Ariane Vierbücher
Emakumeak zaintzaren eta etxeko lanen esparruari lotuta irudikatu izan dira iraganean. Horrela kontatu nahi izan dute historia, eta arrazoietan sakondu beharko litzateke hura aldatzeko. Lan hori ez da bat-batekoa izango, baina zenbaitek heldu diote iraganeko emakumeen benetako errealitatea ezagutzeko gonbitari; izan ere, emakume haiek, zerbait izan baziren, lan esparru oso desberdinetako langileak izan ziren.
Beatriz Gallegok (Logroño, Espainia, 1977) Ordizia izan du ardatz lanketa horretarako, eta gaur aurkeztuko du bere lana, Barrena kultur etxean, 19:00etan. Victor Mendizabal beka baliatuta, Emakumeak eta lana Ordizian (1880-1980): genero ikuspegi bat lana osatu du. Historiako lizentzia du espainiarrak, baita Gizarte eta Kultur Antropologiakoa ere; gainera, genero ikerkuntzan masterra eginda dauka. Ondare ez-materiala kudeatzen aritzen da lanean, eta aspalditik zerabilen buruan emakumeek lan munduan bete duten tokia ikertzea. Interneten bilaketak egiten ari zela, Victor Mendizabal bekari buruzko informazioarekin egin zuen topo, “kasualitatez”. Azalpenei segika proiektua prestatu, bidali, eta hala lortu zuen lana garatzeko diru laguntza.
Ordiziako emakumeek industria arloan izan zuten tokia aztertzeaz gain, gehiago sakondu nahi izan du lanaldi bikoitza egiten zuten emakumeen inguruan: “Etxean eta etxetik kanpo lan egiten zuten emakumeen egunerokoa ezagutu nahi izan dut, transmisio ariketa bat egiteko”.
Ikerketa lanaren helburu nagusia da “XIX. mendearen amaieratik XX. mendearen amaierara arte Ordizian emakume langileek izandako funtzioa aldarrikatzea”. Industrializazio prozesuan, emakumeen presentzia handia zen Ordiziako bertako eta Goierriko enpresa batzuetan; Orklin, Biloren eta Cuchillerias Goenagan, besteak beste. Eta, industria esparru jakin batzuetan bezala, beste sektore batzuetan ere handia zen emakumeen presentzia: “Merkataritzan eta ostalaritzan, adibidez. Horrez gain, lehen sektorean ere lan handia egin zuten emakumeek, noski; eta horren adibide da Ordiziako azoka”. Hori guztia kontuan hartuta, “herriaren garapen ekonomiko eta sozialari egindako ekarpena ikusgai jartzea” izan da ikerketa lanaren xedea.
Gallegok, alde batetik, bibliografia eta dokumentazioaren azterketa baliatu ditu metodologia gisa, baina ahoz ahoko iturriak erabili ditu gehienbat. “Hain zuzen ere, niretzat hori izan da aberasgarriena”. Hasiera-hasieratik bidea “asko” erraztu diotela aitortu du Gallegok. Iñaki Hidalgo udaleko kultur teknikariak emandako hainbat kontakturekin harremanetan jarrita egin zituen lehenengo elkarrizketak. Ordiziako Kimetz emakumeen elkartea, D’elikatuz zentroa eta merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu elkartea izan ziren lehenengo iturriak. Hari horiei tiraka, bizipenen testigantzak biltzen hasi zen poliki-poliki.
Bi atal nagusi
Ikerketa bi atal nagusitan dago banatua. Lehenengo zatian, hainbat alorren garapen historikoa egin du Gallegok, eta horiek emakumeen lan esparruan izan zuten eragina aztertu du. Hezkuntza, legedia eta sektore ekonomikoa ikertu ditu, besteak beste. XIX. mendearen bigarren erdia, XX. mendearen lehen herena eta 36ko gerraren eta trantsizio garaiaren hasiera banatu ditu liburuan. “Garai bakoitzeko ezaugarri zehatzen behaketa errazteko egin nuen zatiketa hori”. Erroldak, lan estatistikak, Hezkuntza Sailaren txostenak, industria erregistroak eta argazkiak baliatu ditu horretarako.
Bigarren atalean, berriz, bildutako eduki asko indartzen saiatu da, ahozko iturriak ardatz hartuta. Izan ere, emakumeen zuzeneko testigantza ugari dago zati horretan. “Emakumeek eurek eraiki dute kontakizuna”, zehaztu du Gallegok. Elkarrizketatuak aurreko belaunaldien ahots izan daitezen nahi du ikertzaileak, “haien bizipenak gaur egunera ekartzeko eta ez daudenen ahotsak berreskuratzeko”. Azpimarratu du emakumeen lana eta lorpenak “isilarazi” egin dituztela urte askoan. “Eta, horregatik, haien memoria gal ez dadin egin dut lan”. Hirugarren atal bat ere badu liburuak: “Jarrerarekin eta pentsamoldeekin zerikusia duten zeharkako gaiak biltzen ditut bertan”.
Gallegoren hitzetan, ikerketak argi utzi du Ordiziako emakumeek, “betidanik egokitu izan zaizkien zaintza eta etxeko edo baserriko lanez gain, sektore eta esparru oso desberdinetako lanak” egin zituztela. Haietako askok etxetik kanpo lan egin zuten, tokian tokiko industrietan, eta beste zenbaitek itzalean mantendu diren beste hainbat lan egin zituzten, “ehungintzan edo jostun gisa, esaterako”. Garai hartako emakume langileei “merezi duten tokia ematea eta haiek bizi izandakoa ikusaraztea” izan da Gallegoren erronka.
Leave a Reply