Aitziber Arzallus
Azpeitia da Euskal Herriko 10.000 biztanletik gorako herririk euskaldunena. Han, euskaraz egiten dute haur, gazte eta zahar gehienek. Euskaraz egiten dute kalean eta etxean, ikastetxeetan eta lantegietan. Askok hika egiten dute, gainera. Baina mutilei eta mutilen artean gehiago, neskei eta nesken artean baino. Toka gehiago, noka baino. “Noka galzorian dago, eta ez da kasualitatea emakumeen arteko komunikazio modua izatea galtzen ari dena”, Ione de la Cruz Azpeitiko Emakumeen Txokoko dinamizatzailearen esanetan. “Horregatik, iruditu zitzaigun hitanoaren eta, batez ere, nokaren inguruko jardunaldiak antolatzea baliagarria izan zitekeela elkarri indarra emateko eta nokaren erabilera sustatzeko”.
Biharko antolatu dituzte Hitanoa, emakumeak ahalduntzeko tresna jardunaldiak. Goizean, 11:30ean, Eli Pagolak eta Onintza Legorburuk euren esperientzien berri emango dute Garbiñe Bereziartuak gidatutako mahai inguruan. Arratsalderako, berriz, nokadromoa antolatu dute. Emakumeen Txokoan izango dira bi jarduerak. Edonork har dezake parte goizekoan; arratsaldekoan, berriz, emakumeek bakarrik.
Maite Salegi eta Izaskun Goenaga azpeitiarren ekimenez antolatu dituzte biharko jardunaldiak. “Konturatuta geunden 40 urteren bueltan gabiltzan emakumeon artean batzuek bakarrik egiten dugula noka; alegia, joera orokorra ez dela noka egitea”. Salegiren hitzetan, badira noka egiten duten kuadrillak, baita egiten ez dutenak ere. “Baina badira pare bat lagunek noka egiten duten kuadrillak, baina gainontzekoek egiten ez dutenak. Gu baino zaharragoen artean, emakume gehiagok hitz egiten dute noka; aldiz, gazteagoen artean, gutxiagok”.
Kontu horrekin arduratuta zeudela azaldu du Salegik. “Eta guk zer ekarpen egin genezakeen pentsatzen hasi ginen, zer egin genezakeen egoera horri buelta emateko eta herrian noka egiteko joera indartzeko. Beste leku batzuetan mintzodromoak egiten dituzten gisa berean, herrian nokadromoa antola genezakeela bururatu zitzaigun”.
Iazko ikasturtearen bukaera aldera Emakumeen Txokora joan ziren proposamenarekin, eta ideia ona iruditu zitzaien hango kideei. Urri aldera hasi ziren ideiari itxura ematen. “Garai hartan, hitanoari buruzko ikerketa han eta hemen aurkezten ari ziren Garbiñe Bereziartua eta haren lankidea. Hasieran, Garbiñeri berari proposatu genion hitanoaren, eta, bereziki, nokaren egoeraren azalpena emateko, baina oso jakina zela eta, nokaren erabilerara soilik mugatzea erabaki genuen azkenerako, zuzenean emakumeekin lotzen delako”, adierazi du De la Cruzek. Bereziartuak gidatuko du bihar goizeko mahai ingurua, eta ez dira mugatuko nokaren Azpeitiko egoerara. “Onintza Legorburu antzuolarrak eta Eli Pagola hernaniarrak parte hartuko dute mahai inguruan, eta hainbat esparrutan nokarekin izan dituzten esperientziak kontatuko dituzte”.
Legorburuk hitanoa etxean entzun duen arren, duela hiru urtera arte ez zuen erabiltzen, zuka hitz egiten zuelako. Hainbat galdera sortu zitzaizkion orduan. Herrian 50-60 urtetik gorako jende askok hika egiten duen arren, gazteen artean egoera bestelakoa dela konturatu zen. Mutilek euren artean toka egiten dutela, baina neskek euren artean, ez. Mutilek kalean ikasi dutela, eta neskak, hitanoa etxean jaso arren, zuka ari direla. Hortik abiatuta, nokak Antzuolan duen egoera aztertu du, eta, bere esperientzia pertsonalaz gain, ikerketa horretatik atera dituen ondorioak azalduko ditu biharko mahai inguruan.
Pagola, berriz, 18 urterekin hasi zen hika hitz egiten —24 urte ditu orain—, ordura arte entzuna baino ez zuen hizkeran. Kontzientzia feministatik eusten dio hikari, eta, batez ere, nokari. Bertsolaria ere bada Pagola, eta lagunartean hika aritzeaz gain, bertsolariekin ere hizkuntza ohiturak aldatzen ari da. Hark ere bere bizitzako bi esparru horietan nokarekin izan duen esperientziaren berri emango du biharko mahai inguruan. Saioa bukatzeko, noka indartzeak duen garrantziaren inguruan egiten duten hausnarketak plazaratuko dituzte biek ala biek.
Arratsalde parterako, berriz, nokadromoa antolatu dute: emakumeak nokaz aritzeko gunea. Emakumeen Txokoko dinamizatzaileak azaldu du hainbat jarduera prestatu dituztela horretarako; elkarrizketa bideratuak eta jolasak, esaterako. “Alde batetik ikusten genuen hitanoaren erabilera Azpeitian, beste herri gehienetan bezala, tokara mugatzen dela bereziki: nagusiki mutilek erabiltzen dutela elkarren artean hitz egiteko eta mutil asko neskei ere toka zuzentzen zaizkiela, eta ez noka. Beraz, noka piztu eta berreskuratzeko, haren erabilera eta transmisioa sustatuko duen espazio bat izango da nokadromoa”.
Noka, ahalduntzeko tresna
Ahalegina baliagarria izango dela uste du De la Cruzek. “Jardunaldien izenari erreferentzia eginda, noka uler daiteke emakumeak elkartzen dituen eta batzen dituen hitz egiteko modu bat bezala ere, ahalduntzeko erabil dezakegun tresnatzat. Horregatik, aukera eta aitzakia egokia izan liteke hainbat adinetako emakumeak mahai beraren inguruan elkartzeko eta sareak sortzeko”. Iritzi berekoa da Salegi ere. “Asko kostatzen zaigu hainbat belaunalditako emakumeak gune berean biltzea, eta nokadromoa aukera aproposa izan daiteke guztiok elkartzeko eta esperientziak partekatzeko”. Horregatik, parte hartzeko deia egin diete herriko emakumeei.
Leave a Reply