Donostia
Beldurrezko zinemaren zalea izan edo ez, genero horretara hurbiltzeko aukera paregabea eskaintzen du Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaldiak; eta aurten hortzak erakutsiz dator, gainera. Izan ere, Francis Ford Coppolaren Bram Stoker’s Dracula filma hartu dute zinemaldiaren kartela diseinatzeko, eta banpiroak izango dira protagonista, halaber, azaroaren 7a bitartean Okendo kultur etxean ikusgai izango den erakusketan (Banpiroen errege).
Hala, izuari hortzak erakutsi, eta bihartik azaroaren 3ra bitarte prestatutako hamaika ekitaldietako batean parte hartzera deitu dute antolatzaileek. Zinema izango da, hala ere, ekitaldien ardatz nagusia. Batetik, lehiaketara aurkeztutako film luze eta laburrak izango dira ikusgai; baina, horiez gain, Phenomena On Tour atalaren barnean, “oinarrizkoak diren bi film mitiko” eskainiko dituzte (Labirinth eta Ghostbusters); Universal ekoizpen etxearen mendeurrena aitzakia hartuta, berriz, The incredible Shrinking Man, Jaws eta Back to the Future filmak emango dituzte, euskarazko azpidatziekin; eta Draculari buruzko zikloan, pertsonaiari buruzko beste hiru pelikula pantailaratuko dituzte.
Erakusketak izango dira zinemaldiaren beste ardatza. Banpiroen errege izenekoaz aparte, Santiago Lorenzoren Jostailu-denda (udal liburutegia), Santiago Valenzuelaren Euskadi Fantastikoa VIII (Principe zinema aretoak) eta Luis eta Romulo Royoren Malefic Time-Apocalypse (Fnac) erakusketak izango dira ikusgai.
Beldurrezko Asteari hasiera emateko, berriz, Nekrobira antolatu dute. Bihar 19:00etan abiatuko da, Bulebarrean, eta handik aterako da kalejira. Aurretik, baina, mozorrotu eta kalejirarako prestatzeko aukera izango da, makillaje eta mozorro tailerrak egingo baitituzte 15:30ean. Banpiroz edo zonbiz mozorrotuko dira horietan, ondo girotutako kalejiran parte hartzeko.