Rebeka Calvo
Berez, ordenagailuaren edo sakelakoaren bidez irudi edo mezu erotikoak bidaltzea da sextinga. Ariketa hori oso egoera ezberdinetan egin daitekeela gogoratu du Jon Imanol Etxabe sexologo eta psikologoak (Usurbil, 1994), eta ez nerabeen edo gazteen artean bakarrik, nahiz eta nerabeen arteko sextingak sortzen duen kezkarik handiena. “Erabiltzaile profil asko daude, eta erabilpena edo helburua desberdina da erabiltzen den sare sozialaren arabera”. Izan ere, irudi edo mezu horiek zabaltzean datza sextingak, eta horietan, noski, sare sozialak dira jaun eta jabe. Ezagunena Whatsappa dela dio Etxabek, baina sextinga Dating app-etan dago zabalduago: “Hitzorduak lotzeko aplikazioek izaten dute sexting gehien. Hala ere, oso berria da mundu hori. Denbora gutxi da teknologia gure bizitzen parte dela, eta komunikatzeko tresna bezala gure egunerokotasunean oso presente badago ere, harago ere badoa; gure sexualitatearen barne ere badago teknologia”.
Etxabek azaldu duenez, sextinga bere horretan, berez, ez da arazoa, baina teknologia berriek harremanetan izan ditzaketen ondorioei adi egotea komeni da, despertsonalizatzea gerta daitekeelako. “Despertsonalizatu egiten da sakelakoak edo ordenagailuak ematen duen urruntze horrekin. Identitate birtuala erabili ohi da sare sozialen bidez beste pertsona batekin hitz egitean, zabaldu nahi den irudi horri jarraiki eraikitako identitatea. Sexting kasuetan oso erraza da bakoitza nolabaiteko erakusleiho horretara moldatzea. Identitate horretatik emozionalki urruntzea bermatzen du horrek; hau da, bakoitzaren nahiak identitate horren bidez betez gero, sentsazio ez horren positiboak, beldurrak, kontzientzia kontuak eta abar aldendu daitezke”. Erabiltzaileek aurrez aurre egiteko gai ez diren hori egin ahal izaten dute sare sozialetan babestuta. Eta ziberjazarpenari ematen dio bide horrek. “Hain zuzen ere, horretan dauka oinarria ziberbullying-ak, biktima jazartzeko anonimotasun moduko horretan, distantzia txiki hori erabiltzean”.
Intimitatea ulertzeko erak
Etxabek nabarmendu du hor dagoela ziberjazarpena, nerabeen artean batez ere, baina hori ez dela sextinga, arriskuetako bat dela hori, eta horren atzean belaunaldien artean intimitatea ulertzeko dauden kodeek dutela garrantzia. “Gaur egungo gizartean, lehen intimoa zena jada ez da hain intimoa. Facebooken sartuz gero, zuzenekoak egoten dira etengabe, edozer aurki daiteke hor: jendea gosaltzen, ikasten, parrandara atera aurretik prestatzen… Zein interes du horrek munduarentzat? Baina jendeak ikusten du, eta jendeak hor jartzen ditu gauza horiek”.
Etxabek gogoratu du lehen intimitatean gordetzen zirela momentu horiek. “Baina lau haizeetara zabaltzen ditugu orain, ez dira gordetzen hainbeste”. Horrek guztiak, zenbait kasutan, intimitate izateari utzi diola gaineratu du sexologoak. “Eta extimitatea da jada. Gazteen kasuan, ez dute bizi izan aurreko garai hori eta ez daukate hainbeste arazo gauzak partekatzeko. Extimitate hori bizi dute une oro, eta guretzat intimoa izan daitekeen hori, publikoa da eurentzat”.
Nerabeen gurasoak asko larritzen dira, euren intimitatearen kontzeptua ez delako seme-alaben berbera, eta hipersexualitatearen kontzeptua ere hor dagoelako. “10 eta 12 urte artekoen artean ere gertatzen da. Gazteen artean pornografia kontsumitzen da, eta 9-10 urtekoen artean ere badago kontsumoa; horrek eragina du gero”. Hirugarren ardatz bat ere aipatu du Etxabek: “Baimenik gabeko zabalkuntza eman daiteke. Hori da arazorik larriena”.
Belaunaldien arteko talka moduko hori badago, beraz, sexologoaren ustez, eta desadostasun horiek adosteko garrantzitsua dela uste du sexu heziketa egoki bat jasotzea. “Honetan guztian kode bateratu batzuk izateko heziketa bat beharko genuke, heziketa sexual egokia. Izan ere, batetik, heziketa sexual motza dugu, urriegia behar dugun guztirako, eta ugalketan oso zentralizatuta egoten da, edo, hobe esanda, ugalketa ez gertatzera, gaixotasunetara… Leku gutxi izaten dute autoezagutzak edo gauza berritzaileek, izan sextinga edo dena delako azken joerak”.
Etorkizuneko ondorioak
Zer egin dezakete, beraz, gurasoek? “Oso zaila da, zirkulu birtualak oso irekiak eta zabalduak diren arren, oso zaila baita seme-alaben zirkuluan sartzea eta zertan dabilen jakitea”. Gazteen autonomiaren aldekoa da sexologoa, dena den. “Baina zer egin? Hitz egin, argi dago, eta informazioa eman. Eta informazioa eman ahal izateko gurasoek ere informazioa jaso behar dute. Zaila da errealitate fisikotik harago dagoen zerbait kontrolatzea”.
Extimitatearen zabalkunde horretan kokatu du adituak kutsu erotikoa duten irudi edo mezuak zabaltzearena, eta horrek etorkizunean ondorioak izango dituela ere esan du. “Argi dago gorputzaren exibizionismoari garrantzia kendu diogula eta beste pertsona batzuekin birtualki hitz egiteari edo argazki jakinak partekatzeari garrantzi gutxi ematen diogula gaur egun”. Horrek zer ekarriko du? “Zaila da jakitea, baina despertsonalizazioa ekarri du jada, eta, beharbada, modu birtualean egiten den hori errealitatean egiteko arazoak sor ditzake”.
Leave a Reply