Julene Frantzesena
GIPUZKOA BATETIK BESTERA
. Hamabi auzok eta herriguneak osatzen dute Aia, Gipuzkoa iparraldeko herria. Berezitasunak baditu: hiru biztanletik bi inguruko auzoetan bizi dira. 2016ko udal aurrekontuak onartzeko esperoan, eskolaren eraikin berria dute jomugan.
Aian, hiru herritarretik bat bizi da herrigunean, eta, gainerakoak, kaskotik aparteko auzoetan. Santio (266 herritar), Andatza (257), Olaskoegia (188), Arratola (130), Elkano (113), Iruretaegia (102), Arrutiegia (95), Urdaneta (71), Laurgain (69), Kurpidea (64), Etxetaballa (33) eta Altzola (13). Auzo horiek guztiek eta herriguneak osatzen dute Aia. Herritar gehien herrigunean bizi da (652), baina askoz ere jende gehiago bizi da Aiako auzoetan. Udalak 2014aren bukaeran kaleratutako azken biztanleria datuen arabera, aiarren %31,8 soilik bizi dira herrigunean. Eta, kaskoan halako bi pasatxo , auzoetan.
Urteen joan-etorrian aldaketa nabarmenak izan ditu Aiak, populazioari dagokionez. Datuotan ikus daitekeenez, 2014aren hondarrean 2.053 herritar zituen; 2001ean baino 443 herritar gehiago, eta 1860an baino 476 gutxiago. Hainbeste auzoko herria izanik, udalak auzotarrei “erraztasunak” ematen dizkiela esan du Aiako alkate Nekane Arrizabalagak: “Herri handia ematen du, auzoak oso sakabanatuta daudelako, baina bizilagunak erraz jar daitezke udalarekin harremanetan”.
Aia osatzen duten hamabi auzoetako eta herriguneko biztanleek hainbat aukera dituzte udalarekin harremanetan jartzeko: “Arazoren bat dutenean-eta telefonoz deitzen dute udaletxera, eta horrela bideratzen ditugu haiek egindako eskaerak”. Auzoetako mantentzeaz udal brigada arduratzen da: “Brigadako langileak auzoetara joaten dira, jendeak eskaerak-eta egiten dizkiete, eta mantentze lanak ere eurek egiten dituzte”.
Arrizabalagaren aburuz, auzoetako bilerak ere badira herritarrak eta udala harremanetan jartzeko bide: “Aurreko udal gobernuaren lanari jarraipena emango diogu. Auzo bakoitzean bilerak egingo ditugu urtean behin edo bitan, printzipioz. Baina behar den aldiro ere egingo ditugu batzarrak. Izan ere, beharrak sor daitezke auzoetan, eta sortuko balira, horiei aterabidea emateko ere bilduko gara. Udalaren asmoa da auzoetara joatea, auzotarrekin hitz egitea eta bilerak antolatzea, elkarren berri izan dezagun”.
Auzoen ekarpenak
“Askotan proiektu anbiziotsuak herrigunerako egiten ditugu, gure indarrak hor jartzen ditugu, baina auzoetako bizilagunekin ez dugu ahaztu nahi”, dio Arrizabalagak. “Hor daude, eta gogoratzen gara. Saiatzen gara haiei ere laguntzen eta euren beharrei erantzuna ematen. Badirudi gauza guztiak herrigunean egiten ditugula, baina auzoak ere oso garrantzitsuak dira guretzat”.
Auzoetatik ere ekarpenak jasotzen dituztela esan du Aiako alkateak: “Batzuek ekarpen txikiak egiten dituzte, baina oso garrantzitsuak dira auzoarentzat eta herritar horientzat. Ez du zertan denontzat izugarrizko ekarpena izan”.
Eskola berria
Aiako Udalak oraindik ez ditu onartu 2016ko aurrekontuak. Alkateak adierazi duenez, horretan dabiltza: “Ezin dut 2016rako proiekturik aurreratu, denon artean hartu beharreko erabakiak direlako eta horretan gabiltzalako orain buru-belarri”. Dena den, herriarentzat eta herritarrentzat oso garrantzitsua den proiektu bat badute esku artean: Lardizabal Herri Eskolaren eraikin berria.
2013an hasi zen Aiako Udala eskolaren eraikinaren proiektua diseinatzen. Proiektua garatzerakoan bidelagun izan zituzten eskolako irakasleen ekarpenak eta Guraso Elkartearen iritzia. 2015eko urtarrileko udalbatzarrean onartu zuen eskola berria egiteko proiektua udalak, aho batez. Lanak joan den martxoan hasi zituzten, eta lehen fasea amaitzear da. Aiako alkateak azaldu duenez, eskola berria aurrera ateratzea da euren erronka nagusia; “oso garrantzitsua” baita herriarentzat.
Aiako eskolak Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako 145 ikasle inguru ditu gaur egun, baina txiki geratu zaie eskolaren eraikina. “Jangela oso txikia geratu da; Lehen Hezkuntzako ikasleak nola edo hala moldatzen dira eraikin zaharrean, baina horri buelta eman beharra dago. Eraikina amaitzen ari dira, aurrera doaz lanak, eta pixkanaka osatuko da eskola aurrerantzean. Ea 2016an aurrerantzean den eta 2017rako martxan dugun. Izan ere, nabarmena izango da aldaketa”.
Aiako haurrek, Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza egiten dituztenean, Zarautzera joan behar izaten dute eskolekin jarraitzera.
Berrikuntzak Ibarrolan
Gipuzkoako Foru Aldundiak, bere aldetik, Aiako Ibarrola finkako haragitarako behiak hobetzeko testatze zentroa berrituko du. Zentroa eraberrituko dute, eta, besteak beste, limousin eta blonda arrazetako behiak testatzeko erabiltzen den gunea handitu egingo dute. Hori dela eta, abereak gordetzeko eremu berria, simaurtegia eta berrehun lagun sartzeko moduko enkanteetarako aretoa ere egingo dituzte. Lan horiek guztiak eginda, lau arraza nagusitako 400 abere hazitzaile lortuko dituzte urtean.
Ekonomia Sustapen, Landa Garapen eta Lurralde Oreka departamentuak adierazi duenez, lehen sektorearentzat eta ganaduzaleentzat “aukera eta erronka” da halako proiektu bat garatzea. Testatze zentroa berritzeko eta handitzeko, 619.808 euroko inbertsioa egingo du aldundiak.
Leave a Reply