Maite Alustiza
Lau kultur etxe zituen duela 25 urteko Donostiak. Haien bueltan biltzen ziren antzerkiaren eta bestelako diziplinen inguruko sortzaile eta ikusleak. Okendon (Gros), Larrotxenen (Intxaurrondo), Casaresen (Altza) eta Loiolan bazen mugimendua, baina, barrukoei ez ezik, kanpokoei ere erakutsi nahi zieten egiten ari zirena: “Kultur etxe edo antzokietara ez zihoan jendea erakarri nahi genuen; haiengana hurbildu, beste modu batera”. Horretarako, emanaldiak espazio horietatik atera zituzten, Jon Aizpurua Donostia Kulturako Kultur Ekintzako arduradunak gogoratu duenez. Lau kultur etxeak elkartu, eta jaialdi bat antolatu zuten 1991n: Poltsiko Antzerkiaren Jaialdia.
Aurten 25. aldia izango du jaiak, eta, ostegunetik otsailaren 27ra arte, formatu txiki eta ertaineko 30 ikuskizun baino gehiago eskainiko dituzte hiriko 28 gunetan. “Antzerki jaialdia da, baina ez antzerkiarena bakarrik, barietateena baizik. Hor daude magia, musika…”. Kultur etxeetan ez ezik, hainbat taberna eta aretotan ere izango dira saioak. Ikuskizun guztiak doakoak dira.
Lau kultur etxetan hasi zena hiri guztira zabaldu da egun: “Guretzat garrantzitsua da jaialdia auzoetan banatzea. Zortzi kultur etxetara iristen da orain, baita kultur etxerik ez dagoen auzoetara ere, eta erdigunera ere berdin”. Lehen urteetan baino aukera gehiago dituzte orain eskaintza prestatzerakoan ere: “Hasi ginenean zailagoa zen horrelako gauzak tabernetara eta abarretara eramatea, eta zer esanik ez euskarazko antzezlanak; zaila ez, zaila baino zailagoa zen. Arazoak izaten genituen euskarazko emanaldiak lortzeko”. Euskararen eta gazteleraren presentzia “orekatua” izango da aurten.
Euskarazkoei bultzada
Euskaraz eginiko saioak bultzatzeko asmoz, Poltsiko Antzerkiaren Sorkuntza sortu zuten duela sei urte. Euskarazko formatu txikiko antzerki sorkuntza eta ekoizpena bultzatzeko programa da, eta epaimahaiak aukeratzen duen lanak diru laguntza bat jasotzen du antzezlana garatzeko. Aurreko urteetan talde mordoa aurkezten zela eta, aurtengo aldian aldaketa bat egin dute: lehen, saridun bat bakarrik izaten zen; eta, aurten, bi izan dira, sariduna eta finalista. “Pena zen aurkezten zizkiguten proiektu batzuk bazterrean geratzea, eta, gure aukera ekonomikoak ikusita, bi sari ematea erabaki genuen”. Lehen saria Nomofobikak taldearen Sarean kateatuak antzezlanak jaso du; bigarren saria, berriz, Bazen Behin Clown taldearen Sexijentziak askatuz lanak.
Berdintasun irizpideak ere garrantzitsutzat ditu antolakuntzak; hori horrela, programatutako proposamenetan emakumezkoen presentzia %60 ingurukoa izango da aurten. “Udaleko berdintasun planaren baitan dago berdintasuna bultzatzea, baina ez bakarrik antzerki munduan, baita musika munduan eta bestelako alorretan ere. Jendeak ikus dezala mundu honetan denetatik dagoela, ez daudela gizonezkoak bakarrik, emakumezkoek ere gauzak egiten dituztela”.
25. urteurrena festa batekin ospatuko dute jaialdiaren azken egunean. Otsailaren 27an, Dabadaba aretoan elkartuko dira, 23:00etan: “Ez da ohiko emanaldi bat izango”. Parte hartzaileen artean daude, besteak beste, Maribel Salas, Ane Gabarain, Yogurinha Borova, The Chanclettes eta Dj 2ttor. “25 urte ez dira segituan pasatzen, urte asko dira horrelako jaialdi bat antolatzen, eta jende guztiarekin ospatu nahi izan dugu; ez bakarrik gure artean, baizik eta taldeekin, ikusleekin…”.
Leave a Reply