Danel Agirre
Hilabete eman genuen gure arteko juntadizoa berotzen, apropos sortutako Whatsapp talde eta guzti. Ostiral gauean, dagoeneko dutxatu, jantzi eta metrora jaisteko betarik gabe, nik neuk saldukeria moduan onartzen dudan mezua bidali nien. Hotzikarek jota ohean sartu berri nintzen, kalentura puntuarekin; atsekabe egundokoaz, desenkusatu nintzen, etxean geratzea beste erremediorik ez nuen.
Ziri ustela zen. Aste osoa etxean kolpe zorririk jo gabe igaro ondoren, porru eginda nengoen, eta kalera irtete hutsari Ironman traza hartzen nion. Isiltasun osoan, ia argirik gabe, besaulkian eman nuen ordubete, ostiral gaueko zortzietan benetan lotara joatea patetikoegia zelakoan. Telefonoa erantzun gabe laga nuen bi bider, norbaitekin hitz egin behar hutsak eragiten zidan nagikeria kosmikoagatik. Whatsappa, hori bai, modu neurotikoan zabaltzen jarraitu nuen, inork idatzi gabe ere. Halako batean, egongelatik logelarako zortzi metroak arrastaka egiteko kemena bildu, eta biharamuna oso ezberdina izango zela hitzeman nion neure buruari.
Itsasontzi azoka, 1918ko iraultzari buruzko argazki erakusketa, lau kontzertu, bi hitzaldi eta sushi dastaketa bat. Facebookek esnatzerako oroitarazi zidanez, guztiak interesatzen zitzaizkidan zapatu horretarako. Hiru bider gonbita jasota, Santiren etxe berria ikustera joatea ere ezin nuen berriro atzeratu, lotsa ezagutzen banuen behintzat. Zazpietarako altxatu nintzen, zeru urdin zoragarria nirekin batera. Txokolatezko bi napolitana jateko irrikaz nengoen. Berokia eta bufanda janzten ari nintzenean, biak pertxan eskegi eta sukaldeko otarrean zegoen ogi zaharra txigortzea erabaki nuen, okindegian gastua ez egitearren. Honezkero imajinatuko zenuen. Txakurra ez lehertzearren parkera egindako osteratxoak salbu, sofatik altxa gabe eman nuen asteburua, pott eginda.
Urteak daramatzat etengabeko nekeari buruz azterlanak irakurtzen —etengabeko nekeak berak uzten didanetan—. Akidura emozionala, abaildura kronikoaren sindromea, neurastenia. Guztien sintomak ditut, nire ikerketaren arabera. Depresioarenak ere bai. Baina nirea depresioa ez denaz ia ziur nago. Depresioa anfeta hartu ondorengo egunetan bisitan datorren nazkante hori da, eta astea joan astea etorri makurrarazten nauen hau, oso bestelako piztia.
Psikologo, terapeuta edo (hirugarren hau etsi-etsian) coach-en bat kontsultatu ahalko nuke, baina nekeak eragindako nire lan erritmo barregarria dela-eta xentimorik gabe nago. Azken hau aitzakia baino ez da, egia esan; doako laguntza ere bada Berlinen, baina leher eginda nago eta ez dut inorena joan eta nire bizitza kontatzen hasteko gogorik. Ez dakit gelditasunaren espiral honek nora eramango nauen. Zutaz agurtzea ere pentsatu dut, beste testu bat idazteko adorerik ez biltzearen beldur.
Zorionez, paralisiari nion ikara uxatzeko behar nuen bultzada etxetik jaso berri dut —nondik bestela—. Aita eta Olagarro nire antzeko asteniarekin zebiltzan aspaldi, eguneroko errutinei aurre egiteko kemenik gabe. Bat-batean suspertu dira, ordea, eta zentral nuklearraren pareko energiarekin dabiltza biak. Athletic partida guztiak galtzen hastea nahikoa izan dute aldapa gora pikoenak txirrista bihurtzeko. Akituta segitzen dut nik, ezertarako indarrik gabe, baina orain badakit sendagaia hortxe daukadala zain, gorroto dudan norbaiten zorigaitzean.
Leave a Reply