Eider Goenaga Lizaso
Ibilgailuaren Azterketa Teknikoa (IAT) pasatu behar duten ibilgailuen jabeei ohartarazpen argi bat egin die Alfonso Artolak: ibiltzeko garaiz, eta ez uzteko ibilgailuaren azterketa azken unera arte. Arrazoi argi bat dago horren atzean, Gipuzkoan, IAT azterketa egiten duten zentroetan, ordua ez dute ematen berehalakoan. Irungoan ez dago ordurik martxoaren 20ra arte; Urnietan, berriz, martxoaren 26rako ari dira ordua ematen.
TÜV Rheinland enpresako Gipuzkoa eta Nafarroako estazioetako zuzendaria da Alfonso Artola. Gipuzkoako hiru IAT estazioetako bi kudeatzen ditu Alemaniako enpresak (Urnieta eta Irun), eta Nafarroan, berriz, Iruñea, Doneztebe eta Arbizukoak. Euren estazioetan “hilabete inguruko atzerapenarekin” dabiltzala aitortu du Artolak. “Baina, gehiago edo gutxiago, denok gabiltza berdin. Denok egin behar izan ditugulako egokitzapenak Espainiako Gobernuaren azken errege dekretura egokitzeko”. Itasua enpresak kudeatzen du Gipuzkoako hirugarren IAT estazioa, Bergarakoa, eta han otsailaren 27rako ari dira ematen ordua.
Baina, zergatik halako atzerapenak? Artolak hainbat arrazoi aipatu ditu horretarako, eta horietako bat ibilgailu parkearen zahartzea dela dio. “Ibilgailu parkea ez da asko hazi azken hamar urteetan; %5 haziko zen, hor nonbait. Baina ibilgailu parkea zahartzen ari da, eta horrek zuzenean eragiten digu guri”. Turismoen kasuan, lau urtetik gorakoek bi urtetik behin pasatu behar izaten dute, eta hamar urtetik gorakoek, berriz, urtero; taxi, autobus eta abarrek, urtero egin behar izaten dute azterketa. 2017an 219.538 autok pasatu zuten IAT azterketa, Gipuzkoako hiru estazioetan; eta IATa igarotzera Nafarroara joaten direnak gehitu behar zaizkio horri, han ez delako behar aurrez hartutako ordurik.
8-12 minututik, 15-20ra
Ibilgailuen zahartze hori dela eta, azken urteotan IATak lanez lepo dabiltzala azaldu du Artolak. Baina horrek ez ditu bere horretan azaltzen udaz geroztik izaten ari diren atzerapenak. “Europako azken zuzentaraua eta zuzentarau horretara egokitzeko Espainiako Gobernuaren 920/2017 errege dekretua; horixe da atzerapenaren arrazoia”, dio Artolak. Izan ere, zailtasun apartekorik gabeko azterketa bat egiteko lehen 8-12 minutu behar baziren, orain 15-20 minutu behar dituzte. “Inoiz izan dugun aldaketarik gogorrenetakoa izan da hau; egokitzen ari gara, eta bai enpresarentzat eta bai langileentzat gogorra ari da izaten egokitzea”.
Artolaren arabera, Europako araudiak azterketa zorrotzagoa ezarri zuen ibilgailuentzat, gasen emisioari dagokionean, batik bat. Baina ez da hori atzerapenen arrazoi nagusia. “Espainiako Gobernuak hainbat puntu gehiago sartu ditu zuzentarau horretara egokitzeko errege dekretuan, eta hor dago atzerapenaren gakoa. Izan ere, egiaztatzeko betebeharra jaso du Industria Ministerioak, eta urtean zehar Eusko Jaurlaritzak egiten dizkigun hiru auditoriez gain, beste bat pasatu behar dugu orain, Espainiako Egiaztatze Erakundearen aldetik. Eta oso zorrotza da auditoria hori”.
Artolaren arabera, laster pasatuko dute auditoria Urnietako eta Irungo estazioek, eta horretarako prestatzen ari dira azaroaz geroztik. “Kontua da azterketaren emaitza guztiak informatizatzea eskatzen duela auditoria honek. Lehen, informatizatuta zegoen makinek egiten zutena, baina aztertzaile bakoitzak gero paperean jasotzen zituen azterketan ikusten zituenak. TÜV Rheinlanden estazioetan tabletarekin egin dugu informatizazio hori, langile bakoitzak tabletean jasotzen ditu ikuskatzen dituen guztiak, bai eskuz egindakoak eta bai mekanikoak. Eta kontuan izan, azterketa bakoitzean ibilgailu baten 500-600 puntu ikuskatzen direla; beraz, hor dago atzerapenaren gakoa”.
Langileak lan egiteko beste modu bat ikasten ari direla argitu du Artolak, eta, batzuei gehiago besteei gutxiago, denei ari zaiela kostatzen egokitzea. “Prozesu bat da hau, eta beste estazio batzuetan pasatu dena ikusita, ziur nago hemen ere lortuko dugula denborak hobetzea. Beste batzuk lehenago hasi ziren, guk azaroan jarri genuen martxan, eta ari gara hobetzen. Baina ez dugu lortuko lehengo denboretara itzultzerik, eta arazoak jarraitu egingo du”.
Aldaketak atzerapena ekarriko zuela jakitun, Artolak dio TÜV Rheinlandek %15 handitu zuela aztertzaileen lantaldea. “32 aztertzaile zeuden lehen, eta 37 dira orain. Baina ez da nahikoa, argi dago; denbora bikoiztu egin da, eta bost langile gehiago ez dira nahikoa bezeroei zerbitzua bermatzeko”. Orain arte, langile berrien kontratazioa enpresa kudeatzaileen kontura egin dela gaineratu du Artolak, baina argi du arazoari konponbidea Eusko Jaurlaritzarekin batera bilatu beharko zaiola.
Izan ere, IAT zerbitzua Eusko Jaurlaritzaren kontzesio bidez kudeatzen dute enpresek, eta aldaketaren ondorioak ere negoziatu beharko direla dio Artolak. “Oraindik ez gara hasi, baina egin beharrekoen artean dago Eusko Jaurlaritzarekin hitz egitea eta negoziatzea”. Kontzesioaren baldintzak aldatu beharko direla uste du aurrera begira zerbitzu ona ematen jarraitu behar bada. “Nik argi dut: Gipuzkoan, eta baita Araban eta Bizkaian ere, IAT estazio gehiago beharko dira eskariari erantzuteko. Gureari dagokionean, hor dago beste azterketa lerro bat jartzearena ere; epeak murrizten lagunduko luke horrek, baina inbertsio handia eskatzen du”.
Erabiltzaileak, estu
Astelehenean, eguerdian, ilara ari zen sortzen Irungo IAT estazioan. Artolaren arabera, aurretiazko orduekin ez da ohikoa atzerapen handiak sortzea, orduak ere egokitu egin dituztelako azterketa denbora berrietara. “Ez dakit nola egin duten, baina nik 12:00etan nuen ordua, eta 12:20 dira jada. Eta ikusten duzu…”, dio Jon Alkain hondarribiarrak, auto ilarei begira. Hiru ilaratan daude autoak, eta bere ilaran bosgarrena da Alkainen autoa. “Duela hiru aste eskatu nuen ordua, eta lasai ibili naiz, aitaginarrebarena delako, eta berak ez duelako behar. Baina, nire autoari duela bi hilabete pasatu nion, eta larri ibili nintzen, baimena iraungi ostekoa zelako ematen zidaten eguna”.
Halako egoerak gertatzen direnean egiaztagiri moduko bat eman beharko luketela uste du Martin Muñoz lasartearrak. “Ordua hartzen duzunean agiriren bat eman beharko luketela uste dut. Alegia, hilabete bat itxaron behar baduzu IATrako ordua izan arte, baimen bat eman dezatela, ibilgailu horrek ordua baduela esaten duena, eta tarte horretan zirkulatzeko baimena emango diona. Beraiena da ordua atzeratzearen ardura; beraz, jar dezatela konponbidea ere”. Carmen Fernandez donostiarrak ere neurriak eskatu ditu. “Beraiena da ardura. Ez dakit, hartu dezatela jende gehiago lanerako. Bada hilabete bat ordua eskatu nuela, eta oso estu ibili naiz. Lehen, Irungo IAT estazioan, ordua emateko asko jota egun pare bat itxaron behar izaten genuen, eta hilabete bat gehiegizkoa da”.
Leave a Reply