ere izaten dira, zorabioak, loaren nahasmendua… Arazoa dortsaletan baldin badago, digestio txarrak eduki daitezke, hesteetan arazoak… hortik igarotzen diren nerbioak gure organoetara joaten direlako. Eta lunbarretatik, gure hanketara doazen nerbio guztiak ateratzen dira; beraz, arazoa hor baldin badago, belaunetan eta aldaketan izan daitezke arazoak, ziatikak eta herniak ere bai…

Zein izaten dira bizkarrezurreko arazo horien sortzaileak?

Estresa da arrazoi nagusia, eta hiru estres mota nagusi aipatuko nituzke nik: estres emozionala, estres kimikoa —gehiegizko medikazioak edo elikadura ohitura txarrek eragindakoa, adibidez—, eta estres fisikoa, gorputz jarrera txar batek, eroriko batek edo erditze batek eragindakoa, adibidez. Hiru estres horien konbinazio bat izaten da askotan.

Bizitzan pilatuz joaten dira hiru estres horien ondorioak, eta aldaketak sortzen dira nerbio sisteman eta bizkarrezurrean. Arazo gehiago agertzen da zahartuz goazen neurrian. Txikitatik etortzen dira askotan desorekak, baina desoreka horiekin hazten eta garatzen gara gu; puntu batera heltzen garenean, gorputzak ezin izaten du gehiago, eta orduan hasten dira sintomak azaltzen.

Gorputzari oreka bueltatzea da, beraz, kiropraktikoaren helburua?

Bai. Gure helburua ez da sintomak borrokatzea. Jatorrian dagoen desoreka bilatu behar dugu, nerbio sistema askatu eta gorputzari erreparazio horiek egiten uzteko.

Eta nola jakin buruko minak edo digestio txarrak bizkarrezurretik datozela?

Gure gizartean medikuarengana joatea da joera, eta baten bat heltzen da gure kontsultara medikuaren aholkuz; baina jendea ahoz ahokoaren bidez etortzen da gehienetan, beste norbaitek aholkatuta. Gaitz horiek, askotan, medikazioarekin konpontzen saiatu izan dira hona etorri baino lehen, eta beste ikuspuntu eta tratamendu baten bila etortzen dira guregana. Guk ez dugu botikarik erabiltzen, eta gorputza bere onera modu naturalean itzultzea bilatzen dugu.

Kiropraktikoarengana sintomak agertu aurretik joatea komeni da? Prebentzio gisa?

Inork ez du zalantzan jartzen dentistarengana maiztasunez joatea komeni denik. Eta urtean behin, gutxienez, bizkarrezurraren txekeo bat egitea komenigarria dela uste dut nik, nola dagoen ikusteko eta etorkizuneko arazoak saihesteko. Txikitatik egin beharko litzateke jarraipen hori, helduaroan ager daitezkeen sintoma horiei bidea mozteko.

Eskuak baliatuta, teknologiak badu lekurik zuen jardunean?

Bai; diagnostikoan, batez ere. Bizkarrezurreko neurketak egiten ditugu lehen kontsultan, eta posturometroarekin egiten dugu probetako bat. Gorputz jarrera aztertzen du horrek, gorputzak zein konpentsazio egin dituen ikusteko. Bizkarrezurra mugitzen denean, konpentsazioak egiten hasten da gorputza, sorbalda bat igoz, pelbisa mugituz… eta hori zentimetrotan neurtzen du posturometroak. Elektromiograma bat ere egiten dugu. Sensoreak jartzen ditugu bizkarreko giharretan eta nerbioak nola iristen diren neurtzen du. Marrazki bat egiten du, eta interferentzia handienak non dauden erakusten du.

Leave a Reply

Your email address will not be published.