Eider Goenaga Lizaso
Atzo arratsaldean hasi zen 21. Korrika Garesen (Nafarroa), eta astelehenean egingo du lehen sartu-irtena Gipuzkoan. Lapurditik helduko da, Hendaiatik, gauerdia pasatuta, eta Nafarroa alderantz joko du, Behobiatik 02:00etan igaro eta gero. Horixe besterik ez, Korrikak bi ordu bakarrik egingo ditu Gipuzkoan astelehenean. “Izan ere, Behe Bidasoko eskualdea aurten Ipar Euskal Herriko ibilbidean txertatuta dago”, azaldu du Mattin Sorzabalberek. Behe Bidasoan Korrikaren koordinazio lanaz arduratzen da Sorzabalbere 7. Korrikaz geroztik, 1991tik. “Baten batean huts egin dut, halere”. Hendaia, Hondarribia eta Irun hartzen ditu Behe Bidasoa eskualdeak. “Eta inoiz Bortziriak ere gure eskualdeko agenda kulturalaren barruan sartu dira”. Euskaltegiak Hendaian eta Irunen ditu AEK-k; Hondarribian ez dago euskaltegirik.
Gipuzkoan, beste bi sartu-irten ere egingo ditu Korrikak: apirilaren 12an Mutrikutik sartu eta 13an Eibartik aterako da (33 ordu egingo ditu lurraldean); eta apirilaren 14an, Debagoienean ibiliko da bi orduz. Arrasate, Aretxabaleta, Eskoriatza eta Leintz Gatzaga zeharkatu ostean hartuko du Korrikak Gasteizerako bidea, eta zazpi orduren buruan amaituko da, 2.560 kilometro eginda.
Hainbat eta hainbat lan eskatzen du, baina, bi orduko sartu-irten batek: neurketak egin, kilometroak eta petoak saldu, Korrikalagunak egin, publizitatea lortu, giroa berotu… Horretan buru-belarri dabil Sorzabelbere egunotan. Ez da AEK-ko irakaslea. Aritu zen bere garaian eskolak ematen, baina beste lanbide bat du orain; halere, bi urtez behin Korrikarekin du konpromisoa. Neurketekin azaro-abenduetan hasi zirela dio. Lapurdi eta Gipuzkoa arteko muga hor dagoen arren, eta horrek bi administrazioren arteko muga ere zedarritzen duen arren, beraiek “muga administratiboak ahaztuta” lan egiten saiatzen direla azaldu du Sorzabalberek, eta “ahalik eta modurik naturalenean” egiten dutela hori.
21. Korrikak, astelehenean, hiru orduko tartean, AEK-k presentzia duen hiru administrazio eremuak zeharkatuko ditu —EAE, Nafarroa eta Iparraldea—, baina euren lanari dagokionez horrek ez duela eraginik dio Sorzabalberek. “Korrikako Nazio Batzordea arduratzen da segurtasunaz eta polizia ezberdinekin aritzeaz”.
Aspaldiko kontuez oroitzen hasi da, ordea. Eta segurtasunari dagokionez zenbat aurreratu den nabarmendu du. “Ertzaintza bai, aspaldiko urteetan arduratu izan da hiritik kanpoko errepideetako segurtasunaz. Baina, behin Nafarroara sartzen ginenean, beste txapelgorriek ez zuten ezer jakin nahi izaten. Gure kargu gelditzen zen segurtasuna. Eta Ipar Euskal Herrian ere modu bitxian ibiltzen ginen, walkie-talkiekin, motoekin eta nahiko zailtasunekin”. Korrikaren antolaketa AEKren egoerarekin alderatu du: “Erraztasun gehiagorekin Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, zailtasun gehiagorekin Nafarroan, eta zer esanik ez Iparraldean”.
Santiago zubia
AEK-k eta Korrikak muga gainditzeko egiten duten lana eta ahalegina goraipatu du Sorzabalberek behin eta berriro; eta Lapurdi eta Gipuzkoa arteko mugak, Korrikari dagokionez, garai batean pisu gehiago zuela dio. “Gogoratzen dut hasierako urteetan, muga igaro behar genuela eta deialdia zabaltzen genuela, ahalik eta jende gehiena etor zedin, Santiago zubia ahalik eta jende gehienaren babesaz zeharkatzeko. Muga fisiko armatu ikaragarria zegoen urte haietan, eta kaka eginda egoten ginen; zer gertatuko da? Horregatik deialdia”.
Aldaketaren seinale, Santiago zubia ikur bihurtu da orain. Badira urteak eskualdetik kanpoko herritarrek zubia zeharkatzen duen kilometroa eskatzen dutela, “sinbologiagatik-edo”. Normalki, ez diote erantzuten eskakizun horri, eta eskualdeko jendeak egiten du kilometroa. Duela bi urte, ordea, ezberdina izan zen.
Sorzabalberek aipaturiko “sinbologia” tarteko, 20. Korrikan kilometro berezia osatu zuten Santiago zubiaren inguruan. Elkartasunaren kilometroa irudikatu zuten euskalgintzako eragileek eta instituzioetako ordezkariek. Instituzioetatik, esate baterako, han ziren Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko kontseilaria, Mathieu Berge EEP Euskararen Erakunde Publikoko presidentea eta Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia; Arabako eta Bizkaiko diputazioetako ordezkariak ere baziren. Kontseiluko zuzendaritza osoa elkartu zen euskalgintzaren ordezkari gisara, Paul Bilbao idazkari nagusia buru —BERRIA Taldeko arduradunak ere joan ziren—.
“Gauza berezia izan zen guretzat”, dio Sorzabalberek: “Kontent eta harro egoteko modukoa da. Baina, konpromisoen garaia datorrela esan zuten orduan, eta, bueno, hori ikusiko dugu horrela den eta zertan gelditzen den”.
“Mugarik ez”, oihuka
Korrikak urteekin izan duen beste aldaketa handi bat euskararen lasterketa laguntzen joaten diren furgonetetan ikusten du Sorzabalberek. “Lehen ere joaten ziren furgonetak, baina lasterketak zuen protagonismoa; lekukoa zeramana eta korrikalariak ziren protagonistak. Gaur egun, ez dut esango protagonista ez direnik, baina izugarri handitu da Korrikaren azpiegitura. Soinu sistema handi bat eramaten dugu, gauez argiak ere bai, musika eta animazioa furgonetatik…”.
Korrika antolatzen hainbeste urtez aritu denez, “ia denetik” ikusi du Sorzabalberek. “Gertatu izan zaigu, adibidez, lasterketa hemendik igarotzea ordu aldaketarekin batera, eta hori ere hartu behar da kontuan. Muga kontuekin jarraituz, berriz, beste behin gertatu zen, gu polikiago joateko ahaleginean-edo, poliziak eskuak elkarri lotuta jarri zirela, eta, Korrika gainera etortzen zitzaiela ikustean, askatu egin behar izan zutela. Jendea ‘Mugarik ez!’ oihuka, eta ia aurretik eraman genituen; betirako gelditzen den oroitzapena da hori, sekulakoa izan zen”. Korrikaren erdibidea euren eskualdean ere tokatu izan zaie. “Korrikaren erdira iristen direnean, furgonetetakoek ospatu egiten dute, txanpainarekin-eta, eta elkarrekin ospatu genuen urte batean”.
Korrika bizitzea gustatzen zaio Sorzabalbereri, baina azkenera arte ez du jakiten lanak noraino gozatzen uzten dion. “Agian bai, joan izan naiz irteerara. Baina, lanarekin gabiltzan moduan… Eskandalu bat da hau, eta oraindik ez dakit joango naizen”, erantzun zuen, asteartean, Garesen Korrikaren irteeran egongo ote zen galdetuta.
Leave a Reply