Danel Agirre
Ez nuke jakingo asmatzen noiz hasi zitzaidan etxepeko kioskoko emakume vietnamdarra erosten dudan Fritz-Kola bakoitzeko hogei xentimoko deskontua egiten. Brunnenstrassera iritsi berriak ere ez ginen izango. Egun batetik bestera, dagoeneko auzokidea nintzela erabaki, eta gaur arte aldatu ez duen prezio berria aplikatu zidan: 1,30 euro, bezero arruntentzat hozkailuan idatzita daukan 1,50ekoa baztertuta. Ez da huskeria. Hiru Fritz-Kola edaten ditut egunero, eta urteotan dirutza aurreztu dut, iragarri ere egin ez zidan bere erabakiagatik.
Gure arteko komunikazioa beti izan da bitxia, adjektibo hobearen faltan. Jaisten naizen bakoitzean, emakume vietnamdarrarekin berbetan egiteko borondate irmoaz zabaltzen dut kioskoko atea. Tribialeko galderaren batekin ekiten diot saiakerari, baina erantzun gabe uzten dizkit guztiak, keinu urduriarekin. Gure arteko tratuetara pasatzen naiz bizkor. Maniatiko amorratua naiz, eta lau Fritz-Kola hartzen dizkiot bisita bakoitzean, ez gehiago eta ez gutxiago. Botila laukotea mostradore gainean ipinitakoan bai, hor “Fünf Euro zwanzig” bat prest izaten du niretzat. Agurtzeko “Tschüss!“-a ere beste askori baino enfatikoago botatzen dit. Tarteka Haribo gominola zorro txikia uzten du opari bueltako txanponen alboan, txintik esan gabe.
Azukrerik gabeko Fritz-Kolak dira nireak, etiketa zurikoak. Kioskotik eskuratu izan ditut orain arte, alboko kaleko supermerkatuan ez zituztelako saltzen. Pasa den astera arte. Kaxa mordoxka ekarri dute orain, 99 zentimoan alea. Supermerkatua izanda, garesti oso 33 zentilitro ziztrineko freskagarri batentzat, esango didazu, baina Fritz-Kolaz ari gara. Kristalezko botilan: kolen sektoreko Dom Perignona da hori.
Imajinatuko zenuen honezkero. Atariko hiru paragrafo aldrebesak irentsarazi badizkizut, gaur ere pisuzko dilema moral batekin natorkizulako da, zuzenbide eske. Ez dakit 2019an nire bizioa etxepeko kioskoko emakume vietnamdarrarekin arintzen jarraitu ala supermerkatura aldatu. Dealer-a trukatuz gero, 31 zentimo aurreztuko nituzke Fritz-Kola bakoitzeko, 93 zentimo egunean. Urtean? 325 bat euro, Zarauzko aste parea kontuan izanda.
Progresistaren plantak eginez kioskoa aukera nezake, saltoki txikiak babestearren. Baina etxepeko emakume vietnamdarrak ez du, nik zer dakit ba, bidezko merkataritza sustatzen, ez du bertako nekazarien produktu ekologikorik dendan, multinazionalen tabakoa eta edariak baizik. Kioskoaren abantaila objektibo bakarra dirudiena ere ez dakit ankerkeria ez den. Supermerkatua igandeetan ixten dute. Bestondokoa baino Fritz-Kola garrantzitsuagorik ez dago, eta hor etxepeko emakume vietnamdarrak ez dit sekula hutsik egin. Berdin zaio astearte buruzuria edo jaiegun nazionala, 09:00etatik 23:00etara martxan du negozioa. Erosotasun horrexek eragiten dit damua: bere probetxurako bada ere (kioskoaren jabea da), astean ehun orduz biraka dabilen hamsterraren gurpilari bultzaka ari naiz.
Dagoeneko baduzu behar zenuen informazio guztia, eta zure aholkuaren zain geratzen naiz. Ohartarazpen bat bakarrik: badakit ezkutuan kalkuluak egiten ibili zarela, eta ez zara erratu, 2019an hilabete oso bateko diru sarrerak lagako ditut Fritz-Koletan: mila euro pasatxo. Eta badakit zer esango didazun. Kirten bat naizela, eta iturriko ura edateko. Baina argi, ez dizut eta nire bizitza konpontzeko eskatu. Dilema moralak bi irtenbide posible ditu, kioskoa ala supermerkatua. Aukeratu bat, edo zoaz etorri zaren bidetik.
Leave a Reply