Unai Zubeldia
Bosgarrenez jarraian Kontxako Bandera astintzen ari ziren irailaren 9an, eta, zuzendaritzaren jarrera gogor kritikatuta, ia denek taldea utziko zutela jakinarazi zuten bi hilabete eskas geroago, azaroaren erdialdean. “Mugak gainditu ditu zuzendaritzak, eta atzera-bueltarik gabea da erabakia”. Ez da giro Pasai Donibanen, azken bost urteotan besteak beste Euskotren liga eta Kontxako Bandera irabazi dituen taldea desegituratzeaz gain —Gipuzkoako eta Euskadiko Txapelketak ere irabazi dituzte aurten—, gizonezkoen traineruak ere maila galdu zuelako irailaren 16an, Portugaleten (Bizkaia). 2019an KAE 1 ligan ariko da gizonezkoen ontzia.
Krisi hotsek herria astinduta, San Juan Koxtapeko zuzendaritzak ezohiko batzarrera deitu zituen bazkideak, azalpenak emateko eta euren karguak bazkideen esku uzteko. Azaroaren 30ean egin zuten ezohiko batzar hori; 197 bazkide egon ziren ordezkatuta, 173k eman zuten botoa, eta 130ek babestu zuten zuzendaritza —28 ezezko, zortzi boto baliogabe eta zazpi abstentzio jaso zituzten—. Xabier Arraras buru dela, aurrera egitea erabaki du zuzendaritzak, eta, krisiak krisi, harrobiko arraunlariekin emakumeen taldea berregin dutela ere jakinarazi du presidenteak. “Hamazazpi arraunlari dauzkagu, eta ontzia uretaratzen saiatuko gara”.
Datorren urtean Euskotren ligan aritu beharko luke San Juanek, baina ikusteko dago klubean uretaratzeko erronkari aurre egin ahal izango dioten edo ez. Azken unean atzera egingo balute, Hondarribiak hartuko luke pasaitarren lekua. Izan ere, aurten Euskotren ligan aritu da Hondarribia, eta maila galdu zuen Donostiarrak traineruarekin izandako buruz burukoan. Aldaketarik ezean, ordea, 2019an San Juan, Orio, Donostia Arraun Lagunak eta Donostiarra ariko dira lehian Euskotren ligan.
Gizonezkoei dagokienez, lehen igandean epaileek Urdaibai zigortu ondoren, Hondarribiak irabazi zuen Kontxako Bandera, Zierbenari 90 ehuneneko aldea aterata. Hondarribiarentzat oparoa izan da urtea, Euskadiko Txapelketa ere irabazi zuelako uztailaren 31n, Lekeition, Urdaibairi hiru segundo aterata. Aurretik, Gipuzkoako Txapelketa ere irabazi zuen, uztailaren 11n. Eusko Label ligak soilik ihes egin dio aurten; Urdaibaik irabazi du.
Maiatzaren 12an, San Juango arraunlariek baino amaiera gozoagoa izan zuen Xabi Prieto Realeko kapitainak. Hamabost denboraldiren eta 532 partidaren ondoren, Leganesen aurka jokatu zuen etxeko azken partida (3-2), eta omenaldi hunkigarria jaso zuen amaieran, Carlos Martinez taldekidea ondoan zuela. “Nire ametsa ez zen futbol jokalaria izatea, Realeko jokalaria izatea baizik”. Apirilaren 11n jakinarazi zuen sasoi amaieran erretiroa hartuko zuela, eta ordukoak dira hitz horiek. Gorrizek, Larrañagak, Zamorak eta Arkonadak bakarrik jokatu zuten partida gehiago Realarekin —maiatzaren 20an jokatu zuen azken partida, Bartzelonan (1-0)—.
Gehienek nahiko luketen modukoa izan zen Xabi Prietoren agurra, baina Realaren urteak bestelakotik ere izan du aurten. Gorabehera askoren ondoren, klubak martxoaren 18an jakinarazi zuen Eusebio Sacristanek eta Lorenzo Juarros Loren-ek ez zutela jarraituko entrenatzaile eta kirol zuzendari karguan. Imanol Alguacilek ordezkatu zuen Eusebio liga amaitu bitartean, eta Asier Garitano iritsi zen udan. Denboraldiari ekin berritan, berriz, abuztuaren 29an, Imanol Agirretxe agertu zen kazetarien aurrera, lesioak tarteko erretiroa hartzea erabaki zuela jakinarazteko.
21.500 ikusle Anoetan
Bi aste geroago, irailaren 15ean jokatu zuen Realak Anoeta berriko lehen partida, Bartzelonaren aurka, eta 1-2 galdu zuen. Zaleek egun horretan ikusi ahal izan zuten lehen aldiz atletismo pistarik gabeko zelaia. Ondo bidean, 2019ko azarorako espero dute lanak bukatzea; alde horretatik, ELA sindikatuak gogor salatu du langileen eskubideak urratzen ari direla Anoeta berritzeko lanetan. Lanei ekin aurretik, berriz, 21.500 lagun elkartu ziren Anoetan Reala-Athletic Iberdrola ligako azken partida ikusteko. 1-4 nagusitu ziren zuri-gorriak.
Eibarri dagokionez, taldea Europarako lehian ibili ondoren, historian lehen aldiz hauteskundeak egin zituzten, ekainaren 1ean. Amaia Gorostiza, German Albistegi eta John Sager ziren hiru hautagaiak, eta Gorostiza aukeratu zuten akziodunek, alde handiz. Bost urteko aginteari ekin dio aurten. Horrez gain, akziodunek Eibarren kirol hiri berria non egin nahi duten erabaki zuten urrian, eta Areitioko aukera gailendu zen, nabarmen —kirol hiria Eibarren bertan, Azitainen eraikitzea zen beste aukera—.
2014ko ekainean profesionaletara jauzia egin zuenetik gertatu den moduan, pilota munduan gozotik gazitik baino gehiago izan du Jokin Altuna pilotariaren urteak. Lau eta Erdiko Txapelketako finala irabazi zuen 2017an, Bilboko Bizkaia pilotalekuan, Mikel Urrutikoetxea 21-22 mendean hartuta, eta buruz burukoan gailendu da aurten, maiatzaren 27an, Bizkaia pilotalekuan bertan, Olaizola II.ari 14-22 irabazita. Lesioak tarteko, urriaren 15ean zalantza askorekin ekin zion Lau eta Erdiko Txapelketari, baina final-laurdenetako lehen ligaxkan 22-12 hartu zuen mendean Olaizola II.a, eta Bengoetxea VI.ari irabazita sartu zen gero final handian (22-16). Ezkurdiaren aurka amore eman behar izan zuen, ordea (22-17). Binakako Txapelketan, berriz, txapeldunorde izan zen Rezusta, Elezkanorekin batera. Txapelketa dotorea egin ondoren, apirilaren 8an, finalean, 22-9 galdu zuten Ezkurdia eta Zabaletaren aurka, Bilbon.
Kirol urteak onetik zer izan duen aztertzen hasita, Super Amara Bera Bera eskubaloi taldeak derrigor behar du lekua hor. Maiatzaren 31n bosgarrenez irabazi zuen liga, azken jardunaldian Zuazo 24-28 mendean hartuta. Hiru hilabete geroago, donostiarrak zazpigarrenez gailendu ziren Espainiako Superkopako finalean; 17-25 irabazi zioten Gijoni. Txapeldunen Ligako atarikoan, Imanol Alvarezek zuzentzen duen taldeak amore eman behar izan zuen gero Bietigheim Alemaniako taldearen aurka (33-27). Europako lehiaketa nagusitik kanpo geldituta, Bera Berak Irungo Artaleku kiroldegian jokatuko du Craiovaren aurkako EHF kopako ligaxkako partida, urtarrilaren 12an.
Realak, belar hockeyan, liga
Bera Berak, neurri batean, aurreikuspenak bete zituen liga eta superkopa irabazita, baina Realak ezustea eman zuen belar hockeyan. Donostiarrak ozta-ozta sartu ziren titulurako kanporaketen lehian, baina, ekainaren 3an bikain arituta, penaltietan hartu zuten mendean Junior; ligako bederatzigarren titulua dute jada.
Saskibaloian ere ederra izan zen IDK Gipuzkoaren 2017-2018ko sasoia, eta titulurako kanporaketetan final-laurdenetan etsi behar izan zuen Mann-Filterren aurka; 22 urteren ondoren, abenduaren 16an Asobal kopako finala jokatu zuen Bidasoak, Bartzelonaren aurka —37-23 galdu zuen—; Julen Aginagaldek Europako Txapelketa irabazi zuen Espainiarekin; txirrindularitzan Julien Alaphilippek irabazi zuen Donostiako klasikoa; Ida Nilsson eta Remi Bonnetek Zegama-Aizkorri mendi maratoia; 75. urteurrena ospatu du Elgoibarko Juan Mugertza krosak… Gazitik eta gozotik bilduta, baina aurten ere bikain aritu dira Gipuzkoako kirolariak.
Leave a Reply