Irritxoak hesiaren beste aldetik

Urri hasieran, hamar eguneko umetxo bat Aranjuezko espetxera eraman zuten, amarekin batera. Bost urteko espetxe zigorra jarri zioten iaz Anabel Prietori, eta hiru urte falta zitzaizkion zigorra osorik betetzeko. Espetxeratzea atzeratzea lortu zuen, haurdun zegoelako, baina joan den hilabete hasieran, erditu eta hamar egunera, atxilotu eta espetxeratu egin zuten. Eta bere herritik ia 500 kilometrora eraman. Amaren sabeletik atera eta mundura egokitzeko tarterik ere izan gabe, umetxoak ehunka kilometro egin eta leku arrotz eta hotz hura hartu behar izan du bizileku.

Anabel Prieto ez da, ordea, umea espetxean daukan euskal preso bakarra. Beste bost emakume —eta haur— daude kasu berean. Eta gurasoak preso edo erbestean dauzkaten neska-mutilak, berriz, dozenaka dira. Hain zuzen ere, haiek gogoratu eta elkartasuna adierazteko xedearekin antolatu dute igande honetan, Errenterian, Irritxoen Eguna. Landare elkarteak antolatu du jaialdia, eta “inoiz haurrentzat antolatu den egunik handiena” izatea nahi dute.

Irritxoen Eguna antolatzen duten hirugarren aldia da. Inoiz ez, ordea, halako dimentsioarekin. Aurreko biak Hernanin (2008) eta Tolosan (2011)egin zituzten, baina jaialdiek beste formatu bat izan zuten. Barruan egindako jaialdiak izan ziren. Igandekoak, berriz, zortzi gune izango ditu, eta Kilometroak, Nafarroa Oinez eta halako egunen antza handiagoa izango du. Ezberdintasun batekin: ekitaldi guzti-guztiak hamabi urtetik beherako umeentzat izango dira.

Egitarau oparoa

Irrien Lagunen Klubeko kideak lehen gunean egongo dira, Koldo Mitxelena plazan, puzgarri, jolas tailer eta abarrekin batera. Bigarren gunea Foru plazan egongo da, eta euskarazko joko elektronikoekin jolasteko eta Txan eta Eriz magoak ikusteko aukera izango da bertan. Hirugarren gunean, Merkatuzarrekoan, herri bazkaria egingo dute; eta laugarren gunean, puzgarriak, ohe elastikoak, pista amerikarra eta haurrentzako dantzaldia izango dira. Helduagoentzako ere gune egokia izango da, txosna eta talogileak egongo baitira bertan.

Bosgarren gunea Madalen plazan izango da; seigarrena, berriz, Niessen plazan, eta haietan antzerkia izango da. Zazpigarren gunea, Herriko Plazakoa, ausartenentzako egokitutako gunea izango da; eskalada, boulder-a eta tirolina izango dituzte, besteak beste.

Eta zortzigarren gunean, Pirritx, Porrotx eta Mari Mototsen ikuskizuna izango da eguneko ekitaldi bakarra. Galtzarabordako kiroldegian eskainiko du ikuskizuna hirukoak, eta berariaz Irritxoen Egunerako prestatutako ikuskizuna izango da. Ez dute beste inon errepikatuko. Gainera, Olentzero ere bertan egongo da, umeen gutunak jasotzen hasteko. Emanaldi bakar hori ikusi nahi duenak sarrera erosi beharko du.

Informazio gehiago bildu eta sarrerak erosteko, jo webgune hauetara:

www.irritxoeneguna.info

www.barrabarra.eu