Jon Miranda
Irakurtzeko eta eztabaida sortzeko jaio da Pitzatu, Gazte Botereaz Euskal Herria eraikitzen liburua, eta “ekintzarako bide” ere izan nahiko luke, “gazte boterea indartu eta Euskal Herria eraikitzeko”. Ernai gazte antolakundearen eta GITE Gizarte Ikerketarako Talde Eragilearen ekimenez, azken bizpahiru urteotan gazte mugimenduetan izan diren hausnarketen sintesia bildu nahi izan dute liburuan, eta momentuko argazkia atera ere bai, aurrera begira euskal gazteriak eragiteko gaitasuna berreskura dezan. Iratxe Delgado Arribas Ernaiko bozeramailearen hitzetan, gazte mugimenduak badu indarra errealitatea eraldatzeko, “baina ekintza batasun bat eraiki behar dugu gazte botere hori artikulatzeko”.
Liburuan jasotakoak ez du izan nahi proposamen itxi bat. “Gazte mugimenduaren estrategia eraldatzaile berriak oinarri izan ditzakeen elementu batzuk aztertu ditugu”. Alde horretatik, Delgadok uste du mugimendua “birpentsatze prozesu batean” murgilduta dagoela: “Desegin egin da aurreko fase politikoan zuen nortasun indartsua, testuingurua ere aldatu egin delako, neurri handi batean”.
Ernaiko kideak azpimarratu du gazte mugimenduek modu intuitiboan erantzun izan diotela “gehienetan” paradigma aldaketa horri. Delgadok gaineratu du “krisiak eta berregituratze neoliberal guztiek” prekaritatea eta militante izateko eta parte hartzeko oinarrien aldaketa eragin dituztela. “Duela hamar urte baino denbora gutxiago dugu gazteok; gehiago mugitzen gara, eta azalekoagoak dira komunitatearekiko loturak”. Nola eman buelta, ordea, egoera horri? “Eskubide sozial eta politikoen galera horiek ikusirik, uste dugu ehun komunitario bat eskain dezaketela gazte mugimenduek, segurtasun eremu bat”.
Euskal Herriko egoera politiko berriak ere izan du eraginik gazte mugimenduetan, eta ezker abertzalean izan diren aldaketek ere izan dute eraginik gazte horien izaeran eta jarduteko moduan. Hala ere, Ernaiko kidearen esanetan, “balio handia” du Euskal Herrian gazteriak militantziarako duen kulturak. “Modu kualitatiboan eta kuantitatiboan, oso leku gutxitan dago hemen adina aukera politikan aritzeko”. Gaur egun, gaztetxeen mugimenduan, talde feministetan edo prekaritatearen aurkako sareetan dabiltza gazte militanteak; espazio askotan, alegia. “Garrantzitsua da norberak bere militantzia eremua izatea, borrokan sakontzeko aukera ematen duelako, eta hori delako boterea sortzeko modua”. Botereak “errotuta egotea” eskatzen duela gaineratu du Delgadok. “Baina maila makroan eragin nahi badugu, komeni da estrategia bateratu bat edukitzea; elkar aitortzea eta ekintza batasun bat edukitzea bai, behintzat”.
Lau atal nagusi eta bi ariketa bildu dituzte liburuan, eta heldu boterea izena jarri dioten hori definitzen saiatu dira. “Botere zapaltzailearen armiarma sare gisa irudikatu dugu. Ez da belaunaldien arteko talka soilik: guk errealitatea plano orokorrago batean kokatzen dugu, eta botere konfigurazio jakin horretaz hitz egiten dugu; gazteak sisteman integratzera garamatza horrek, eta, bide batez, sistema hori bera erreproduzitzera”.
Ernaiko kideek helduen botereari kontrajarrita ikusten dute gazteena. Gazte boterea nola egituratuta dagoen eta zein ardatzen gainean eraikitzen den aztertu dute liburuan. Gazte mugimenduak bizi ereduetan nola eragin behar duen hausnartzeaz gain, ideologikoki zer ideia transmititu behar dituen, eta zer alternatiba plazaratu eta nolako parte hartze ereduak bultzatu behar dituen ere jaso dute. “Eskema bat egiten saiatu gara gazte boterea nola egituratu behar dugun zehazteko, baina ulertzen dugu askotariko gazte mugimenduak daudela. Eztabaida hori sortzeko oinarria izan daiteke lan hau”.
Udako Ikastaroak, mugarri
Ernai eta GITEren helburua ez da hausnarketa ixtea, mugarri bat jartzea baizik. Alde horretatik, duela bi urte UEUn Udako Ikastaroetan egin zuten lan saioa “inflexio puntutzat” hartu du Delgadok, eta, bide horretan, GITErekin egindako elkarlana azpimarratu du: “Herri eta gizarte mugimenduei azpiegitura eskaintzen die GITEk, eta, norberaren esperientziatik abiatuta, lankidetzarako zubi bat bazegoela ikusi genuen”.
GITEren webgunean bertan eskura daiteke liburua, eta salgai jartzen ari dira herriz herri egiten ari diren aurkezpenetan ere. Dozena bat saio egin dituzte dagoeneko; Gipuzkoan, oraingoz Donostiako Kijera gaztetxean eta Anoetako gaztetxean eman dituzte azalpenak. “Batzuetan, sakonagoak izaten dira eztabaidak, eta beste batzuetan, aurkezpena bakarrik egiten dugu; baina ekarpen guztiak dira egokiak”.
Eliezer Markovitx Lissitzki El Lissitzki SESB garaiko artistaren irudi bat aukeratu dute lanaren azala ilustratzeko. Hiruki gorri bat ageri da zuriune batean sartzen. “Epika pixka bat ematen dio gaiari, hori ere beharrezkoa baita askotan. Metafora gisa balio du koadroak, gazte mugimenduak betetzen duen funtzioa irudikatzeko”. Delgadoren esanetan, “pitzatu” egiten dute gazte mugimenduek. “Eta pertsona kontzienteak sortzen dituzte, bizi osorako militanteak, beste mundu ikuskera bat dutenak. Horrekin, akaso, orain ez gara ari iraultza egiten, baina arrakala horiek bilatzea ezinbestekoa da iraultza egiteko. Gaurtik hasi behar dugu lanean; bestela, ez dugu sekula apurtuko zuriunea”. Ernaik eta GITEk eginiko liburua gazteentzako gonbit bat da: “Denbora hartu, irakurri, murtxikatu, eztabaidatu, entzun, hitz egin, eta, batez ere, ekiteko”.
Leave a Reply