Beñat Alberdi
Oraindik ere, taberna askotako eztabaida izaten da ea A edo B den hobea: iPhone edo Samsung? Hondartza edo mendia? Garagardoa, San Miguel edo Estrella Galicia?… Askotan, eztabaida are gehiago pizten da tartean edaria egonez gero eta gaia kirola izanez gero: bere garaian, Olaizola edo Irujo? Reala edo Athletic? Korrika egitera joan edo pisuak altxatu?… Aurten 60 urte beteko dira horrelako eztabaida batek frontoian bukatu zuenetik. Oñatin. Eztabaidak, 1959ko maiatzaren 1ean, parez pare jarri zituen Eufrasio Belategi eta Manolo Arregi, Olabarrieta landa auzokoa bata eta kaletarra bestea. Lepo bete zuten frontoia.
Istorio asko hasten dira tabernaren bueltan, baina denak ez dira amaitzen hain ondo. Ordu txikiek ez dute laguntzen sarri. Bi zentzutan berotzen dira ahoak: kolpeka amaitu arte edo handiak botata eta apustu giroan hasita. Duela 60 urte bigarrenetik gehiago izan zuen Oñatikoak.
“Gure auzoko askok kalekoa zeukaten bikotekidea. Etxera lagundu eta gero, Torre tabernan elkartzen ginen auzoetakoak eta kalekoak”, azaldu du Bernabe Belategik, Eufrasio Belategi apustua egin zuen bi pilotarietako baten anaiak. Edalontzia eskuetan zutela, “aldiro” errepikatzen zen eztabaida: Arregi kaletarra edo Belategi Olabarrieta auzokoa, pilotari hobea zein ote zen. “Apustua egin beharra zegoela adostu genuen, azkenean”.
Oñatiko landa auzo bat da Olabarrieta. Egun, bidegorria egin dute hara iristeko, baina, erritmoa gorabehera, ordubete behintzat behar da herriko plazatik hara oinez iristeko. Duela 60 urte, ordea, egoera ez zen berdina: “Gu ez ginen jaisten kalera. Ikasi ere, auzoko eskolan ikasten genuen”, argitu du Belategik. Hortik sortutakoa da kaleko-auzoko dikotomia, bere ondorio guztiekin. “Baserrikoak baino bigunagoak ziren kalekumeak; hori bai, gu baino argiagoak askotan”. Pilotan jarduteko ere, eragin zuzena zeukan kalean edo auzoan bizitzeak. Izan ere, gaur egun bezala, garai batean ere frontoia zegoen Oñatiko Foruen plazaren aldamenean; auzoan, berriz, ez zegoen frontoirik. Mezatara herrira jaisten ziren unea baliatzen zuten tartetxo batean behintzat pilotan aritzeko. “Aguazila etortzen zitzaigun mezatara bidaltzeko”.
Iritsi zen 1959ko maiatzaren 1a ere, eta erantzuna ez zen izan nolanahikoa: lepo bete zen plaza ondoko frontoia. “Inoiz ez nuen ikusi hain beteta”, nabarmendu du pilotariaren anaiak. “Partida onak jokatzen zituzten Corpus egunean, baina ez zen inguratzen hainbeste jende”.
Garai hartan ez zegoen smartphone-rik, eta telefonoak ere gutxi batzuk egongo ziren, egotekotan. Ahoz aho zabaldu zen desafioaren kontua. Oñatitik kanpora ere iritsi zen berria, eta jende asko joan zen inguruko herrietatik.
Partida hastearekin batera, kaletarrek argi erakutsi zuten argiagoak izaten zekitela; argiagoak izaten, edo tranpa txikiak egiten. Bi eztabaidak astindu zuten jokoa: pilotarenak eta txaparenak.
“Arregiren kuadrillakoek pilota bat zeukaten gordeta poltsikoan”, zehaztu du Belategik. “Tanto batean haiengana hurbildu zenean eman zioten”. Itxura denez, kaletarrak ez zeuden konforme saskian zeuden pilotekin, eta Belategiren ahulgunea aprobetxatzeko edo Arregiren indarra baliatzeko aldatu zuten pilota. Aldaketaz ohartuta, ikusleetako batek saskiko pilota bat erabiltzera behartu zituen. “Nik orduan ez nekien pilota batetik bestera hainbesteko alderik zegoenik”.
21-13kotik 21-19kora
Belategi 21-13 aurretik zela iritsi zen hurrengo eztabaida. Pilotarekin txapa jo zuen Arregik. “Atzealdean nengoen ni, eta ez nuen entzun”, onartu du Olabarrietakoak. “Entzun zutela esaten zuten aurrekoek”. Hasieran, amaitutzat eman zuten partida, baina epaileek ontzat jo zuten tantoa (21-14). Belategik nabarmendu du Arregiren kuadrillakoek epailearengana jo zutela tantoa ontzat eman zezan, eta, azkenean, amore eman zuen epaileak. Tentsioa sortu zen ikusleen artean. Izan ere, dirua jokoan zuten askok. “Kolperik ez zen izan, baina bultzakadak-eta bai”.
Aurrera jarraitu zuen pilota partidak, eta 15. tantoa ere lortu zuen Arregik. 16.a segidan, 17.a… 21-19 ere jarri ziren. “Tentsio handia zegoen jokoan, eta 22-19 amaitu zen azkenean. Auskalo zer gertatuko zen Arregik emaitza irauli izan balu”. Desafioa handia zen pilotarientzat, baina bestela bizi izan zuten kuadrillakoek, ingurukoek eta lagunek. 10.000 pezeta jokatu zituzten guztira —60 euro—. Garai hartarako, ez da nolanahiko kopurua. “Bakoitzak pilotariarengan zeukan konfiantza edo zeukan diru kopurua kontuan hartuta jokatu zuen dirua. Hogei duro jokatu nituen nik, ehun pezeta [0,6 euro]”.
Arregik, gerora, ez zuen biderik egin pilotan; ez, behintzat, puntako lehian. Bestelakoa da Belategiren kasua. Espainiako Txapelketan parte hartu zuen afizionatu mailan. “Leonera, Madrilera eta Zaragozara joaten zen partidak jokatzera”, argitu du anaiak. Garai hartako pilotariek zale asko mugitzen zutela azpimarratu du Belategik. Txapelketa hartan parte hartu bakarrik ez, txapela ere eskuratu zuen Belategik. “Baina albiste hura ez zen asko zabaldu auzoan”.
Leave a Reply