Aitziber Arzallus
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hiriburuetan, Donostiak dauka batez besteko errentarik handiena. 2016an, batez beste, 24.552 euroren diru sarrerak izan zituen 18 urtetik gorako donostiar bakoitzak —20.206 euro, zergak ordaindu ondoren—; 2015ean baino %4,6 handiagoa da kopurua. Eta are hazkunde handiagoa izan zuten familien errentek: %5,7koa. Horrenbestez, batez beste 50.656 euroren diru sarrerak izan zituen Donostiako familia bakoitzak.
Baina donostiar guztiek ez dute tamaina horretako diru sarrerarik, eta donostiar guztien diru sarrerek ez zuten horren bilakaera oparoa izan 2015etik 2016ra. Auzo batetik bestera izugarri aldatzen dira gauzak.
Altzak du batez besteko errentarik txikiena (16.575 euro), eta Miramon-Zorroagak handiena (40.850 euro): Altzak halako 2,5. Altzako batez besteko errenta %3,1 hazi da azken urtean; Miramon-Zorroagakoa, berriz, %22. Eta Igeldokoa, Landarbasokoa eta Zubietakoa murriztu egin dira. Beste horrenbeste gertatzen da batez besteko familia errentari dagokionez, eta are gehiago. Hor ere, Altzak du batez besteko kopururik txikiena (34.440 euro) eta Miramon-Zorroagak handiena (111.522 euro): Altzakoa halako 3,2 da datu hori. Ondorioz, Altzako familia oso batek baino diru sarrera handiagoa du Miramon-Zorroagako herritar bakar batek, eta aldea ez da huskeria: urtean 6.410 euro.
Altza eta Miramon-Zorroaga dira Donostiako bi muturrak. Baina muturretara jo gabe ere nabarmendu daitezke aldeak. Altzak baino emaitza hobeak izan arren, batez bestekoaren oso azpitik eta errenta txikienak dituzten auzoen zerrendaren buruan daude Martutene (18.707 euro), Bidebieta (18.927 euro), Intxaurrondo (19.262 euro) eta Loiola (19.288) ere. Kontrara, batez bestekoa aise gaindituz, diru sarrerarik handienak dituztenen aldean daude Aiete (31.950 euro), Antigua (31.141 euro) eta Erdialdea (29.839 euro). Eta batezbestekoaren bueltan daude Amara Berri (24.673 euro) eta Gros (24.898 euro).
Oso ezaugarri jakinak
Auzorik pobreenen zenbait ezaugarri zerrendatu ditu Auxkin Galarraga soziologoak: “Periferikoak izaten dira, kalitate eskasagoko etxebizitzak izaten dituzte, merkeagoak, biztanleen mugikortasuna handiagoa izaten da, atzerritar biztanleen portzentajea handiagoa, zerbitzu publikoak ez dira hain eskuragarri edo gertu egoten, biztanleriaren bizi itxaropena baxuagoa izan ohi da, eta, zenbait kasutan, 65 urtetik gorako biztanleen portzentajea handia izaten da”. Gizarte arlotik begiratuta, berriz, “bizitza sozial eta komunitario aberatsa” izaten dutela azpimarratu du Galarragak. “Dibertsitate kultural handiagoa, segurtasunaren pertzepzio desberdina, eta abar”.
Errenta handiena duten Donostiako auzoak, berriz, bi multzotan sailkatu ditu Galarragak: “Batetik, periferikoak daude —Miramon-Zorroaga eta Aiete—; eta bestetik, erdigunekoak —Antigua eta Erdialdea—. Oso desberdinak dira elkarren artean. Ingurune erresidentzialak dira lehenak, eta bizitza sozial eta komunitario nahiko ahula dute. Aldiz, oso auzo biziak dira Erdialdea eta Antigua, eta zerbitzu guztiak esku-eskura daude, baina erdialdean bizitzeak dituen desabantailen zama ere badute bi gune horiek”.
Elkarren artean hain desberdinak diren auzo horiek errealitate beraren bi muturren isla direla iritzi dio Galarragak. “Donostian daude EAEko bi poloak: errenta oso handiko auzoak daude batetik —EAEko auzorik aberatsena da Miramon-Zorroaga—; eta, bestetik, Sestaoren gisako hiri baten pareko errenta duen beste auzo bat dago, Altza”. Dena den, haren ustetan, arazoa ez da auzo batzuen eta besteen artean aldea egotea, “hiri gehienetan gertatzen baita hori”, desoreka horiek zenbatekoak diren baizik. “Kontua da bermatuta egotea herritarren gehiengo zabala, ahalik eta gehiengo zabalena, baldintza duinetan bizi dela. Alde horretatik, auzo zenbaitetan asko dago egiteko”.
Eneko Goia alkateak ere onartu du Donostiako errealitatea “desorekatua” dela. “Hiriko mendebaldea —Aiete, Miramon, Erdigunea, Amara— aberatsagoa da ekialdea baino —Altza, Bidebideta, Intxaurrondo—. Arrazoi historikoetan oinarrituta dago desoreka hori, baita gizartearen bilakaera ere, eta urte luzez lan egin beharra dago argazki horri buelta emateko”. Hala ere, ez deritzo horren larria Donostiako egoerari. “Beste hiri batzuetako aldeei erreparatuz gero, Donostiakoak ez dira horren handiak”.
Goiaren hitzetan, baina, ez zaio errentari soilik begiratu behar. Beste hainbat neurgailu ere kontuan izan behar direla azaldu du, hirigintza, populazioaren prestakuntza maila eta osasun ohiturak kontuan hartzen dituztenak. “Alegia, esparru askotan egin beharreko lana dago kohesioari buruz hizketan ari garenean. Bilbon, adibidez, handiagoa da desoreka. Kohesioaren aldetik, alde nabarmenagoak daude hiriko auzo eta zonen artean. Errealitate horren jakitun gaude Donostian, eta epe erdi eta luzerako politikak bultzatu nahi ditugu desoreka horiek arintzeko”.
Galarragak, ordea, ez du uste Donostiako Udala behar adina ahalegin egiten ari denik. Neurri eraginkorrak hartzeko garaia dela uste du, “beranduegi izan baino lehen”. Harentzat, familia orori etxebizitza bat izateko eskubidea bermatzeak izan beharko luke lehentasuna. “Niretzat, errenta ertain eta baxuko pertsona eta familientzat etxebizitzak eskuragarri egotea da arazorik larriena, alokairua bilatzen dutenentzat batez ere, bizitza proiektuak hasi edo kontsolidatzeko ezinbestekoa baita hori. Azpiegitura eta zerbitzu publikoetara eskuragarritasuna kolektibo guztientzat bermatzea litzateke hurrengoa. Eta auzoetako bizitza publikoa eta jarduera ekonomikoa sustatzea hirugarrena”.
Arazo larriena, etxebizitza
Donostiako arazorik larrienetakoa horixe dela uste du Galarragak. “Etxebizitzaren prezioa eta eskuragarritasuna arazo larria da dagoeneko, erdigunea pribatizatu eta esklusibo bilakatzen duelako nagusiki, eta dinamika horrek biztanleria kanporatu egiten duelako”. Haren ustez, biztanleriaren zahartzeari aurre egitea da Donostiaren beste erronketako bat, eta auzo desberdinen arteko oreka soziala lortzea ere bai. “Arrisku handia dago erdialdearen eta periferiaren arteko distantzia handitzeko, eta hori ez da konponduko metroarekin edo topoarekin; bestelako inbertsio sozialak egin beharko lirateke periferia xumeagoetan bizitza duinerako bitartekoak eta baldintzak egon daitezen”.
Hirien barne oreka mantentzeak eta hiri inklusiboa izateak onurak besterik ez du, soziologoaren ustez. “Desorekak handituta, igo egiten da zerbitzu publikoen kostua, eta hiriaren kudeaketa bera, konplikatu. Hiriaren barne oreka ezinbestekoa da iraunkorragoak, inklusiboagoak eta demokratikoagoak izateko, desorekak helburu horietatik aldendu besterik ez baikaitu egiten”.
Oraingoz, baina, ez du uste udala bide horretan lanean ari denik. “Apartamentu turistikoen kudeaketa bere gain hartu du, bai, baina esparru sozialeko egitasmo gutxi darabil eskuartean. Uste dut erdialdiaren eta periferiaren arteko desoreka ez dutela ikusten arazo gisa, hein batean periferia erdialdearen arazoak xurgatzen ari delako, etxebizitzaren esparruan batez ere. Horrek leundu egiten du gaur egungo egoera. Noiz arte baina?”.
Leave a Reply