Parekotasuna eta errespetua joko zelai

Parekotasuna eta errespetua joko zelai

Ikerne Zarate

Iaz “arrakastatsua” izan zen, eta aurten “landuagoa eta zabalagoa” izango dela azpimarratu dute Xabi Calvok, Jon Bautista campusaren arduradunak, eta Mikel Azkunek, Touringeko zuzendaritzako kideak. Bigarrenez, Jon Bautista campusa antolatuko du aurten Errenteriako Touring kirol elkarteak. Calvok nabarmendu du iaz antolatzeko “oso tarte txikia” izan zutela. “Zuzendaritza aldaketa izan zen apirilean, eta astebeteko campusa antolatu genuen. Oso emaitza ona izan zuen, eta berriz ere antolatzea erabaki dugu aurten”. Futbol udalekua izango da; futbola izango da ekintzen ardatza, baina haurrek ondo pasatzeko gune gisa planteatu dute udalekua. “Kirola eginez, lagunartean eta giro onean disfrutatzeko gune bihurtu nahi dugu campusa”.

Iraupenean izango da lehen aldaketa, ekainaren 24tik uztailaren 19ra egingo baitute aurtengo campusa. Hala nahi dutenek, beraz, lau asteko udalekua izango dute eskura. Campusaren arduradunak gaineratu du “gurasoen eskaera” izan dela lau astekoa antolatzeko arrazoia. “Hainbat ekintza dibertigarri” egingo dituzte hilabeteko epean, eta, gehiegi zehaztu nahi izan ez badu ere, horietako biri aipamen berezia egin die Calvok, “seguru” egingo dituztelako: “Zubietara joatea izango da horietako bat, eta Bautistak berak Fanderiara egingo duen bisita bestea”.

Campusaren balioei heldu die Azkunek, eta klubarentzat “ezinbestekoak” diren hainbat oinarri aipatu ditu: “Guretzat oinarrizkoa da giza balioak sustatzea, eta gure ardura da, besteak beste, elkarlana, errespetua eta talde dinamika sustatzea, baita materialaren eta azpiegituraren errespetua bultzatzea ere”.

Duela urtebete Touringen zuzendaritzara heldu zirenetik, jomugan daukate parekotasunaren gaia ere: “Campus asko daude gaur egun, baina neska-mutilentzat antolatzen dugu guk. Kasu askotan, mutilek bakarrik izaten dute aukera. Elkarrekin ariko dira gurean, eta berdintasuna oinarri hartuta egingo dituzte ekintza guztiak”.

Parte hartzaileen moduan begiraleak ere mutilak zein neskak direla azpimarratu du zuzendaritzako kideak. Calvok erantsi du hala izan dadin saiatzen direla. “Baina mutil gehiago animatzen da normalean. Ez dakigu zergatik, baina kosta egiten zaigu neskak aurkitzea. Iaz, esaterako, bost begiraleetatik bakarra izan zen neska. Aurten, berriz, pare bat gehiago izango ditugu, eta berdindu egingo da kopurua”.

Euskararena da campusaren beste lan ildoa, eta, beste biei bezala, garrantzi handia eman diote arlo horri ere. “Lan handia dago egiteko oraindik, baina horretan ari gara, eta iaztik asko egin dugu hobera”. Azkunek erantsi du campusa “euskara normalizatzeko tresna” izatea nahi dutela, “Touringek ere baduelako ardura horretan, eta modu aktiboan eragitea dagokigulako”. Zuzendaritzako kideak badaki Touring kirol elkarteak ardura handia duela haurren heziketan. “Ondo dago transmititzea garrantzitsua dela ahalegintzea eta lehiatzea, baina ez gauza guztien gainetik. Helburua kirola egitea da, taldean aritzea, besteak errespetatzea eta ondo pasatzea. Haurrek eta gazteek egunero sentimendu hori izatea nahi dugu”. Egun, 8 eta 18 urte arteko 450 haur eta gazte ari dira futbolean Touringen.

Campusa 8 eta 13 urte arteko haurrentzat da. Hirurogei lagunek hartu zuten parte iaz, eta kopuru hori gainditzea espero dute aurten. Zabalik dago izena emateko epea, eta adin tarte bakoitza betetzea da baldintza; izena emateko orria eta argibide guztiak www.touringke.com webgunean daude. Datu guztiak bete eta gero, orria klubaren bulegora eraman beharko da —Morrongilleta kalean dago—, astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 12:00etara. Izena emateko, mezu elektroniko bat ere bidal daiteke helbide honetara: touringke@gmail.com.

Urtebete elkartea gidatzen

Kirol elkartearen “gainbeheraz” kezkatuta, hainbat herritarrek Touring Berria plataforma sortu zuten duela urtebete, eta, gainerako bideek huts egin eta gero, aurreko zuzendaritzari zentsura mozioa aurkeztu, eta kargura heldu ziren. Gaur egun, Touringek hamazazpi talde federatu ditu: nesken bost eta mutilen hamabi; eta bazkidetzak ia bikoiztu egin dira urtebetean. “Laurehun baino gehiago dauzkagu”.

Touringen izena hauspotzea da erronketako bat, azken urteotan ahulduta egon baita. “Pixkanaka aldatzen ari dela ematen du, urte askoan harmailetan egon ez diren batzuk itzuli egin baitira taldeak animatzera”. Klubaren beste erronketako bat da harrobiko jokalarien erreferenteak herriko talde nagusietako jokalariak izatea. “Eta hori ere lortzen ari gara pixkanaka”, aitortu du Azkunek. “Lan asko daukagu egiteko, baina ari gara. Orain dela urtebete arte zegoen nukleo itxi hura zabaltzea eta taldea herriratzea lortu dugu. Jendeak ikus dezala edonor etor daitekeela; bai jokatzera, bai ikustera”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.